URTEKO 24. IGANDEA B (2021-09-12)

SARRERA

Senideok, urteko 24garren igandea ospatzen dugu gaur. Pertsona guztien bizitzan agertu ohi dira galdera funtsezkoak, erabakitzaileak. Horietako bat, behin batean Jesusek ikasleei egin ziena da. Haien bitartez, gaur mundu osoari egin dio, eta, jakina, guri ere bai. Hau da Jesusen galdera: «Zein eta zer naizela ni uste duzue?» Nor da Jesus niretzat? Zer da Jesus niretzat.
Markosen ebanjelioan gaurko pasartea arte (8,27-35), jendearen galdera izan da: nor da Jesus. Gaurko pasartean, berriz, Jesusek berak egiten du galdera: «Nor naizela dio jendeak?» Eta ondoren, ikasleei egiten die galdera: «Eta zuek, nor naizela diozue?»
Jesusen galdera hori «Zein eta zer naizela ni uste duzu?», ezin jarri dugu beste galdera hauen mailan: «zein izan zen Napoleon?, zeinek aurkitu zuen penizilina?, noiz gertatu zen Frantziako iraultza?»
Ez. Beste maita batekoa da Jesusen galdera: gure izatea, gure izaera, gure nortasun guztia inplikatzen duen galdera da. Beste galdera hauen mailan-edo jarri beharko genuke Jesusen galdera hori: «zein dira nire adiskide?, zenbateraino eta nola maite dut neure familia?, zer egingo nuke maite ditudan pertsonen alde?»

LEHEN IRAKURGAIA Isaias profetaren liburutik (50,5-10)

Entzutera goazen Isaiasen testu hau Jaunaren zerbitzariaren hirugarren kantikako zatia da. Isaias profetaren poema bikain bat da zerbitzariaren kantika hori. Ez dakigu zein duen buruan Isaiasek zerbitzari hori aipatzean. Kristau-tradizioak Jesus ikusten du zerbitzari horrengan haragitua.
Zerbitzari hori, Jainkoaren hitza entzuten duen entzule leiala da: «Jainko Jaunak belarria ireki dit eta ni ez naiz asaldatu, ez dut atzera egin»; aldi berean, hitz hori hots egiteko prest dago zerbitzari hori. Badaki, egiteko horrek neke handiak sortuko dizkiola: irainak eta indarkeria. Halere, bere gogoz onartu du eginkizun hori. Ez dio kontra egin. Bere konfiantza guztia Jaunagan ipini du. Seguru da, Jaunak defendatuko duela, Jaunak salbatuko duela, Jaunak garaile ateratzen lagunduko diola.
Zerbitzari honengan Elizak Jesus ikusi du. Aldi berean, Jainkoaren hitzean konfiantza izan duten guztiak. Gu ere bai?

BIGARREN IRAKURGAIA Santiagoren Gutunetik (2,14-18)

Santiagoren Gutuna irakurtzen jarraituko dugu. Entzungo dugun pasarte honek San Pauloren doktrina osatu nahi du. Paulok dio ez gaituela santu egiten Moisesen «legeko obrak» egiteak. Hau da, ez gaituela santu egiten Moisesen legeari leial izateak. Paulorentzat, fedea da pertsona salbatzen duena. Baina Pauloren irakaspen hau zenbait jendek oker interpretatu zuen. Gaurko testu honek interpretazio oker hori zuzendu nahi du. Esango digu: egintzarik gabeko fedea gezur hutsa dela. Jesusekiko fedea, egintzetan agertzen du fededunak. Egintzek adierazten dute gure fedea: egiazkoa den ala hitz-jario hutsa den.
Pauloren arabera, fedea duenak bakarrik, hau da, fedearen arabera bizi denak bakarrik egin ditzake fede-egintzak. Egintzarik egiten ez duenaren fedea hila dago; Jainkoaren dohaina zimeldu egin da. Fede bizia bakarrik da egiazkoa.
Senideok, gaur egun aipatzen diren Afganistango, Siriako eta Irakeko eta Afrikako iheslarien egoeraren aurrean, zein da gure jarrera?

EBANJELIOA SAN MARKOSEN LIBURUTIK (8,27-35)

Gaurko ebanjelioko pasarte honek lehena eta geroa markatzen ditu Markosen ebanjelioan. Pasarte honek banatzen ditu ebanjelio honen bi zatiak. Alde batetik, mezu berri bat hots egiten hasiko da Jesus: gurutzearen mezua. Bestetik, Jerusalemerako «bidea» hasiko du, han emango du bere betera bere egitekoa.
Pedro, hasiera batean, oso gogotsu agertu da: aitortu du Mesias dela Jesus. Baina Jesusek esan dienean bere egitekoak gurutzea duela berekin, orduan lur jo du Pedrok. Artean ez zuen ulertu zer zen Jesusen mesianismoa.
Senideok, Jainkoari eskerrak eman beharrean gara benetan. Zergatik? Jesusen beraren eta gutako bakoitzaren egitekoa edo misioa ulertzeko modua eman digulako, neurri handi batean bederen. Gurutzetik pasatu behar duen egitekoa da guztiona eta bakoitzarena, baina azkena piztuera izango duelarik. Eskerrak emateaz batera, eska diezaiogun laguntza eginkizun hori gogotik bete ahal izateko.

HERRIAREN OTOITZA

1.-Elizaren alde: hitzez eta, batez ere, egintzez agertu eta hots egin dezan Jesus dugula geure Jaun bakarra, geure Jainko bakarra, geure Askatzaile bakarra. Eska diezaiogun Jaunari.
2.-Kristau guztien alde: Aitagandik hartu dugun deiarekiko, leial izan gaitezen, horrek irainak eta oker ulertuak ekarriko badizkigu ere. Eska diezaiogun Jaunari.
3.-Ebanjelioagatik, oker ulertuak, pertsekuzioa eta kalumniak jasaten ari diren guztien alde: beren egitekoari eta guztiekiko maitasunari gogor eutsi diezaieten. Eska diezaiogun Jaunari.
4.-Beren bizitzari irtenbiderik eta zentzurik ikusi ezinik, beren buruaz beste egitea, hau da, suizidioa buruan darabilten guztien alde: Jesusen argia ikustera iritsi daitezen. Eska diezaiogun Jaunari.