Zenbat, nola eta zein salbatuko dira (2016-08-21)
Urteko 21. igandea C

Mendetan, israeldarrak ez ziren kezkatu beste bizitzako salbamenaz nahiz gaitzespenaz; denak, on eta gaizto, aberats eta pobre, zapaltzaile eta zapaldu, lur azpiko mundura, Sheolera jaisten ziren; han bizirauten zuten ez poz eta ez pena, itzal gisa. Jainkoaren zuzentasunaz, jende onen sariaz eta gaiztoen zigorraz, arduratzen zirenek erantzuten zuten hori guztia mundu honetan gauzatzen dela. Alabaina, eguneroko bizitzak guztiz kontrakoa uzten zuen agirian, eta hala salatu du Job liburuaren egileak: mundu honetan, lapurrak eta hiltzaileak zoriontsu bizi ohi dira, eta pobreak miserian hiltzen.
Denborarekin, Jainkoaren zuzentasuna zuzenesteko, talde erlijioso batzuek, fariseuek eta esenioek adibidez, saria eta zigorra geroko bizitzako gauza direla esango dute. Ebanjelioen baitan, aberatsaren eta Lazaroren parabolak ondo islatu du ideia hau: aberatsa oso ondo bizi izan da mundu honetan, baina Lazarorekiko izan duen portaera zuzengabe eta egoistak beste bizitzan torturatua izatera eraman du; Lazarok, berriz, lur honetan ezer izan ez duen hark, betiko zoriona lortu du.
Piztueran sinesten duten juduen artean, bada beste jarrera bat, garrantzizkoa gaurko ebanjelioaren hasiera ulertzeko: jende ona bakarrik pizten da bizi zoriontsurako; gaiztoek ez dute lortzen sari hori, baina ez dira kondenatzen.

Galdera zentzugabe bat: «Jauna, gutxi izango al dira salbatuko direnak?»

Gaur egungo aski kristauk beste era batean egin izango zuen galdera: asko izango al dira galduko direnak? Alabaina, Lukasek aipatzen duen pertsonaia, ematen du, salbazioan bakarrik sinesten duen talde horretakoa dela. Jesusek beste galdera batekin erantzuten ahal zion: zer da zuretzat «gutxi» hori? Lau mila? Hogei milioi? Ehun eta berrogeita lau mila, Jehovaren lekukoek dioten bezala? Jende gutxiaz edo askoaz delako galdera hori zentzugabea da, nahiz eta baden gehienak galduko direla edota guztiak salbatuko direla ziurtasun osoaz dioen jenderik.

Irakaspen bat: «sartu ate estutik»

Jesusek ez du jokoan egin nahi izan. Ez dio erantzun ere galdegin dionari; baizik eta abaguneaz baliatu da irakaspen orokor bat eskaintzeko. «Saia zaitezte ate estutik sartzen. Egiaz diotsuet, asko saiatuko direla sartzen eta ezin egingo dutela».
Irudia, Lukasek aurkezten duen bezala, ez da oso egokia. Ate estu batetik sartu ezin direnak pertsona oso gizenak dira, eta ez da hori jokoan dagoena. Mateoren ebanjelioak bertsio osoago eta argiagoa dakar: «Sartu ate estutik: izan ere, zabala da atea eta hedatsua hondamendira daraman bidea, eta asko dira horretatik sartzen direnak. Baina bai estua atea, bai meharra bizira daraman bidea, eta gutxi dira horretatik jotzen dutenak» (Mateo 7,13-14).
Nolanahi den, Jesusen aholkua zehaztugabea da guztiz: zertan datza ate estutik sartzea? Beste batzuetan argiago utzi ohi du Jesusek arazoa.
Betiko bizia nola lortuko larri ageri den gazte aberatsari, erantzun dio: «Ez inor hil, ez adulteriorik egin, ez lapurtu, ez egin testigantza gezurrezkorik, ohoratu aita-amak, maitatu lagun hurkoa zeure burua bezala». Mateoren ebanjelioan, azken auziaren parabolak irizpide zehatzak dakartza, salbatzeko eta hondatzeko orduan Jesusek kontuan izango dituenak: «gose izan bainintzen eta jaten eman zenidaten, egarri izan nintzen eta edaten eman zenidaten, etorkin nintzen eta harrera egin zenidaten, biluzik nengoen eta jantzi ninduzuen, gaixo nengoen eta bisitan etorri zintzaizkidaten, preso nengoen eta bisita egin zenidaten».
Esperientziak erakusten du, hau guztia bizitzea ate estutik pasatzea dela, baina guztien eskura dagoena.

Azken txundigarri eta polemikoa: zein

Salbatzen direnen kopuruaz egindako galderak erantzun bat eragin du nola salbatzeaz; baina zerbait gehiago ere gehitu du Jesusek, zein diren salbatzen direnez.
Isaiasen liburuak hitz hauek dakartza, Jainkoak israeldarrei esanak: «Zure herrian denak zuzen izango dira eta betiko izango dira lurraren jabe» (Is 60,21). Promes honetan oinarrituz, rabino batzuek esaten zuten Israel osoak hartuko duela parte etorkizuneko munduan; esan nahi da, denak salbatuko direla (Tratado Sanedrín 10,1). Eta paganoak? Haiek ere salbatzen ahal dira juduen fedea onartzen badute.
Halaz guztiz, Lukasek dakarren parabolak zerbait guztiz desberdina dio. Etxe-nagusia Jesus da, eta atean jotzen dutenak Jesusen judu garaikideak dira, harekin jan eta edan izan dutenak, berauen plazan irakatsi izan du Jesusek. Ezin esku hartuko dute erreinuko jai-otorduan egiazko israeldarrekin batean, hiru patriarkek eta profetek ordezkatuekin. Aitzitik, atzerritar asko, lau puntu kardinaletatik etorriak, mahaian eseriko dira.
Paganoen konbertsioa iragarria zuten jada profeta batzuek, gaurko lehen irakurgaian datorrenez (Is 66,18-21). Baina ebanjelioa zaurgarria da eta polemikoa: arazoa ez da paganoek juduekin bat egitea, baizik eta paganoek juduak ordezkatuko dituztela Jainkoaren Erreinuko otorduan. Hitz hauek lehen elizarentzat misterio handia izan zen hura gogorazten digute: ikusi baitzuten judu-herriko askok ez zuela onartu Jesus Mesiastzat eta, aldiz, pagano ugarik egin ziola harrera ona.

Irakaspena eta ñabardura

Jesusek hain gustukoak zituen esaldi labur eta enigmatiko haietako batekin bukatu du Lukasek: «Begira, badira lehenengo izango diren azkenak, eta azkenak izango diren lehenengoak». Lukasen interpretazioan, paganoak dira azkenak, juduak dira lehenak. Hurrenkera trukatu egin da. Halaz guztiz, lehenak, juduak multzo oso bezala, ez dira gelditu otordutik at, gonbidatuak dira haiek ere. Lukasek berak, Apostoluen Eginak liburua idatziko duenean, Paulo lehenik juduei hitz eginez aurkeztuko digu, nahiz eta eskuarki arrakasta handirik gabe.

Lehen irakurgaia: Isaias 66,28-21

Lehen paragrafoa da ebanjelioarekin erlazionatua dena: paganoen konbertsioaz mintzo da, Tarsisetik (sarritan Cadiz / Huelva zonaldean kokatua) Turkiaraino (Masak eta Tubal), eta Afrikako bi erregio garrantzizko barne (Libia eta Etiopia). Ikuspuntua ebanjelioarena ez bezalakoa da: Isaiasengan konbertsioa bakarrik aipatzen da, eta ez beste bizitzako salbazioa (gai hau profetaren ikuspegitik kanpo dago).

José Luis Sicre