Urteko 21. Igandea B 2021-08-22
HOMILIA

Anai-arrebok!

Gaurko irakurgaien muina bi galdera hauetan biltzen da: batetik, gaurko lehen irakurgaian, Josuek Israelgo tribuei egindako galderan: «Baina Yahve (Jauna) zerbitzatzea ongi iruditzen ez bazaizue, aukera ezazue zein zerbitzatu: zuen arbasoek Mesopotamian zerbitzatu zituzten jainkoak ala amortarren jainkoak; nik eta nire etxekoek Jauna zerbitzatuko dugu» (Josue 24,15); bestetik, gaurko ebanjelioa, Jesusek ikasleei egindako galderan: «Zuek ere alde egin behar al duzue?» (Joan 6,67).

Hori da gakoa kristau bizitzan: aukera egitea: Kristo Jesus ala idoloak. Kristo Jesus bere inplikazio guztiekin, funtsean bere gurutzearekin, ala mundua beronek agertzen dizkigun eskaintzekin: boterea dela, aberastasunak direla, fama edo ospea direla (ekar ditzagun gogora, Jordan ibaian bataiatua izan eta basamortuan penitentzia egin ondoren Jesusek izan zituen tentazioak: «egizu harri hauek ogi bihur daitezen» [boterea], «bota ezazu zeure burua Tenpluaren hegaletik behera» [harrokeria, ospea, fama], «gurtzen banauzu hau guztia emango dizut» [aberastasunak. kontsumoa]. Eta Jesusen erantzunak: «gizakia ez da ogiz bakarrik bizi, baizik Jainkoaren hitz guztitik» [Pedroren aitorpena gaurko ebanjelioan: «zuk dituzu betiko bizirako hitzak»]; «ez zirikatu Jainkoa» [juduek Mesias militarra, mirarigilea, askatasun politikoa eta ekonomikoa era magikoan emango diena nahi dute, eta Jesusek beste bide bat hartu du; horregatik diote: «Jesusen hizketa hau onartezina da»); «alde hemendik, zeure Jainkoa adoratuko duzu»]).

Senideok, gaurko honen aurreko lau igandeetan, bizi-ogiaz Jesusen eta juduen arteko eztabaidaz aritu zaigu Joanen ebanjelioa. Gaurko honetan, Jesusen ikasleak dira protagonista eta, jakina, Jesus bera. Bi taldetan banaturik ageri dira ikasleak.

Ikasle-talde handienarentzat, Jesusen «hizketa hau onartezina da». Arazoa ez dute bizi-ogiarena bakarrik. Ezta Jesusek zerutik jaitsia dela esan izana ere. Handiagoa eta zabalagoa dute zailtasuna. Jesus mirariak egiten ikusi dute. Ogiak eta arrainak ugaltzen, adibidez; horren aurrean ez dute arazorik izan. Beste hau dute ezin ulertua: uste zuten bera zela mesias, uste zuten mesias honek konponduko zizkiela bizitzako beren arazoak: askatasun politikoa, erromatarren mendetik askatzea; problema ekonomikoak konpontzea etab. Eta Jesusek beste bide bat proposatzen diela ikusi dute. Funtsean, gurutzearen bidea. Bide xumea, lankidetzaren bidea, errukiaren bidea. Eta «hizketa hori onartezina» iruditu zaie. Eta Jesusi jarraitzeari utzi diote.

«Hizketa onartezina». Jarrera, biziera onartezina. Ez da garai hartan Jesusi jarraitzeari utzi zioten ikasle haien arazoa bakarrik. Gaur berean, zer dakusagu? Jende askok ageri-agerian utzi dio Jesusi jarraitzeari. Beste askok, Jesusi jarraitzeari erabat utzi ez badio ere, behin eta berriz galdetuko dizu: zergatik ez ditu konpontzen Jainkoak gure mundu honetako arazoak?

Hona halakoei Jesusek eman dien erantzuna: «Espiritua da bizia ematen duena… Esan dizkizuedan hitzak espiritu dira eta bizi». Baina konturatu da, askok ez diotela jarraitzen. Eta orduan gehitu du: «Ezin etorri da inor nigana, Aitak erakartzen ez badu». Geure arrazoi hutsak ez gaitu eramango Jesusengana. Aitaren arnasa, eragina beharrezkoa dugu. Haragiaren gainetik espiritua dugu gizakiok; Jainkoak bere irudira eta antzera egin gaitu. Espiritudun egin gaitu. Espiritu hori da askatu eta liberatu eta abian jarri behar duguna. Espiritu garen horrek egingo gaitu Aitaren eragina atzemateko gai.

Azkenean, berarekin gelditu diren ikasle-apurrei galdetu die Jesusek: «Zuek ere alde egin nahi al duzue?» Eta Pedrok: «Norengana joan gintezke. Zuk dituzu bizirako hitzak». Lehenengo irakurgaian ere, antzeko galdera egin die Josuek Israelgo hamabi tribuei: «Baina Yahve (Jauna) zerbitzatzea ongi iruditzen ez bazaizue, aukera ezazue zein zerbitzatu: zuen arbasoek Mesopotamian zerbitzatu zituzten jainkoak ala amortarren jainkoak». Eta aho batez erantzun diote: «Inola ere ez dugu Yahve (Jauna) utziko, jainko arrotzak zerbitzatzeko! Yahve (Jauna) dugu geure Jainkoa».

Senideok, badakigu, israeldarrek, momentu horretan Yahve hain sendo baietsi arren, behin eta berriz jo izan zutela idoloetara. Pedrok ere, momentu horretan hain aitorpen sendoa egin arren, besteak beste, saldu egin zuen Jesus. Halere, gero, bere maitasun suharra agertu zion bere bizitza erabat berari emanez.

Egin dezagun geure, israeldarrek Sikemen egindako aitorpena: «Inola ere ez dugu Yahve (Jauna) utziko, jainko arrotzak zerbitzatzeko! Yahve (Jauna) dugu geure Jainkoa». Egin dezagun geure, Pedroren aitorpena ere: «Norengana joan gintezke. Zuk dituzu bizirako hitzak». Ahuldadeak inoiz edo behin ahuldadera eramango bagaitu ere, indartsuagoa dugu zeruko gure Aita; hark beti eta beti, gure eroriak gorabehera, Jesusengana erakarriko gaitu. Ez dezagun itzali sekula geure espiritua. Baditugu geure bizitzan beti argindar-sareari konektaturik eduki behar izaten ditugun tresnak. Hala eduki behar dugu beti geure espiritua: beti konektaturik.

Dionisio Amundarain

Erabakiaren tenorea jina zen, Josuek herria Lur Saindurat ereman zuelarik, Izraeldarrek behar ukan zuten hautatu zoin Jainko xerbitxatuko zuten. Hemen ber gisan, Jesusen entzuleek behar dute erabaki, segituko duten ala ez. Errepostua desberdina izan zen : « Ordutik, ainitzek gibelerat egin zuten eta harekin ibiltzea utzi. » Bainan Petrik erran zuen : « Jauna, norenganat joan gintezke ? Zuk ditutzu betiereko biziaren hitzak. » Joanik, xehetasun hau emaiten dauku, gertakari hori kafarnaumen iragan zela.

Alta Bazkoko mixterioa Jerusalemen gertatu zen, bainan Kafarnaum Galileako hirian, lehenik agertua izan zen. Pasioneaz mintzo zen Joani: kurutzean gertatu zen bezala, ainitzek gibelerat egin zuten eta bestek hautatu zuten haren segitzea. Ogien ugaltzean baziren 5000 jende eta orai, hetarik hamabi gelditzen dira bakarrik.