Urteko 24. igandea C 2016-09-11
Lau jarrera bekatarien aurrean

Kointzidentzia arraro bat tarteko dela, igande honetako hiru irakurgaiak bekatariei eskainitako barkazioaz mintzo dira; gai oso egokia errukiaren urte honetarako.

Moises: erregua

Irteera liburuaren arabera, Moisesek berrogei egun egin zituen Sinai mendian Jainkoarekin hizketan. Denbora gehiegi: herriak uste izan du hila izango dela. Eta bermea eta segurtasuna emango dion zerbaiten bila, Aaron apaiza konbentzitu du, urrezko zekor bat egin dezan. Antzinako Ekialdean, zezena sinbolo oso egokia zuten jainko baten indarra eta bizitasuna irudikatzeko; horregatik aldarrikatu dute israeldarrek: «Hau duzu, Israel, zeure jainkoa, Egiptotik atera zintuena».
Alabaina, Jainkoaren irudia eraikitzea hura manipulatzeko ahalegina da. Irudia saritu edo zigortu daiteke; usaingarriz igurtzi daiteke; erregaliak eskaintzen ahal dizkiot nik nahi dudana ematen badit, edota ukatzen ahal dizkiot horiek guztiak ematen ez badit.Bestalde, irudiak ezabatu egiten du Jainkoaren misterioa, objektu ikusgarri bihurtuz.
Zein erantzun emango dio Jaunak bekatu honengatik? Kontakizunak badu nolabaiteko umore-kutsurik. Jainkoa haserre ageri da, baina ez du ezer egiten. Alderantziz,berari erregutzeko eskatu dio Jainkoak Moisesi herriarentzat barkazioa eskatuz. Aita batek bezala: bere semearekin edo alabarekin haserre, zigortu egin nahi duela esaten dio emazteari, baina aldi berean berari erregutzeko esaten dio eta barkatzera bera animatzeko.
Moisesi esan dionak, gaiztotu egin da zure herria, zuk Egiptotik atera zenuena» delakoak alegia, senar batek emazteari hainbat bider esan ohi diona dakarkigu gogora: «zure semea / alaba…», berea ere izango ez balu bezala. Israel beraren herri ez balitz bezala ari da Jainkoa, bera izan ez balitz bezala Egiptotik atera zuena. Umore-kutsu horrek, tragediaren barnean, honetan jotzen du gailurra: Jainkoak Moisesi baimena eskatzen dionean herria desegiteko: «Utzidazu, bera suntsitzeraino piztuko da nire amorrua. Eta zugandik herri handi bat sortuko dut» esan dio.
Moises, ordea, ez da erori herri handi berri egingo diola esanez egin dion promesaren tentazioan. «Orain gidatzen dudana –erantzun dio Jainkoari−, okertu bada ere, zeure herria duzu, zuk zeuk Egiptotik atera zenuena da, indartsu eta esku bizkorrez. Ez iezadazu errua niri leporatu, eta gogoan izan ezazu Abrahami, Isaaki eta Jakobi agindu zeniena». Aski izan dira hitz-apur hauek Jainkoa bere mehatxuaz damutzeko.
Bi irakaspen handi ageri dira kontakizun labur honetan: 1) zein gauza erraza den Jainkoa barkatzera konbentzitzea; 2) arduradunak ez dio uko egin behar inoiz ere elkarteari, okerrena iruditu arren; Moisesena bera izan behar du bere jarrera, elkarteak duen alde ona hartuz eta defendituz.

Laiko jainkozaleak eta teologoak: ukoa eta kritika

Jesusen garaiko teologoek (lege-maisuek) ez dute ikasi Moisesen irakaspena: bekatarien alde otoitz egitekoa, ezta laiko jainkozaleek ere (fariseuek). Jende ona eta gaiztoa bereiztearen alde daude, jende onaren eta gaiztoaren artean harremanik ez izatearen alde. Eta, gaiztoen artean, okerrenak, batetik, zerga-biltzaileak dira, Erromaren zerbitzura dauden ustiatzaileak, eta, bestetik, bekatariak: larunbatean sinagogara joaten ez den jendea, barau egiten ez duena, egunean hiru aldiz otoitz egiten ez duena, tenplurako zergarik eta ez hamarrenik ordaintzen ez duena, garbitasun-legea betetzen ez duena, etab.
Baina hau da gauzarik bitxiena: lege-maisuak eta fariseuak ez direla haserretzen bekatariekin, baizik Jesusekin, haiek onartzen eta haiekin mahaian esertzen delako. Ez dugu gehiegi harritu behar. Zer esango lukete katoliko askok, gotzainak barne, Jesus gaur egun ikusiko balute garagardoa edaten LGTBren (Lesbiana, Gay, Bisexual eta pertsona transgenero) egoitzan?

Jesus: harrera

Jesusek ez die erantzun bere arerioen marmarrari eta kritikari, beraien hipokresiari gogor erasoz; baizik eta hiru parabola jaulki dizkie (galdutako ardiarena, galdutako monetarena eta bi anaiena), zeinetan Jainkoaren poza azpimarratzen baita bekatari bakar bat konbertitzeagatik.
Bi anaien parabola («seme hondatzailea» delako titulu okerrez ezagutua) da hasierako gaiarekin hobekienik ahokatzen dena. Anaia gazteenak zerga-biltzaileak eta bekatariak irudikatzen ditu; anaia zaharrenak, berriz, lege-maisuak eta fariseuak. Parabola aurreiritzirik gabe irakurtzen duena eskandalizatu egiten da aitaren jokabideaz: oker hezten du seme gazteena; zaharrenarekin, berriz, gogor eta zorrotz ageri da. Eskandalu hau fariseuek eta lege-maisuek Jesusekin esperimentatzen dutena bera da. Eta hori gainditu dezaten nahi luke Jesusek, gogoan izanik nolako maitasuna eta nolako poza sentitzen duen Jainkok, Aita bezala, galdua zen bat berreskuratzean. Jainkoa Aitatzat ez, baizik epailetzat hartzen ez duenak, beraren legeak nola beteko itsu-itsutzat hartzen duenak, ez du ulertuko inoiz ere parabola hau, ezta Jesusen bizitza eta mezua ere.
Parabolak, aldi berean, nork bere autoebaluazioa egitera gonbidatzen gaitu. Etxetik alde egin eta gogoak ematean itzuli den seme gaztea bezala portatzen gara batzuetan Jainkoarekin; beste batzuetan, familiako gorabehera zailetan, aitak bezala jokatzen dugu, barkatuz eta ezin onartua onartuz; beste batzuetan, anaia nagusiak bezala, gaitzetsi egiten dugu egoki jokatzen ez duena eta ez dugu harremanik nahi izaten halakoarekin. Nork bere historiari errepaso bat ematea komeni zaigu, hiru ikuspuntu hauetatik, zein gailentzen den ikusteko.

Jainkoa: gupida

Aurreko testu horiek kontakizuna (Irteera) eta parabolak (ebanjelioa) direla medio irakasten dute; bigarren irakurgaiak Pauloren esperientzia pertsonala dakarkigu. Paulo, fariseu peto-petoa, bere burua «biolari, pertsegitzaile eta bortitz» ikustera iritsi da. Madarikatu egin du Jesus, kartzelara eraman ditu kristauak, suntsitu egin nahi izan ditu. «Baina Jainkoak errukia izan zuen nitaz… Jainkoak gainezka isuri zuen bere onginahia nire gain… Jesus gupidatu zen nitaz». Pauloren esperientzia, era handiago edo txikiagoan, gutako edozeinena da. Gure erreakzioa ere harena bera izan behar du: zerbitzuaren eta Jainkoa gorestearen erreakzioa.

José Luis Sicre