ZER DA JESUS, MAGOA ALA MESIAS? Markos 7,31-37
Urteko 23. igandea B 2018-09-09

Gor bat sendatzeko zailtasuna

Markosen ebanjelioaren 7. kapituluaren amaierara iritsi garenean, sendatuak ditu jada Jesusek gaixo asko: legendun bat, paralitiko bat, besoa elbarri zuen bat, emakume odol-jariodun bat; piztua du Jairoren alaba, eta, gaurkoaren aurre-aurreko pasadizoan (liturgiak ezabatuan), emakume kanaandar baten alaba sendatu du. Mirari horietako bakar batek ere ez dio eskatu ahalegin txikienik. Aski izan du hitz bat esatea edota bera nahiz beraren soingainekoa ukitze huts bat gaixoa sendatzeko.

Oraingoan, 7. kapituluaren bukaeran, gor bat sendatzeak ahalegin nabari bat eskatuko dio. Gorra, hitz egin ere nekez hitz egiten duena (batzuek diote gor batek ezin duela hitz egin, baina alde batera utziko dut arazo hau), ez dator bere gisa, legenduna eta odol-jaioduna bezala. Adiskide edo familiarte batzuek dakarte, paralitikoa bezala, eta eskua ezar diezaion eskatu diote Jesusi. Horrela sendatu izan ditu beste gaixo asko. Baina, gaurko honetan Jesusek hain erritual korapilatsua, magiaren hurbilekoa, egin du, non Mateok eta Lukasek nahiago izan baitute kontaera hau aldera batera utzi.

Komeni da erreparatzea Jesusek egiten dituen ekintzetako bakoitzari: 1) eskutik hartu du gorra; 2) jendeagandik bereizi eta biak bakarrik gelditu dira; 3) belarrietan sartu dizkio hatzak; 4) txistua bota du bere atzetara; 5) gaixoaren mihia ukitu du txistuaz; 6) begiak zerurantz jaso ditu; 7) intziri bat egin du; 8) hitz bat jaulki du, effatha (eztabaida da, hebreerazkoa ala aramerazkoa den), misteriotsua ebanjelioa irakurtzen duen greziar batentzat.

Garaiko medizinaren ikuspuntutik, gauza bidezko bakarra txistua erabiltzea izango zen, indar sendatzailea aitortzen baitzioten. Gainerako ekintzek (intziriak, hizkuntza estrainioko hitzak) magiaren mundua gogoratzen digute.

Halaz guztiz, begira daudenek ez dute uste Jesus magoa denik. Zur eta lur gelditu dira, baina miraria ez dute erlazionatu sorginkeriarekin, baizik eta lehen irakurgaian irakurri dugun Isaiasen liburuan Jainkoak egindako promesarekin: «Orduan, itsuek ikusi egingo dute berriro eta gorrek entzun. Oreinak bezala salto egingo du herrenak, pozaren pozez irrintzi mutuak». Sendatze honek agertu du ezen Jesusekin hasia dela mesiastar aroa, salbazioaren garaia.

Itsu bat sendatzeko zailtasuna

Baldin eta testu liturgikoen aukera ondo egina izan balitz, hemendik bizpahiru igandera antzeko mirari bat irakurriko genuen, zailtasun berekoa edo handiagokoa, eta funtsezkoa gaurko ebanjelio hau ulertzeko: itsu bat sendatzea. Baina ez baita irakurriko, gogora dezadan zer dioen Markosek 8,22-26an. Itsu bat aurkeztu diote Jesusi, eta uki dezan eskatu. Gorrarekin gertatu zen gauza bera.

Jesusek: 1) eskutik hartu du; 2) herrixkatik atera du; 3) txituaz begiak igurtzi dizkio; 4) eskuak ezarri dizkio; 5) ezer ikusten al duen galdetu dio; itsuak erantzun dio gizakiak ikusten dituela, arbola bezalako; 6) Jesusek eskuak ezarri dizkio berriro begietan eta erabat sendatu da. Kontaera biak ez datoz bat hitzez hitz (hemen intziria falta da, baita hizkuntza estrainioko hitza ere), baina antz handia dute. Ez da harritzekoa, Mateok eta Lukasek pasadizo hau ere alde batera utzi izana.

Ikasleen gorreria eta itsutasuna

Zergatik xehatu du Markosek bi gaixo hauek sendatzearen zailtasuna? Badirudi, giltza itsuaren sendatzearen aurre-aurreko kontaeran dagoela, Jesusen ikasleei aurpegiratzen dien hartan: «Zer ari zarete ogirik ez daukazuela eta? Oraindik ez al duzue ulertzeko adimenik? Hain burugogorrak al zarete? Begiak eduki, eta ez duzue ikusten? Belarriak eduki, eta entzuten ez?» (Markos 8,17-18).

Ikusten ez duten begiak eta entzuten ez duten belarriak. Ikasleen itsutasuna eta gorreria, gor bat eta itsu bat sendatzean testuinguruan. Kontaera biek iradoki dute zer-nolako zailtasuna izan zuen Jesusek, Pedro eta gainerakoak berak agertu eta esan nahi ziena ikustera eta entzutera irits zitezen. Alabaina, lortu zuen, 30. igandean ikusiko dugunez, Jesusek Bartimeo itsua sendatu zuenean.

Lehen irakurgaia: Mesiastar aroko mirariak (Isaias 35,4-7)

«Gorrek entzungo dutela» promesagatik hautatu dute pasarte hau; Jesusen mirariaz gauzatu den mirariagatik. Izatez, ordea, Isaiasen liburuak Babilonian erbesteraturik diren juduen egoera du ardatz, askatuak izateko esperantzarik bizi baitira han. Eta, askapen hori lortuko balute ere, Jerusalemera itzultzeko beldurra dute. Jende hutsalen karabanatzat dute beren burua: itsu, gor, herren, mutu, basamortu sutu bat igaro beharko luketela, ur-tantarik gabeko lur eta txakalen gordelekua . Profetak adorea eman nahi die, segurtatuz Jainkoak salbatuko dituela eta bizi duten egoera era miresgarrian aldatuko diela. Hitz hauek, Mesiaren aroaren deskripzio ideial bihurtu ziren eta joan-etorri handikoak izan ziren lehen kristauentzat.

Bigarren irakurgaia: Mirari are zailago bat (Santiagoren gutuna 2,1-5)

Ebanjelioarekin erlaziorik ez badu ere, mesiastar aroko ikuspen errealista bezala irakur daiteke testu hau, eta ez batere mirarizko bezala. Honetan Jainkoaren herria ez du osatzen bere burua ezdeustzat eta ahultzat duen jendeak. Aitzitik, bi pertsona-mota ageri da: batetik, urrezko eraztunduna, dotore jantzia; bestetik, jende pobrea, jantzi kaskarrekoa. Okerrena da, batzar-arduradunak ohore-postuak ematen dizkiela aberatsei, pobreak bigarren maila batera botatzen dituelarik. Joan Paulo II.aren hileta arranditsuan bezala: hainbat pertsonaia famatu lehen mailan eta kristau-fededunak plazan eta Via della Conciliazione-n. Mirari berria, mesiastar aro berria orduan izango da: kristauok konturatuko garenean ezen «Jainkoak pobreak hautatu dituela fedean aberats bihurtzeko».

Azken gogoeta

Bera bakarrik harturik, jendearen azken erreakzioa nabarmendu da ebanjelioan: «Den-dena ondo egin du». Mendekoste egunean Pedrok jaulkiko dituen hitzak gogorarazten dizkigu; esango baitu Jesus «on eginez igaro edo bizi zen». Mesiastar promesari erreparatu dio jendeak; Pedrok, berriz, Jesusen onberatasunari. Bi alderdiak bata bestearen osagarri dira.

Baina Markosen mezua ezagutu nahi duena, ezin ahaztu da gaurko ebanjelioko mirariak itsua sendatzearekin duen erlazioaz. Eta, bestetik, Jesus ulertzeko halako zailtasunak izan dituzten ikasle horietan islaturik ikusi behar du bere burua, halere bidean aurrera jarraitu dioten horiengan.

Bigarren irakurgaia, Elizaren gaurko egoeran, hainbat eskandaluz etorkizunik gabeko basamortuan lur jota dagoela ematen duen honetan, esperantzarako gonbit bizigarritzat har daiteke. Baina miraria ezinezkoa izango da, Elizan erantzukizunik handiena dutenek lehen postuen, urrezko eraztunen eta kardinal-kapeluen bila jarraitzen duten bitartean.

José Luis Sicre