Urteko 25. igandea A (2020-09-20)

Lurjabe aluaren parabola (Mt 20.1-16)

Gaztelaniazkoaren OHARRA: Gaztelania aberasten duten irain-termino askotatik, «cabrón» terminoa da Bibliatik (Ezekiel) hartua den bakarra. Ondorioz, ez bedi eskandalizatu inor nik hemen erabiltzeaz; halere, ez da beharrezko gehitzea: «Jainkoaren Hitza». [Itzultzaile honek, «alu» irain-hitza erabili du].

Ikasleen formazio-aldian, Mateoren ebanjelioak dakarrenez, ematen du, Jesus gustura sentitzen dela bere ideiekin ikasleak nahasirik ikustean: ezkontzaz, haurren garrantziaz, aberastasunez mintzo delarik. Baina nahasmenduaren gailur-punta, ordea, parabola honekin jo du, egindako lanari emandako ordainketaz ari dela.

Lurjabe bat da protagonista; langile asko alokatzeko ahalbidea du. Ez da landa-produktuez gozatzera emana den tipo bat. Egunsentian jada jaikita dago, eta herriko plazan dabil garaiko ohiko soldataz langileak alokatzen: denario banaz. Eta beste hirutan ere itzuliko da herriko plazara, goizeko 9etan, 12etan, arratsaldeko 5etan beretan, langile bila. Hauei ez die esan zenbat ordainduko dien. Baina soldata bera emango die. Zerbait da!

Orain arte dena ondo doa. Jabe aberats bat, bere lursailaz arduratsu, egun osoan guztiz azti landak ahalik gehien eman dezan. Sumatzen zaio alderdi baikorrago eta gizartekoiago bat ere: kezkatzeko arazoa du langabezia, eguna bukatzean etxera zer emanik ez duen jenderik izatea.

Baina alde horretatik hain duina den pertsonaia honek, azkenean jokabide alua agertu du. Arratsean, ordaintzeko orduan, administratzaileari agindu dio, ez hasteko lehen ordukoengandik, baizik eta azkenekoengandik. Azken hauek harridura ageri dute, ordu bateko lanagatik, denario bana hartu dutenean; gainerakoek, goizeko seietakoek partikularki, amestu dute soldata askoz altuagoa hartuko dutela. Baina, haserre bizian, soldata bera jaso dute. Logikoa da protesta egin izana.

Zergatik ez zen hasi jabea lehen ordukoei ordaintzen, alde egin zezaten utziz, ondoren besteei ordaintzeko, zer ordaintzen zien inork jakin gabe? Zergatik eragin nahi izan zuen protesta? Ba, eskandalurik eta haserrerik gabe, ez genuelako jasoko parabolaren irakaspena.

Alua ala ona?

Lehen orduko langileek, zuzenbidearen mailan planteatu dute arazoa. Lurjabeak, aldiz, onberatasunaren aldetik planteatu du. Ez du egin inolako zuzengabekeriarik, hitzartua ordaindu du. Azken ordukoei gauza bera ordaindu badie, onberatasunez egin du, dakielako, beharrezkoa dutela denario bat bizitzeko, haietako asko alfer eta arduragabe izan arren.

Zein dira seietakoak eta zein arratsaldeko bostetakoak?
a goizeko se
Mateoren kristau-elkartean, judaismotik eta mundu paganotik etorriek osatua zen hartan, Jainkoak batzuk eta besteak modu berean sarituko zituela esateak harrotuko zuen aski nahasmendurik, bai batzuen bai besteen artean. Juduek goragoko jotzen zuten beren burua maila erlijiosoan: aspaldiko mendeetakoa zuten Jainkoarekiko beren konpromisoa, Moisesen garaikoa, gutxienez; itunaren zigilua zeramaten beren haragian, erdainkuntza; beteak zituzten Jaunaren aginduak eta erabakiak; ez zioten huts egin sinagogari larunbat bakar batean ere. Nolatan ordaintzen al zien modu berean paganoei, konbertitu berriei, bizitzako zatirik handiena Jainkoaz eta lagun hurkoaz arduratu gabe bizi izan zuten hauei? Daniel profetaren hitz batzuk hartuz, nolatan egiten ahal zuten distira geroko zeru-ortzian paganoek juduek bezala? Planteamendu honetan, ulertzekoa da lurjabeak (Jainkoak) aurpegiratzen dien hau: zuen arazoa ez da zuzentasuna, baizik inbidia, gogaikarri duzue ni on izatea.

Mateoren garaitik hogei mende igaro dira; aurreko interpretazio horrek ez du jada gaurkotasunik, eta beste hauekin ordezka genitzake judu horiek: haurtzarotik Jainkoaren nahia bete, igande batean ere meza huts egin ez, pilula antisorgailurik ere hartu ez eta jakin duten kristauekin, ezen Jainkoak beraiek bezala sarituko dituela eliza hiletetan eta ezteietan bakarrik zapaltzen dutenak eta Elizaren morala komeni zaien bezala hartzen dutenak. Kristau horietako askori irudituko zaio hori zuzengabekeria handia dela. Baina Jainkoak ez ditu gauzak horrela hartzen, merezi duten bezala saritu nahi ditu. Gainerakoei gauza bera opa badie, ez da ari zuzenaren izenean, baizik eta ontasunaren izenean.

Haserretze hori ez ote da hipokriten jarrera?

Norbaitek Jainkoaren jarrera horren aurka haserre jarraitzen badu, hipokrita ala zozoa den galdetu beharko lioke bere buruari. Hondo-hondoan, haserre dena, goizeko seietatik lanean ari dela uste duelako da, den-dena ondo egin duela uste duelako, Jainkoagandik sari handiagoa merezi duela uste duelako. Baina bere bizitzari patxadan erreparatzen badio, konturatuko da, egia esateko, goizeko hamaiketan hasi dela bera lanean, eta atsedeteari eman izan diola langileburuak ez duela ikusten uste izan duenean. Aditzaile onari hitz gutxi.

Aitzitik, bere bizitzan fruitu gutxi eman duela uste duena, une askotan behar bezala ez duela jokatu eta arratsaldeko 5etan hasi izan dela lanean uste duena, animaturik sentituko da parabola honekin.

Arratsaldeko bostak

Har lezake norbaitek aurreko hori guztia honela: «Jainkoa ona da eta zergatik ez eman lasai eta oparo bizitzeari?» Arratsaldeko bostetan, ordu baterako besterik ez bada ere, lanera joateko parabolako gonbita, arreta-deia da. Arazoa ez da alferrontzi jarraitzea, arduragabe. Beti izan ohi da aukerarik, lurjabeari laguntza eskaintzeko.

Hauxe da lehen irakurgaiaren leloa, Isaiasengandik (55,6-9) hartua, zeinek hizkuntza askoz zorrotzagoa baitarabil. Ez da mintzo langabeez, baizik eta gaiztoez eta gaizkileez. Halere, Jaunagana bihurtzeko erregutzen die, «gupidatuko zaiela», «guztiz barkabera delako». Ebanjelioan, kontraste handiarekin, ez dira gaiztoak eta gaizkileak Jainkoaren bila doazenak; baizik eta Jainkoa bera atera zaio bidera, egunean lau aldiz, beraren laguntza behar duen jende guztiari.

Ebanjelioa eta Isaias bat datoz esatean, nork bere erara, Jainkoaren asmoak eta bideak gureak ez bezalako direla, gureak baino goragoko.

Pauloren hautabidea eta pandemia (Bigarren irakurgaia: Flp 1,20c-24.27a)

Joan den igandean bezala, bigarren irakurgaiak ez du erlaziorik ebanjelioarekin, baina bai, eta handia. koronabirusaren gaur egungo errealitatearekin. Paulo kartzelan dago, eta ez daki absolbiturik ala heriotzara kondenaturik irtengo den. Guretzat argi legoke aukera: absoluzioa. Paulok beste era batean ikusten ditu gauzak: absoluzioak bide emango lioke kristauen alde lan egiten eta ebanjelioa hots egiten jarraitzeko; heriotzak, berriz, bide emango lioke «Kristorekin izateko, askoz ere gauza hobea». Hautabide honetan, ez daki zer aukeratu.

Absolbituko dute, eta urte batzuk gehiago bere lanean jarraituko du, heriotzak Kristorekin izateko bide emango dion arte. Gure garai honetan, zeinetan heriotzaz estatistika hotz edo tragedia pertsonal eta familiar bezala hartuz bakarrik hitz egiten baita, Paulok kristauoi gogorarazten digu heriotza igarotzea dela Jaunaren lagunarteaz betikoz gozatzera.

José Luis Sicre