URTEKO 24. IGANDEA B (2015-09-13)

SARRERA

Senideok, urteko 24garren igandea ospatzen dugu gaur. Pertsona guztien bizitzan agertu ohi dira galdera funtsezkoak, erabakitzaileak. Horietako bat, behin batean Jesusek ikasleei egin ziena da; eta, haien bitartez, mundu osoari egin diona, eta, jakina, guri ere bai. Hau da Jesusen galdera: «Zein eta zer naizela ni uste duzu?» Galdera honek badu bere arriskua: txikitan kristau-ikasbidean memoriaz ikasitako erantzuna ematekoa. Jesusek, berriz, bihotzari darion erantzuna eskatzen digu.
Markosen ebanjelioan gaurko pasartea arte (8,27-35), Jesus nor den izan da jendearen galdera. Gaurko pasartean, berriz, Jesusek berak egiten du galdera: «Nor naizela dio jendeak?» Eta ondoren, ikasleei egiten die galdera: «Eta zuek, nor naizela diozue?»
Neure burua ezagutzen ez badut, ezin ezagutu Jesus. Jesus «beste norbait» bezala ezagutzeak ez du balio. Nigan dagoen Kristoren zatia ezagutzen ez badut, ez dut ezer aurreratzen. Nigan eta lagun hurkoagan dagoen Jesus ezagutu gabe, kale egin dut
Izan ere, «Zein eta zer naizela ni uste duzu?» delako Jesusen galdera hori, ezin jarri dugu beste galdera hauen mailan: «zein izan zen Napoleon?, zeinek aurkitu zuen penizilina?, noiz gertatu zen Frantziako iraultza?»
Ez. Beste maita batekoa da Jesusen galdera: gure izatea, gure izaera, gure nortasun guztia inplikatzen duen galdera da. Beste galdera hauen mailan edo artean jarri beharko genuke Jesusen galdera hori: «zein dira nire adiskide?, zenbateraino eta nola maite dut neure familia?, zer egingo nuke maite ditudan pertsonen alde?»
Hau guztia kontuan harturik, neure buruari behar diot galdetu: «zein da Jesus niretzat, zer esan nahi du Jesusek nire bizitzan?»

LEHEN IRAKURGAIA Isaias profetaren liburutik (50,5-10)

Entzutera goazen testu hau Jaunaren zerbitzariaren hirugarren kantikako zatia da. Isaias profetaren poema bikaina da zerbitzariaren kantika hori. Ez dakigu zein duen buruan Isaiasek zerbitzari hori aipatzean. Kristau-tradizioak Jesus ikusten du zerbitzari horrengan haragitua.
Zerbitzari hori, Jainkoaren hitza entzuten duen entzule leiala da: «Jainko Jaunak belarria ireki dit eta ni ez naiz asaldatu, ez dut atzera egin»; aldi berean, hitz hori hots egiteko prest dago. Badaki zerbitzariak, egiteko horrek neke handiak sortuko dizkiola: irainak eta indarkeria. Halere, bere gogoz onartu du eginkizun hori. Ez dio kontra egin. Bere konfiantza guztia Jaunagan ipini du. Seguru da, Jaunak defendituko duela, Jaunak salbatuko duela, Jaunak garaile ateratzen lagunduko diola.
Zerbitzari honengan Elizak Jesus ikusi du. Aldi berean, Jainkoaren hitzean konfiantza izan duten guztiak.

BIGARREN IRAKURGAIA Santiagoren Gutunetik (2,14-18)

Santiagoren Gutuna irakurtzen jarraituko dugu. Entzungo dugun pasarte honek San Pauloren doktrina osatu nahi du; hobeto esan, talde batzuek San Pauloren irakaspenari eman zioten interpretazioa: fedeaz eta egiteez Paulok irakatsi duen irakaspenaz. Paulok dio ez gaituela santu egiten Moisesen «legeko obrak» egiteak. Hau da, ez gaituela santu egiten Moisesen legeari leial izateak. Paulorentzat, fedea da pertsona salbatzen duena. Baina Pauloren irakaspen hau zenbait jendek oker interpretatu zuen. Gaurko testu honek interpretazio oker hori zuzendu nahi du. Esango digu: egintzarik gabeko fedea gezur hutsa da. Jesusekiko fedea, santutasunaren iturburu den hori, egintzetan agertzen da. Egintzek adierazten dute gure fedea egiazkoa den ala hitz-jario hutsa den.
Pauloren arabera, fedea duenak bakarrik, hau da, fedearen arabera bizi denak bakarrik egin ditzake fede-egintzak. Egintzarik egiten ez duenaren fedea hila dago; Jainkoaren dohaina zimeldu egin da. Fede bizia bakarrik da egiazkoa.
Senideok, gaur egun aipatzen diren Siriako eta Irakeko eta Afrikako iheslarien egoeraren aurrean, zein da gure jarrera?

EBANJELIOA SAN ,MARKOSEN LIBURUTIK (8,27-35)

Gaurko ebanjelioko pasarte honek lehena eta geroa markatzen ditu Markosen ebanjelioan. Pasarte honek banatzen ditu ebanjelio honen bi zatiak. Alde batetik, mezu berri bat hots egiten hasiko da Jesus: gurutzearen mezua. Bestetik, Jerusalemerako «bidea» hasiko du, han emango baitu bere betera bere egitekoa.
Pedro, hasiera batean, oso gogotsu agertu da: aitortu du Mesias dela Jesus. Baina Jesusek esan dienean bere egitekoak gurutzea duela berekin, orduan lur jo du Pedrok. Artean ez zuen ulertu zer zen Jesusen mesianismoa. Ez zen iritsi ondo interpretatzera gaurko lehenengo irakurgaian entzun duguna: zerbitzari leialaren jarrera.
Senideok, Jainkoari eskerrak eman beharrean gara benetan. Zergatik? Jesusen beraren eta gutako bakoitzaren egitekoa edo misioa ulertzeko modua eman digulako, neurri handi batean bederen. Gurutzetik pasatu behar duen egitekoa da guztiona eta bakoitzarena, baina azkena piztuera izango duelarik. Eskerrak emateaz batera, eska diezaiogun laguntza eginkizun hori gogotik bete ahal izateko.

HERRIAREN OTOITZA

1.-Elizaren alde: hitzez eta, batez ere, egintzez agertu eta hots egin dezan Jesus dugula geure Jaun bakarra, geure Jainko bakarra, geure Askatzaile bakarra. Eska diezaiogun Jaunari.
2.-Kristau guztien alde: Aitagandik hartu dugun deiarekiko, leial izan gaitezen, horrek irainak eta oker ulertuak ekarriko badizkigu ere. Eska diezaiogun Jaunari.
3.-Ebanjelioagatik, oker ulertuak, pertsekuzioa eta kalumniak jasaten ari diren guztien alde: beren egitekoari eta guztiekiko maitasunari gogor eutsi diezaieten. Eska diezaiogun Jaunari.
4.- Siriatik eta Iraketik eta Afrikatik ihesi doazen eta datozen guztien arte. Esperantzari eutsi diezaioten, eta gure artean argi-printza bat ikus dezaten.. Eska diezaiogun Jaunari.