Urteko 21. igandea A 2020-08-23
HOMILIA

Anai-arrebok!

Gaurko ebanjelioaren ideia nagusia, dudarik gabe, Jesusek ikasleei egin dien galdera da: «Ni nor naizela dio jendeak?» «Ni nor naizela diozue zuek?»

Gauza jakina da, Euskal Herriak paraje ikusgarriak ditu. Halere, zenbat jendek ezagutzen ditu paraje horiek? Edota, hobeto esateko, jende askok zenbateraino ezagutzen ditu paraje horiek? Esaera aski arrunta da: Euskal Herria ezagutu ez, eta urrunera joan behar izaten du jende askok paraje ikusgarrien bila.

Ez al zaigu antzeko zerbait gertatzen Jesusekin? Jesus ezagutzeko, harreman gehiago eta sutsuagoa behar da, bai berarekin, bai beraren hitzarekin.

Gizon-emakumeok haur txiki eta ahul jaiotzen gara. Denerako besteen laguntza behar izaten dugu. Jesus ezagutzeko ere bai. Eta bizitza guztian beharko dugu besteen laguntza hori, Jesus ezagutzeko.

Gauza ederrak esaten dizkigute teologoek. Adibidez: Jon Sobrino jesuitak esaten dio Jesusi: Zu gizon-emakumeen askatzailea zara, gizon gurutziltzatua eta berpiztua. Eta beste teologo batek esaten dio: Zu Jainkoaren aurpegi gizatarra zara, gizon-emakumeentzat bizi-sustrai eta askatasun-sustrai zara. Pagolak esaten dio: Jainkoaren errukia zara zu.

Eta guk zer esaten diogu? Jo dezagun geure bihotz-barnera. Ireki diezazkiogun begiak Espirituari. Espiritu honek berak ireki dizkio begiak Pedrori ere.

Jesusek egindako galderari, Pedrok erantzun dio: «Zu Mesias zara, Jainko biziaren semea». Aberastasun handia du esaldi honek. Mesias zara: Profetek promes egindako salbatzailea eta askatzailea esan nahi du, gizakiaren liberatzailea. Jainko biziaren Semea zara: zerbait berezia ikusi du Pedrok Jesusengan, gizaki huts ez den zerbait. Aitorpen handi horrengatik, zoriondu egin du Jesusek Pedro: «Zorionekoa zu, Simon, … aitorpen hau zeruko nire Aitak agertu baituzu» .

Eta hiru agintzari edo promes egin dizkio Jesusek Pedrori: eraiki nahi dudan neure Elizaren sostengu-harri egingo zaitut; zeruko Erreinuko giltzak emango dizkizut; Elizaren oinarri egingo zaitut.

Batetik, sostengu-harri: Isaias profetagan (51,1-2) esaten zaie israeldarrei, Jauna izango dutela beren arroka; hemen, ebanjelioan, bere lekuko berezi izango den Pedrori edo aita santuari aplikatzen dio Jesusek arroka terminoa.

Bigarren, giltzak ematea: gaurko lehen irakurgaian, jauregiko Sobna etxe-nagusiari kendu egin dizkio giltzak, harrokeriaz eta egoismoz jokatu duelako, eta Eliakimi eman dizkio erregeak: erreinuko boterea ematea esan nahi du giltzak emate horrek; baina ez da harrokeria eta egoismoz erabiltzeko boterea; gaurko ebanjelioan, bere lekuko berezi izango den Pedrori agindu dizkio giltzak Jesusek.

Hirugarren, Elizaren oinarri egingo zaitut, diotso Jesusek Pedrori. Ikuspegi praktikoz jokatu du Jesusek. Elkartean sor daitezkeen gatazketan, eginkizun berezia izango du Pedrok. Lehen kristauen garaian, jadanik, agertu zuen Pedrok zeregin hori. Adibidez, kristau-elkarteetan paganoak onartu ala ez erabakitzeko orduan. Baina egiteko hori ez da mugatzen gatazketan azken hitza izatera. Inportanteena, Jesusen berri eman eta eman aritzea du Pedro, du aita santuak.

Senideok, zer eta zein da Jesus guretzat? Betiko geurekin dugun norbait, baina izango eta gurekin egongo ez balitz bezala tratatzen dugun norbait? Azken batean, ezezagun bat? Saiatu beharko genuke, tarteka, halako sartu bat egiten geure bihotzera. Han agertuko zaigu Jesus bere onberatasun guztiarekin: irribarretsu, errukitsu, barkatzaile, poz-emaile, indar-emaile, argi bizi distiratsu. Zatoz, Jesus, eta bete gure bihotza eta eskuak zeure graziaz eta asmoez.

Dionisio Amundarain