Urteko 22. igandea C 2019-09-01

HOMILIA

Anai-arrebok!

Behin batean, fariseu handiki batek bazkaltzera gonbidatu zuen Jesus. Larunbata zen. Fariseuk zelatan zegozkion. Zergatik zelatan? Irakurri dugun pasarteak alde batera utzi puska labur bat, baina oso garrantzizkoa. Hau dio puska labur horrek: gonbidatu zuen fariseuaren etxera iritsi zenean, hidropiko bat etorri zitzaion Jesus. Zelatan zegozkion, zer egingo: larunbatean debekatua zegoen norbait sendatzea, eskuarki bederen; sendatuko ote du gaixo hau? Ba, bai. Sendatu egin zuen. Eta labur-labur bere egitatea zuritzeko, esan zien: «Zuetako norbaiti, larunbat batean, semea edo idia putzura erortzen bazaio, nork ez du ateratzen?» Eta denak isilik gelditu ziren.

Eta pasadizo hori bukaturik, konturatu zen Jesus, gonbidatu guztiak zebiltzala lehen eserlekuak nola eta zeinek hartuko. Entzun dugun ebanjelioa esan zien orduan. Ez al zaizue ausarta iruditzen Jesusen ateraldi hori? Gonbidatua izan eta bazkalaurretik bere «sermoia» botatzen hasi! Halakoa zen Jesus. Edozein gauzaz baliatu ohi zen jendeari argi pixka pizteko

Dena den, bi zati eta bi mezu ditu gaurko ebanjelio honek. Batetik: ez ibili lehen postuen bila. Bestetik: ez gonbidatu ordainetan zu zeu gonbidatuko zaituen bat. Euskaraz oso esapide ezaguna dugunaren kontra doa Jesus: «odolkiak ordainetan». Txikitan ezagutu genuen ohitura zen

Bi mezu zein baino zein biziagoak. Jakina, lehen mezu hori arraro samarra irudiko zaigu. Gaur egun, eztei-otordu batean jendea ez da ibiliko lehen postuen bila; baina Jesusen garaian joan-etorri handiko gauza ziren lehen postu horiek: batetik, ospe soziala zegoen jokoan; bestetik, lehen postuetan hobeto jan ohi zen. Baina axola diguna, beti bezala, esan nahi duena da: ez pentsa besteak baino handiago zarenik, eta ez txikiagoa ere, esan beharko genuke. Ez zara zarpa zahar jantzirik dabilen hori baino duinago. Aita Santua ez da eskuan musu eman nahi dion hori baino duinago. CAFeko agintari handiena ez da bertako beste edozein langile baino duinago. Duintasuna gizaki izatean datza. Zenbat eta gizatasun handiago izan, orduan eta duinago.

Bigarren mezua, berriz, zein gutxi hartzen dugun kontuan! Ez gonbidatu zu zeu gonbidatuko zaituen bat. Ez al dugu jokatzen erabat horren kontra? Norbait gonbidatzen dugunean, zergatik gonbidatzen dugu? Agian, ez da izango, geroago berak gonbidatu gaitzan. Baina ez al da izaten, fabore bat ordaintzeagatik?, beragana geroxeago fabore baten bila joategatik?; ez al da izaten, halako pertsona hori gure etxera etortzea ohore bat delako? Edota beste edozer probetxurengatik?

Duela gutxi hil da Jean Vanier, joan den maiatzaren 7an, L´Arche edo La Arca izeneko erakundearen sortzailea; munduan oso hedaturik dagoen erakundea da: irabazi asmorik gabeko erakundea da, jende ezgaituari etxea, sostengua eta defentsa ematea du helburu.

Behin batean bi proba egin zituen, bata bestearen segidan.

Batetik, enpresari-talde bati irakurri zion gaurko ebanjelioa. Denak protestaka altxatu ziren: nolatan hautsi gure gizartean ohitura eta, are, lege ere den hierarkia edo hurrenkera?, nolatan jarri mahaiburu langile soil bat enpresako agintariak bertan direla?, nolatan ez ibili gero eta kargu handiagoren bila?, nolatan ez gonbidatu Ameriketako Estatu Batuetako enpresaburu bat, harengandik lan-enkargu handik bat espero daitekeenean?

Bigarren proba, Jean Vanierek pobre-pobre batzuekin egin zuen. Gaurko ebanjelioa irakurri zienean, denak pozik, poz-pozik.

Jakina, Jesus ez zer aritu kasuistika bat moldatzen. Inporta ziona, jarrera zen. Jarrera. Eta geuri dagokigunez? Behin batean, Jaurlaritzan, karguz kargu, gora eta gorago zihoan batekin topo egin nuen. Ez nuen berarekin harreman handirik izan, baina ausart irten zitzaidan: «zenbat eta goragotik erori, handiagoa izaten dut kolpea, e», esan nion. Eta erantzun soil-soila: «Ondo zegok». Ez dakit zer egin duen gizon hark. Baina askotan ahazten gara Jesusen gomendioaz: «Goratzen dena, beheratu egingo du Jainkoak; apaltzen dena, berriz, goratu».

Ebanjelioan eta beste liburu santuetan asko azpimarratzen da apaltasuna. Esaterako, Lukasek dakarren hura: fariseu bat eta zerga-biltzaile bat tenpluan otoitzean. Fariseuak esaten dio Jainkoari:« nik hau eta bestea egiten dut, ez naiz besteak bezalakoa». Zerga-biltzailea, berriz, ez da ausartzen begiak altxatzera ere: «ene Jainko, izan erruki bekatari honetaz». Eta konklusioa: Jainkoak ez zuen onartu fariseuaren otoitza; bai, ordea, zerga-biltzailearena.

Arazoa, jakina, ez da nork bere duintasunari uko egitea. Avilako Teresak esana da: apaltasuna, egia bizitzea da. Eta gizaki batentzat zein da egia? Batetik, Jainkoak eginak garena aitortzea; bestetik, ni ez naizela besteak baino duinago aitortzea. Hitz batean, San Paulok esaten digun hura: «izan itzazue Kristo Jesusen sentimenduak berak».

Horrenbestez, Kristo Jesus gero eta gehiago ezagutzen saiatu, eta gero eta gehiago haren antzeko izaten saiatu. Lagundu gaitzala Jesusen Espirituak.

Dionisio Amundarain