Urteko 22. igandea A 2020-08-30
HOMILIA

Anai-arrebok!

Lehen irakurgaiak, profeta baten eredua aurkeztu digu: Jeremias profetarena. Barruak, alde batetik, bere lana uzteko eskatzen zion; izan ere, lan horrek bere herritarren burla, mespretxua eta pertsekuzioa besterik ez zekarkion; bestetik, ordea, bere barru horretan sua sentitzen zuen: bere lanari eutsi beharra.

Ebanjelioan, Jesusek gogor egin behar izan dio Pedrori. Honek bere lana uztera eragin nahi dio Jesusi. Eta honek esaten dio: gizon-emakumeek bezala pentsatzen duzu zuk, eta ez Jainkoak bezala

Ondoren, beraren jarraitzaile guztioi eskatu digu Jesusek geure egitekoa betetzen saiatzeko. Argitu digu, piztuerako bidea, aintzarako bidea, zorionerako bidea, gurutzetik pasatzen dela.

Paulo santuak, gaurko bigarren irakurgaian, dioenak ere badu zerikusirik, beste bi irakurgai horiekin. Hona, labur-labur, zer dioskun: eskaini zeuen gorputza Jainkoari ostia bizi, santu eta atsegin bezala; ez zaitezte egokitu mundu honetara, baizik eta eraldatu zeuen gogoa, Jainkoaren gogoa zein den bereizten jakin dezazuen.

Senideok, irakurgai hauek ez digute esaten, mundu honetako gure bizitzari uko egiteko; ez, arazoa ez da, geure bizitzari uko egitea; arazoa egoismoari uko egitea da. Arazoa, helburua garbi edukitzea da. Eta helburua garbi izanik, bideko guztia hari begira egitea.

Alde honetatik, parabola bizi, moderno eta gaur-gaurkoa aurkeztu ditugu Jose Luis Sicrek gaurko bere iruzkin edo komentarioan. Horixe agertu nahi nuke, nire lerro edo hitz hauek bukatzeko.

«Ez zuten elkar ezagutzen, ezertan ere, lehen klaseko bi eserleku partekatzea egokitu zitzaien soilik. Berak, emakumeak, bere bitxien kutxatila dotorea ezarri zuen konpartimentuan. Berak, gizonezkoak, maletatxo astun bat eskuko ordenagailuarekin. Ordu batzuen buruan, biena izan zen estutasun bizia, motorretako bat sutan ikusi eta larrialdiko lur-hartzerako prestatzeko abisua entzun zutenean. Zoruaren kontrako talka izugarriaren ondoren, emakumeak bere bitxiak utzi eta irteera-atera korri egin zuen. Gizonezkoa atzeratu egin zen bere agiriak salbatu nahian. Gorpua eta maletatxoa biharamunean aurkitu zituzten, suhiltzaileek sutea itzali zutenean. Gauza bitxia, emakumeak osorik berreskuratu zuen bere bitxien kutxatila».

Bietan zeinek ulertu zuen Jeremiasen, Pauloren, Jesusen mezua? Motor bat sutan ikustean, atera korri egiteak biziari bai esatea esan nahi du. Guztien gain, maletatxoa eta dokumentuak salbatu nahi izateak, berriz, egoismoa esan nahi du.

Jeremiasi jarraituz, lagundu diezagula Jaunak geure barne suari eusten, geure bizitzako bitxiak alde batera utzi behar baditugu ere; gurutzeari itsatsirik bizi behar badugu ere.

Paulo santuari jarraituz, eman diezagula Jesusen Espirituak gauzak bereizteko argia: zein den lehenengo, zein den bigarrengo, zein den hirugarrengo…

Lagundu diezagula Jesusek bi jokabideetatik bat, zuzena, aukeratzen: Jesusi jarraitzea (bizia salbatzea, bitxi-kutxatilari uko eginez), ala nork bere buruari jarraitzea (maletatxoa salbatzea biziaren bizkar) alde batera utziz? Izan ditzagula bidelagun Andre Maria eta santuak; gaur bereziki, Jeremias eta Paulo. Baita abuztuaren 29an ospatu dugun eta martiri hil zen Joan Bataiatzaile santua ere.

Dionisio Amundarain