JESUSENGATIK DENA ARRISKATU (Mateo 16,21-27)
Urteko 22. igandea A 2020-08-30

Ez da erraza Jesusen barnera begira jartzea; halere, esperientzia bikoitza suma dezakegu beraren bihotzean: nola egiten duen bat azkenak direnekin eta nola duen guztizko konfiantza Aitagan. Alde batetik, sufrikario ditu hainbat jendek jasaten dituen zuzengabekeria, ezbeharrak eta gaixotasunak. Bestetik, erabateko konfiantza du Jainko Aitagan, eta jabeturik da ezen Aita horrek ez duela nahi ezer ere seme-alaben bizitzatik gaizkia eta sufriarazten dion guztia erauztea adina.

Jesus prest ageri ohi zen edozertarako, Jainkoaren, bere Aitaren, nahia errealitate bihurtzekotan: mundu zuzenago, duinago eta zoriontsuago bat guztientzat. Eta, normala denez, jarrera bera ikusi nahi izaten zuen jarraitzaileengan. Beraren urratsei jarraitu nahi bazieten, Jainkoarekiko berak bizi zuen irrika eta erreinuaren zerbitzurako berak bizi zuen erabateko prestasuna bizi behar zituzten.

Bere baitan zeraman sua piztu nahi zuen haiengan. Badira hau dena argiro adierazten duten esapideak. Kristau-iturriek, alde txikiekin, gorde dute Jesusek ikasleei esandako hau: «Batek, bere bizitza salbatu nahi badu, galdu egingo du, baina nigatik hura galtzen badu, aurkitu egingo du». Hain paradoxiko diren hitz hauekin, bera bezala bizitzera gonbidatu ditu ikasleak: bizitzari itsu-itsu atxikitzeak hura galtzera eraman zaitzake; bihotz zabal eta adoretsu hura arriskatzeak, berriz, hura salbatzera eraman zaitzake.

Argia da Jesusen pentsaera. Beraren ondoren bideari ekin, baina bizitzak eskaintzen dizkion segurtasun, helmuga eta iguripenei lotu-loturik jarraitzen duena, guztietan handiena den ondasuna galtzera irits daiteke azkenean: Jainkoaren egitasmo salbatzailearen arabera egindako bizitza galdu dezake, alegia. Aitzitik, Jesusi jarraitzeko, dena arriskatzen duenak aurkituko du bizitza, harekin batera Jainkoaren erreinuan sartuz.

Jesusen jarraitzaileak sarritan izaten du, atzemanezineko utopia batengatik «bizia galtzen» ari den ustea. Ez al gara ari geure energia hobenak galtzen Jesusengan amets eginez? Ez al gara ari geure energia hobenak galtzen ezertako ez den arazo batengatik?

Zer egin ohi zuen Jesusek tankera honetako burutazio ilunak etortzen zitzaizkionean? Orduan eta gehiago bat egin sufritzen ari zirenekin eta orduan eta konfiantza handiagoa ipini bere Aitagan, konbentziturik, lurrean esperimentatzen dugun bizitzatik ezin deduzi dugun bizi bat ematen ahal digula.

Jose Antonio Pagola