JESUSEK KREATUTAKO EREMU BATEAN BIZI (Mateo 18,15-20)
Urteko 23. igandea A 2020-09-06

Ematen du, lehen kristau-belaunaldiei gutxi axola zitzaiela kopurua. Lehen mendearen azken aldera, hogeiren bat mila ziren, Erromatar Inperio tzarrean barreiaturik. Gutxi ala asko ziren? Berek eratzen zuten Jesusen Eliza, eta haren Espirituaz bizitzea zuten garrantzizko gauza. Etengabe gonbidatzen ditu Paulok bere elkarte txikietako kideak «Kristogan bizitzera». Laugarren ebanjelioak «harengan iraun dezaten» erregutzen die bere irakurleei.

Mateok, berriz, bere aldetik hitz hauek ipini ditu Jesusen ahoan: «Bi edo hiru nire izenean elkarturik diren lekuan, han nagoke ni beraien artean». Jesusen Elizan ezin egon gaitezke nolanahi: ohituraz, zabar edo beldurrez. Jesusen jarraitzaileek «beraren izenean elkarturik» bizi behar dute, beragana itzuli eta itzuli, beraren Ebanjelioaz elikatuz. Horixe da gaur gure lehen zeregina, gutxi bagara ere, bizpahiru bagara ere.

Jesusen izenean elkartzea, eremu bat sortzea da, bizitza osoa beraren jira-biran bizitzeko eta beraren ikuspegitik. Eremu espiritual bat, ondo zehaztua, ez irakaspenek, ohiturek edo jarduerek, baizik Jesusen Espirituak zehaztua, beraren erara bizitzera garamatzalarik.

Ebanjelioaren kontaera da «Jesus eremu» honen erdigune. Kristau-elkarte osoaren esperientzia da: «Jesusen oroitzapena egitea», beraren hitzak gogoratzea, hitzak fedez onartu eta pozik eguneratzea. Geure bizitzatik ebanjelioa onartzeko arte horrek aukera ematen digu Jesusekin harremanetan bizitzeko eta aukera beraren ikasle eta jarraitzaile bezala haziz joateko esperientzia bizitzeko.

Beraren izenean sortutako eremu horretan joango gara bide eginez, ez ahuldaderik eta bekaturik gabe, ebanjelioaren egiarantz; guztiok elkarrekin geure fedearen muina bilatuz eta geure kristau-nortasuna berreskuratuz, batzuetan ohikeria hutsez hain ahul ageri den Elizaren baitan, batzuetan beldurragatik hain elkorturik eta zurrundurik bizi den Elizaren baitan.

Nagusi eta buru Jesus duen eremu hau da zaindu behar dugun lehenengo gauza, geure elkarteetan eta parrokietan sendotu eta sakondu behar duguna. Ez dezagun engaina geure burua. Elizaren eraberritzea, bi edo hiruren bihotzean hasi ohi da beti, Jesusen izenean elkartzen diren bi edo hiru fededunen bihotzean.

Jose Antonio Pagola