URTEKO 22. IGANDEA B (2021-08-29)

SARRERA

Senideok, bost astetan San Joanen ebanjelioko seigarren kapitulua entzun dugu. Gaur San Markosen ebanjeliora itzuliko gara.
Urteko 22garren igande honetan egiazko erlijioa zer den adieraziko digu Jesusek. Erlijioaren eta Jainkoaren Hitza betetzearen artean, erlijioaren eta bihotzaren artean, zein erlazio izan behar duen argitu nahi digu. Deuteronomio liburuko lehen irakurgaiak hau eskaintzen digu: batetik, Moisesek Legeaz egin duen laudorioa; bestetik, Lege hori bete beharra. Ebanjelioan, Jesus, legea eta tradizioak betetzearen inguruan, garrantzizko puntu honetaz ari da: erlijioa bihotzez bete eta bizi behar da; kontua ez da azaletik betetzea; baizik eta bihotz garbiz betetzea.
Senideok, behin batean Kristo berpiztua Emausera zihoazen bi ikasleri agertu zitzaien; triste eta burumakur zihoazen bi ikasleak. Jesusek emandako argibideekin, barnea sutan jarri zitzaien. Eska diezaiogun argia Espiritu Santuari, Jesusek haiek argitu zituen bezala, gu ere elkar argitzen saiatu ahal gaitezen. Ireki diezaiogun bihotza hainbeste bitartekoren bidez hitz egiten digun Jainkoari.

LEHEN IRAKURGAIA Deuteronomio liburutik (4,1-2.6-8)

Deuteronomio liburuak, lehen hiru kapituluetan, Moisesen bidez, Jainkoaren herriaren historiaren laburpena dakarkigu: Horeb menditik Kanaan lurraldeaz jabetu arte, Jainkoak Israel herriaren alde egin dituen gauza miresgarrien laburpena da. Historia hori kontatuz, hau agertu nahi dio herriari: alegia, zein inportantea den Jainkoaren legea betetzea, zein inportantea den esker ona agertzea legea betez.
Laugarren kapituluko gaurko pasartean, legea berriro hots egin aurretik, hura betetzeko erregua dator, eta lege hura ezertan ez aldatzeko. Hau da arrazoi nagusia: Jaunak herriaren alde egindako gauza miresgarriak kontuan hartzea.

BIGARREN IRAKURGAIA Santiagoren liburutik (1,17-18.21b-22.27)

Bigarren irakurgai honetan ere, asko azpimarratu du Santiagok Jainkoaren Hitza bete beharra: «Bete Hitza eta ez konformatu entzute hutsaz, zeuen burua engainatuz», esan digu. Horregatik, premiazkoa da Jainkoaren Hitzari ongietorria egitea, geure bihotzean sakon sar dadin, ondoren, eguneroko bizitzan, bete ahal izateko. Adibidez, idazleak berak esan digun bezala, behartsuez ardura handia izanez eta eguneroko bizitzan Jainkoari atsegin zaion moduan biziz.
Igande honetako beste irakurgaiekin batean, deigarria da, nola jarraitzen dion testu honek Jesusen ildoari, bai hitza betetzeari dagokionean, bai erlijioa gainerakoen zerbitzu bezala hartzeari dagokionean. Esan digu: hau da erlijio garbia eta errugabea Jainko Aitaren begien aurrean: umezurtzak eta alargunak bisitatzea beren atsekabean, eta eskuak ez zikintzea mundu egoistarekin.

EBANJELIOA san Markosen liburutik (7,1-8a. 14-15. 21-23)

Ebanjelioan, Jesusek jakinaren gainean jarri gaitu Legea betetzean izango dugun arriskuaz: ez zaiteztela konformatu aginduak azaletik bakarrik betetzearekin, bihotzik gabeko erritualismoan eta hipokresian eroriz. Zorrotz kritikatu du Jesusek halako jarrera; izan ere, erlijioaren hiltzailea da hori; erritualismora eta azaleko jarduerara murrizten du guztia. Hau da funtsezkoa: justizia, errukia eta jainkozaletasuna praktikatzea; azaleko praktika guztien gainetik dago hori. Horrela, Jesusek dio, egiazko zikintasuna ez dela azalekoa, baizik bihotzekoa: horrek eragiten dituela bekaturik larrienak.

HERRIAREN OTOITZA

1.-Elizaren, hau da, kristau guztien alde: beti Jainkoaren benetako Hitzaren mezulari izan gaitezen; geure arreta jar dezagun Ebanjelioaren muinean, eta ez giza hitz eta tradizio direnetan. Eska diezaiogun Jaunari.
2.-Gizadi osoaren alde: pertsona guztietan handituz joan dadin askatasunaren eta erantzukizunaren sena, bizitzan hartu beharreko erabakietan. Eska diezaiogun Jaunari.
3.-Erlijio guztietako fededun guztien alde: fede erraz baten bila ibil ez gaitezen, baizik eta berekin erantzukizuna duen fedea amestu dezagun: Jainko bakarra eta egiazkoa adoratzera eragiten duena; senideen zerbitzari izatera eragiten duena, batez ere pobreen eta premian direnen zerbitzura. Eska diezaiogun Jaunari.
4.-Hemen elkartu garenontzat: geure ideiak argi izaten saia gaitezen, bai egia eta gezurra bereizteko, bai muina eta bigarren mailakoak bereizteko, bai letra handiko Tradizioa eta letra txikiko tradizioak bereizteko, bai Jainkoaren nahia eta gizakiaren hitza bereizteko. Eska diezaiogun Jaunari.