Urteko 22. Igandea B 2018-09-02
HOMILIA

Anai-arrebok!

Gaurko irakurgaien muina adibide batekin adieraziko nuke: zer da inportanteagoa, apaiz bati errespetua agertzea ala apaiz horrek errespeturik ez dion pertsona bati errespetua agertzea?

Nahi bada, apaizaren lekuan, ipin dezakezu «zeure aita» edota «Lehendakaria» edota …

Gatozen gaurko ebanjeliora. Bost igandez, San Joanen liburutik hartu dugu ebanjelioa. Gaur San Markosen ebanjeliora itzuli gara. Jesusek, fariseu eta lege-maisu batzuekin izan duen eztabaida baten ondoren, jendeari irakaspen hau eman dio: «Gizakia ez du kutsatzen kanpotik sartzen den ezerk; barrutik irteten zaionak kutsatzen du gizakia». Argitu dezagun pixka bat hau guztia.

Gaur irakurri dugun testuaren aurretik, beste gauza inportante bat ekarri digu gogora Markos ebanjelariak. Behin batean ogiak eta arrainak ugaldu zituen Jesusek. Mirari haren ondorioz, begi onez eta gogotik hartu zuen Jesus Galileako jendeak. Eta Galilea guztian barna ibili zen Jesus. Jesusen arrakasta horren berri entzunik, Jerusalemgo fariseu eta lege-maisu batzuk joan ziren Jesusek zer esaten eta egiten zuen gertutik ikustera.

Badakigu, fariseuak oso jainkozale agertzen ziren. Haientzat, inporta zuena Jainkoaren aginduak betetzea zen. Baina ez Jainkoaren aginduak bakarrik, baita arbasoengandik jasotako ohitura txikienak ere. Haientzat garrantzizkoa ez zen jendeaz errukia izatea, baizik ohitura haiek zorrotz betetzea. Adibide bat. Jainkoak gurasoez arduratzea eskatzen zien, eta digu. Baina elkarteak esaten dio judu bati, ondasun horiek deklara ditzala Jaunari sagaratutzat. Ordudanik, ezin erabili ditu ondasun horiek gurasoen alde. Hitz batean, Jainkoaren aginduen gainetik, giza ohiturak.

Pentsaera hori ekarri dute Galileara etorri diren fariseuek. Eta bat-batean ikusi dute, Jesusek ikasleek aldez aurretik eskuak garbitu gabe jaten dutela. Erabat eskandalizatu dira. Baina, alde batetik, lege hori ez da ageri Biblian. Bestetik, juduen artean ere, hasiera batean, higiene-arazoa izango zen jan aurretik eskuak garbitu behar hori. Baina denborarekin arazo erlijioso bihurtu zuten.

Horrenbestez, arazoa, kasu honetan, ez da eskuak garbitu gabe jatea. Baizik arbasoen ohitura bat haustea. Hortik dator Jesusen salaketa handia: hipokrita huts dira, beren bihotza Jainkoagandik urrun dute, Jainkoaren legetzat ematen dute giza ohitura huts dena, Jainkoaren legea hausten dute beren tradizioari eusteko.

Fariseuekiko eztabaida bukatu ondoren, jendeari eta ikasleei hitz egitera jo du Jesusek. Eskuak garbitu gabe jateak ez du kutsatzen gizakia. Inporta duena, bihotzaren jarrera da. Jakina, kanpotik datorrenak ez duela kutsatzen esatea, gehiegi esatea da. Izan ere, hor ditugu, pornografia, drogak, indarkeriarako gonbita, zinema, telebista… Baina Jesus gauza zehatz batez ari da: Janariaz. Halere, janarien kontua baino zabalagoa da Jesusen hori. Adibidez, Elizan jasaten ari garen pederastia eta abusu sexualak kanpoko eraginaren krimen al dira? Nagusiki, norberaren barrutik sortuak dira, norberaren barrua hutsik gertatzetik, nork bere barrua ez zaintzetik, nork bere gizatasuna eta besteena aintzat ez hartzetik… Jesusen irizpide hori oso zabala da.

Eta hasierako adibidera itzulirik, inporta duena ez da apaizari, edo aitari, edo Lehendakariari, edo… errespetua izatea, baizik pertsonari errespetua izatea. Edozein delarik pertsona hori. Pertsona da errespetatu behar dena. Horixe erakutsi zigun Jesusek bere hitzez eta egitez. Gogora dezagun zein hobetsi zuen Jesusek: gaztetxoa zela, gurasoek jakin gabe, Jerusalemgo tenpluan gelditu zenean, zein errespetatu zuen, Jainkoa ala gurasoen ohitura?; adulterioan harrapatutako emakumea ekarri ziotenean, zer hobetsi zuen, halako hura harrika hiltzeko agindua ala guztien gainetik pertsona maite duen Jainkoa?; herrian bekatari handitzat emanak ziren zerga-biltzaileekin bazkaltzen ari zelako, fariseuek zorrotz kritikatu zutenean, zer hobetsi zuen, jendearen ustea hala Jainkoak guztien gainetik maite duen pertsona?, zer hobetsi zuen zuzenbide zorrotza ala errukia?

Senideok, bihotza da inporta duena. Jesusek agertu digun Jainkoaren bihotzaren antzera eta irudira egina den gizakiaren bihotza. Hori da gaurko ebanjelioak eta bigarren irakurgaiak eman diguten irizpidea. Horixe dago jokoan, gaur egun gure Eliza maitean bizi dugun arazo handia: Aita Santuak eta beste askok aldarrikatzen duten errukia, bihotz-irekitasuna, bihotz-zabaltasuna ala beste batzuk defendatzen ari diren zurruntasuna, gogortasuna norberaren ustekoak ez direnentzat.

Eska diezaiogun Jesusen Espirituari, bidal eta zabal ditzala bere dohainak mundu zabalean. Bete gaitzala guztiok Jesusen ebanjelioaz. Eska diezaiogun Andre Mariari ere, Elizaren Ama denez, ukitu dezala Jesusen bihotza, Kanako ezteietan egin zuen bezala, zahagi zaharrak utzi eta berriak onartzera guztioi eragin diezagun.

DIONISIO AMUNDARAIN