Urteko 24. igandea C 2016-09-11
HOMILIA

Anai-arrebok!

Gaurko hiru irakurgaiek bihotza gainezka agertzen digute Jainkoa maitasunez, errukiz, gupidaz, onginahiz. Edozein pertsona, sentiberatasun-apur bat badu, liluraturik eta bigundurik uzteko moduko erruki eta maitasun da Jainkoa.

Joan den igandeko ebanjelioan nabari genuen zorroztasuna erabat gainditurik ageri da gaurko hiru irakurgaietan. Gaurkoak esaten digu, zerga-biltzaileek eta bekatariek gustukoa zutela Jesusi entzutea. Zerbaitegatik! Ez, noski, epaile zorrotz ikusten zutelako. Jesusen Jainkoa eta Jesus bera, askotan uste izan dugun baino bigunagoa da. Aitagoa, amagoa, anaiagoa edo nebagoa, adiskideagoa.

Ez al da ikusgarria lehenengo irakurgaian garai hartako jendeak Jainkoaz zuen ustea? Israel herriak uko egin zion bere Jainkoari, eta urrezko idolo-irudi bat egin zuen. Laster konturatu zen, ordea, zer-nolako bekatua egin zuen. Eta Moisesi eskatu zion herri osoaren izenean Jainkoari barkazioa erregutzeko. Moisesek erregutu, eta konfiantza osoa jaso zuen: Jainkoak barkatu ziola. Konfiantza osoa eragin zion herriari: Jainkoa ez da zuek eta ni bezalakoa. Berak kreatu gaitu, berak lagundu digu gorabeherarik zailenetan. Zailenetan zailena den honetan ere ez du kontuan hartu gure ezjakintasuna, gure ahuldadea. Izan konfiantza Jainkoagan, esan nahi du Moisesek.

Bigarren irakurgaian, berriz, Paulo mintzo zaigu. Bekatari handia izan da: Jainkoaren kontra aritu da kristauen kontra aritu denean. Orain, ordea, gainezka egin dio bihotzean Jainkoaren onginahiak. Zoraturik bezala bizi da.

Ebanjelioan, hiru paraboletatik bat hartuko dut. Aita onaren eta bi anaien parabola. Oker hitz eginez, seme hondatzailearen parabola izena eman izan zaio parabola honi. Baina ez. Protagonista aita ona da. Aita onaren parabola da.

Gaurko ebanjelioa hasi zaigu esaten, fariseuak eta lege-maisuak Jesusen aurka ari direla. Jende horri emandako erantzuna da parabola hau. Seme gazteenak ihes egin nahi du etxetik. Nolabait esateko, hil egin nahi du aita. Baina bizitzak jira asko ematen ditu. Premia estuan gertatu da. Eta dio: Zer? Zer egiten dut nik hemen goseak hiltzen? Eta aitarengana abiatu da. Semeak uste ez bezalakoa da aita. Egunero egon da semearen zain. Estu-estu besarkatu du. Horrelakoa da zeruko Aita. Maitasun hutsa. Maitasunez kreatu du mundua. Maitasunez kreatu du gizakia. Ondo daki zein ezjakina den, zein ahula den. Aldi berean, ordea, badaki gizaki ahul horrek bihotzean alderdi handi bat duela: badaki Jainkoak gizaki hori bere irudira eta bere antzera egina duela. Maite du. Gauza guztien gainetik maite du. Ezin jasan du gizakia galdurik ibiltzea, noraezean ibiltzea. Seme gazte horrek, Jesusi gogotik entzuten dioten zerga-biltzaileak eta gainerako bekatariak irudikatzen ditu. Hondo-hondoan, gizakiak, bekatari handienak ere, Jainkoa du amets, izen bat ala bestea eman.
Seme nagusiak ezin ulertu eta jasan du aitaren portaera. Bista motzekoa da, materialista hutsa. Jainkoaz ez du ideia egokirik. Ez da aitaren seme. Aitaren morroi da. Morroi huts. Ez daki zer den aita izatea. Ez daki zer den pertsona bat mundura ekartzea. Ezin jasan du aitak seme gazteenari egin dion harrera. Seme nagusi honek fariseuak eta lege-maisuak irudikatzen ditu. Bai tristea hauen jainkotasuna.
Senideok, horra parabolako hiru pertsonaiak. Seme gazteena: bekataria, baina Jainkoaren deia entzuten eta Jainkoaren maitasuna onartzen jakin duena. Seme nagusia: letraren morroi bizi da, legearen esklabo; ez da gauza izan lege horren muinean bizi den Jainko errukitsua sumatzeko. Aita: Jainko Aita eta Ama. Den-dena maitasun, den-dena erruki, den-dena gupida, den-dena onginahi, den-dena Aita eta Ama.
Senideok, zorionekoak gu. Horrelako Aita, horrelako Ama!

Dionisio Amundarain