ZENBAIT JENDEK GAUR EGUN
ESATEN DUENA (Marcos 8,27-35)

Urteko 24. Igandea B 2021-09-12

Milurteko berrian ere belarrian jotzen jarraitzen du Jesusen galderak: «Eta zuek, zein eta nor naizela diozue?» Ez da iritzi-inkesta bat. Nor bere mailarik sakonenean jartzera eragiten digun galdera da: zein eta nor da Kristo gaur egun niretzat? Zer zentzu du zinez nire bizitzan? Oso askotarikoak izan daitezke erantzunak.

«Ez zait axola. Horixe, soil-soilik. Ez dit ezer esaten: ez dut aintzat hartzen: badakit batzuei axola zaiela oraindik ere; niri gauza praktikoagoak zaizkit axola, ondo-ondokoak». Kristo galdua da jende honen benetako zeruertzetik.

«Ez dut horretarako astirik. Aski lan dut, egunean eguneko arazoei aurre egitearekin: erabat harturik bizi naiz, asti eta umore gutxirekin beste gauza askotan pentsatzeko». Jende honek ez du tartetxorik Kristorentzat. Ez du sumatzen zer-nolako eragina eta indarra ematen ahal lizkiokeen berak bere bizitzarako.

«Zorrotzegia iruditzen zait. Ez dut korapilatu nahi neure bizitza. Deseroso egiten zait Kristogan pentsatzea. Gainera, gero, hor dator beste guztia: bekatua saihestu beharra, neure buruari bertute-bizitza eskatzea, jarduera erlijiosoak. Gehiegi da». Jende honek ez du ezagutzen Kristo: ez daki askatasun berri bat sartzen ahal lukeela beraren bizitzan.

«Oso urruneko sentitzen dut hori guztia. Jainkoari eta erlijioari dagokien guztia gauza teoriko eta urruneko ikusten dut; beraiez ezer segururik ezin jakin den gauza dira; zer egin dezaket hobeto ezagutzeko eta zertaz ari diren?» Jende honek bide bat aurkitu beharra du, Kristoren atxikimendu biziago bat emango diona.

Erreakzio-mota hauek ez dira nik «asmatutako» ezer: neuk entzunak ditut behin baino gehiagotan. Ezagutzen ditut itxuraz irmoagoak diren erantzunak ere: «agnostikoa naiz»; «beti jarrera aurrerakoiagoak hartzen ditut»; «soilik zientzian sinesten dut». Baiez-tapen hauek, ezin saihesteko moduan, guztiz artifizial iruditzen zaizkit, bilaketa pertsonal eta egiati baten emaitza ez badira behintzat.

Ezezagun izaten jarraitzen du Jesusek. Jende askok ezin sumatu du jadanik zer den nork bere bizitza Jesusen baitatik bizitzea eta ulertzea. Bitartean, zertan ari gara beraren jarraitzaileok?, hitz egiten al diogu norbaiti Jesusez?, sinesgarri egiten al dugu bera geure bizieraz?, alde batera utzia al dugu Jesusen lekuko izatea?
Jose Antonio Pagola