Urteko 22. igandea C. 2016-08-28 (Lk 14,1.7-14)
HOMILIA

Anai-arrebok!

Joan den igandean esan genuen, ebanjelioaren mezua jasoko badugu, ezinbestekoa dela testuingurua kontuan hartzea. Gaurkoari gagozkiola, garrantzi handiagoa du horrek.

Gaurkoan bi parabola labur dakarzkigu ebanjelioak. Lehena: otordu batera gonbidatzen zaituztenean, ez hartu lehen eserlekuak. Bigarrena: norbait gonbidatu behar duzuenean, ez gonbidatu gonbitearekin ordainduko dizuena, baizik ezin ordainduko dizuena.

Larunbat batean gertatu da guztia. Jesus Jerusalemen dago; han ospatuko du itun berriko elkargoko eukaristia; han beteko da Jesusen misterioa: gurutzea eta piztuera. Une honetan, Jesus mahaian dago fariseu handiki batek gonbidaturik. Berak sortutako elkarte berriaren aurpegia eta izaera eratu nahi du Jesusek.

Testuinguru honetan, gaurko pasadizoaren aurretik, gizon hidropiko bat sendatu du Jesusek. Pentsa: larunbata da. Ondoren datoz aipatu bi parabola laburrak. Pertsona hidropikoa judu-erlijioaren betetzaileen elkartetik zokoratua dago, nahiz eta larunbatean kreazioaren eta Egiptotik irten izanaren oroitzapena egiten duten. Kontraesana: batetik, zeruko Aitaren kreazioa; bestetik, gizakiak egindako kreazioaren haustura, etena.

Jesusek, hain juxtu, larunbatean eskaini eta eman dio osasuna gizon hidropikoari: askatasuna eta osasuna eman dizkio; elkartera itzultzeko bidea ireki dio.

Senideok, larunbata, igandea, ez da azaleko ospakizuna. Gizakiaren askatasunaren, osasunaren eguna da; gizakia elkartera itzultzeko eguna. Jesusek argiro agertu digu zer den larunbata ospatzea. Irizpide argia eman digu. Elkarteko lehentasuna ez da oinarritzen, ez diruan, ez ospean; baizik apaltasunean: beheratzen dena goratua izango da. Norbait gonbidatzean, zein irizpide izan argitzen digu: ez gonbidatu, ondoren zu zeu gonbidatuko zaituena; baizik eta gonbidatu behartsua, elbarria, herrena, itsua: mesedea ezin itzuliko dizuna.

Zein dira gaurko pobreak? Zein dira mesedea ezin itzuliko digutenak. Kreazioa ospatzen dugu. Zeinen esku daude gaur egun kreazioaren ondasunak? Ez, noski, gizadiaren esku. Baizik eta gutxi batzuen esku. Ez da zertan aipatu zifra asko. Aski genuke bakar hau: munduan egunero 30.000 lagun hiltzen da goseak. Abuztuan, esaterako, milioi bat lagun hil da goseak. Lurralde aberatsek ez dute ematen errentagarritzat lurralde pobreetan inbertitzea. Aitzitik, lurralde pobreetatik urtero 500.000 dolar eskualdatzen dira lurralde aberatsetara. Lurralde aberatsetatik pobreetara eraman ordez, pobreetatik aberatsetara ekartzen da. Eta hori ez da lapurreta! Hori ez da delitua! Gure hizkuntzatik galduz doaz esapide batzuk: «guztien ona», «ondasunen zeregin soziala» bezalakoak. Merkatuari ez zaio axola pobreen premia; eskuratzeko ahalbidea dutenen eskaria zaio axola. Hitz batean, odolkiak ordainetan da irizpidea. Gaurko ebanjelioko bigarren parabolaren kontrako irizpidea.

Anai-arrebok, Jesusek eskatzen digun maitasunak zentzu komuna eta giza sen hutsa baino harago joatea eskatzen digu: gonbidatu, mesedea ezin itzuliko dizuna. Hona zer den Jainkoaren Erreinuaren eremuan eta dinamikan bizi garen seinalea: besteen ongizatea bilatzen dugula, ordainetan ezer espero gabe. Esperantza osoa izanik, zeruko Aitak ordainduko digula.

Dionisio Amundarain