Urteko 22. igandea A (2020-08-30)

Pedro, Satanasen bozemaile,
eta maletatxoaren eta bitxi-kutxatilaren parabola

Abuztuko azken aste honek, Espainian bederen, ez du ematen unerik egokiena den sakontasun teologikoetarako. Jenderik gehienaren kezka beste hauetan gihartuko da: oporren bukaera, lanera itzultzea, koronabirusaren zabalagotzea, irakaskuntzak aurre egin behar dien problemak… Testuinguru honetan, ez du ematen gauza erraza izango den erdigunea eskaintzea Jesusi jarraitzeari eta beronek eskatzen digunari. Halaz guztiz, Jesusen etsenplua gogora ekartzeak aipatu arazo horiei mila jirabira emateak baino gehiago laguntzen ahal digu.

Ebanjelioa Mateok dakarrenez (16,21-27)

Joan den igandeko ebanjelioan, Pedrok, Jainkoak inspiraturik, Jesus Mesias dela aitortu zuen. Handik berehala, ordea, bere inspirazio propioak eraginik, Jesus apartarazi egin nahi izan zuen Jainkoak gomendatutako eginkizunetik. Hiru eszenatan bana dezakegu kontaera.

Lehen eszena: Jesus eta ikasleak (nekaldiaren eta piztueraren lehen iragarpena)

Pedrok aitortu berria du Jesus Mesias dela. Baina Mesias aintzatsu bat du gogoan Pedrok, Mesias garaile bat. Horregatik, Jesusek ezinbestekotzat jo du ikasleen ustea argitzea. Jerusalemera doaz, baina Jesusi ez diote harrera onik eskainiko. Aitzitik, jende handiki guztia, politikoak («zaharrak»), goi-mailako kleroa («apaiz nagusiak») eta teologoak («lege-maisuak») aurka jarriko zaizkio, asko sufriaraziko diote, eta hilko dute. Nekez jarriko dituzu elkarrekin ados hiru klase sozial hauek. Halere, bat etorri dira honetan: Jesusi sufriarazi eta bera garbitzeko gogoan.
Alabaina, hau guztia, giza konjurazio huts dela ematen duen hau guztia, Jainkoaren egitasmoaren osagarritzat hartu du Jesusek. Horregatik, ez die esan ikasleei: «Jerusalemera goaz, eta han alproja-talde batek pertsegitu eta hil egingo nau», baizik eta Jerusalemera «joan beharra dut» Jainkoak gomendatu didan eginkizuna betetzera, sufrimena eta heriotza ekarriko dizkidana, baina bere azkena piztuera izango duen eginkizuna. [Jainkoaren egitasmoa bete behar hori da lehen irakurgaiaren gaia, geroxeago ikusiko dugunez].

Mesias izateaz judu-herriak izan zezakeen ikusmoldearentzat, Pedrok eta ikasleek ere izan zezaketenarentzat, inoiz entzungabeko gauza zen Jesusen hori. Halere, sufrimenaz eta heriotzaz bere herria salbatu eta garaile aterako den pertsonaia baten ideia ez da gauza ezezaguna Israel herrian. Profeta anonimo batek adierazi zuen, eta haren mezua Isaiasen liburuko 53. kapituluan jasoa gelditu da, Jainkoaren Zerbitzariaz mintzo delarik.

Bigarren eszena: Pedro, Satanasen bozemaile, eta Jesus

Jesusek piztueraz hitz eginez bukatu du; baina Pedrori atentzioa eman diotenak biok izan dira: «asko sufritzea» eta «hila izatea». Markos 8,32aren arabera, Jesusi haserre egiten hasi zitzaion orduan Pedro, baina esan zizkion hitzak jaso gabe. Mateok gogorkiago deskribatu du Pedroren erreakzioa: Jesus «Aparte hartu eta errieta egiten hasi zitzaion. Ez dezala nahi izan Jainkoak horrelakorik, Jauna! Ezin gerta dakizuke horrelakorik!» Oraingoan ez da Jainkoa Pedroren ahoz ari dena, Pedro da bere bulkadari amore eman diona. Prest dago Jesus onartzeko Mesias garailetzat, baina ez sufrimendua jasan beharko duen Jainkoaren Zerbitzaritzat. Eta Jesusek, lehentxeago zorioneko esan dionak berak, guztiz zakar erantzun dio oraingoan: «Ken nire begi-bistatik, Satanas, estropezu egiten didazu!»

Hitz hauek, bataioaren ondoren Satanasek Jesusi ezarri zizkion tentazioen pasadizoa dakarkigute gogora. Satanasen lekua Pedrok hartu du oraingoan, Jesus gehiena maite duen ikasleak, harengan konfiantzarik handiena duenak, harekin berarekin eta haren mezuarekin gogo-beroena den ikasleak. Eta Satanasen tentazioetan aparteko arriskurik sumatu ez zuen Jesusek, arrisku larria ikusi du oraingoan. Horrengatik, ez du izan erreakzio batere barea, deabruaren aurrean bezala; ez du jo Liburu Santuetara, tentatzailearen aurrean argudioak patxadan aipatzeko, baizik bortxa biziz erantzun dio: «Zuk gizakiak bezala pentsatzen duzu, eta ez Jainkoak bezala». Gizakiok sufrimenari eta heriotzari uko egitera jo ohi dugu, ez ditugu hartzen, berez bezala behintzat, beraietatik on bat ateratzeko okasiotzat. Jainkoak, berriz, badaki, hain negatiboa den horrek fruitu handia ekar dezakeela.

Pasarte honetan Pedrok jokatu duen zeregin tentatzaile honek eta hain bortitza izan den Jesusen erreakzioak gogorarazten digute, ezen gure kristau-bizitzan izan ohi ditugun tentaziorik handienak ez direla etortzen deabruagandik, baizik alboan izan ohi dugun eta maite gaituen jendeagandik. Deabruak gure bizitzan duen arriskua mitifikatzen eta handiesten duen burubidearen aurrez aurre, onuragarri izango dugu gogoratzea ebanjelioko pasarte hau eta Teresa santuaren hitz batzuk, hari berekoak. Bere bizitzako une askotan jasan behar izan zituen duda-muda eta ziurgabetasun asko, batzuetan alde guztietan deabrua ikusarazten zioten aitor-entzuleek eraginak, kontatu ondoren, honela laburbildu du bere azken esperientzia: «… beldur handiagoa diet nik deabruari hain beldur handia diotenei deabruari berari baino; zeren eta deabruak ezin baitit kalterik egin, eta beste hauek, bereziki aitor-entzule badira, asko larriarazten baitute bat, eta hain nekoso igaro ditut urte batzuk, non orain izutu egiten bainaiz nolatan jasan izan ditudan pentsatzean» (Bizitza, 25. kap, 20-22 zenb.).

Hirugarren eszena: Jesus eta ikasleak (maletatxoaren eta bitxi-kutxatilaren parabola)

Ez zuten elkar ezagutzen, ezertan ere, lehen klaseko bi eserleku partekatzea egokitu zitzaien soilik. Berak, emakumeak, bere bitxien kutxatila dotorea ezarri zuen konpartimentuan. Berak, gizonezkoak, maletatxo astun bat ezarri zuen, eskuko ordenagailua eta dokumentu garrantzi handikoak zituena. Ordu batzuen buruan, biena izan zen estutasun bizia, motorretako bat sutan ikusi eta larrialdiko lur-hartzerako prestatzeko abisua entzun zutenean. Zoruaren kontrako talka izugarriaren ondoren, emakumeak bere bitxiak utzi eta irteera-atera korri egin zuen. Gizonezkoa atzeratu egin zen bere agiriak salbatu nahian. Gorpua eta maletatxoa biharamunean aurkitu zituzten, suhiltzaileek sutea itzali zutenean. Gauza bitxia, emakumeak osorik berreskuratu zuen bere bitxien kutxatila.

Jesusen garaian ez zen hegazkinik, eta ezin kontatu ahal izan zuen berak parabola hau. Baina egoki etorri izango zitzaion ebanjelio honen azken irakaspena argitzeko. Hirugarren zati hau ulertzeko, azkenetik hastea komeni da, Gizonaren Semea nori bere jokabidearen arabera ordaintzeko etorriko den unetik. Izatez, bi jokabide bakarrik daude bizitzan: Jesusi jarraitzea (bizia salbatzea, bitxi-kutxatilari uko eginez) edota nork bere buruari jarraitzea (maletatxoa salbatzea norberaren biziaren bizkar). Jesusi jarraitzeak sakrifizio handia du berekin; gehiena maite duzuna galtzea ere eskatzen dizula irudi dakizuke. Nork bere buruari jarraitzea garrantzizkoago gertatzen da: bizia eta maletatxoa salbatzea, alegia. Baina hegazkina sutan dago jada eta ez dago atzerapenerako astirik. Maletatxoa salbatu nahi duenak bizia galduko du. Paradoxaz, bitxi-kutxatilari uko egin dionak bizia salbatu du eta bitxiak berreskuratu.

Jeremias eta Jesus (Jeremias 20,7-9)

Jeremiasen bizitza ez da izan batere erraza. Berak ez zuen profeta izan nahi, Jainkoari objekzioa bota zion: gazteegia zela eta ez zekiela hitz egiten. Jaunak ez zion onartu aitzakia eta mezu gogor-gogor bat adieraztera behartu zuen Judako erreinuaren urterik zailenetan: monarkiaren galera, Jerusalemen suntsipena eta Babiloniara deportatzea hurbiltzen ari zirenean.

Hasieran, dena ondo gertatu zen («liluratu ninduzun, Jauna, eta lilura nintzazun utzi nizun»). Baina etorkizuneko hondamendia iragarri eta zuzenestea zama jasanezin bihurtu zitzaion Jeremiasi. Berak uste du, bere mezu guztia bi hitz ikaragarri hauetan bil daitekeela: «indarkeria eta suntsipena». Gizartean, prediku honek kritika, burla, pertsekuzioa eta, are, herio-mehatxua erakarri dio. Aterabidea? Jainkoa eta beronen hitza alde batera utzi. Baina ezin du. Hitz hori sutan du bere erraietan, su ezin eutsia da.

Jeremias, Jesus bera bezala, beharturik sentitu da Jainkoak gomendatu dion misioa betetzera. Egia esateko, Jesusengan ez dakusagu Jeremiasen kontrakotasun hori, baina hain gizatarra den profetaren erreakzio horrek ulertzen laguntzen digu ezen Jesus Jaunarentzat ere sakrifizio handi gertatu zela «Jerusalemera joan beharra».

Sarrera oso abstraktu bat kapitulu oso zehatz batentzat (Erm 12,1-2)

Bi txatal hauek irakurleari edota Eukaristia ospatzekoan entzungo dituenari (jakina, entzuten baditu), erantzun baino galdera gehiago eragingo dizkio: nola aurkez dezakegu nork bere gorputza «hostia edo opari bizitzat» bizitzat?, zergatik da arrazoizko kultua»?, zer esan nahi du «mundu honi ez egokitzeak» eta «gogo-berrikuntzaz eraldatzeak»?, nolatan jakin dezaket zer den ona eta zer on-ona, Jainkoari atsegin zaiona?

Hain abstraktuak diren txatal hauei oso erantzun zehatza eman die Erromatarren gutun honetako 12. kapituluko segidakoak. Mesedegarri izango zenuke tartetxo bat hartzea irakurtzeko. Esaldi bat, gutxienez, bikain dagokie gaur egungo zertzeladei, milaka lagun lanik gabe gelditzen eta ekonomia-estutasuna jasaten ari den honetan: «Izan solidario sagaratuekin beraien premialdian». Kristauez mintzo da Paulo. Gaur egun edozein pertsonaz aritu beharko genuke.

José Luis Sicre