URTEKO HOGEIGARREN IGANDEA B

Lehen irakurgaia

( Zuhurtziaren mahaina )

Erran Zaharren liburutik 9, 1-6

1 Zuhurtziak bere etxea eraiki du, zazpi zutabe landu ditu.
2 Abereak hil ditu, arnoa prestatu, eta mahaina ezarri.
3 Bere neskatoak igorri ditu, eta hiri gainetan oihu egin:
4 “ Zuhurtziarik ez baduzue, zatozte niganat!”
Zentzugabeari erraiten dio:
5 “ Zatozte nere ogitik jatera,
eta prestatu dutan arnotik edatera!
6 Utz xorakeriak, eta biziko zirezte;
ibil zentzuzko bidean.”

Herri guziek badituzte beren erran-zaharrak, herriaren zuhurtziaren miraila direnak.
Jerusalemen ere, Salomon erregearen denboratik, idazleek bildu zituzten gisa hortako ateraldiak,
beren herrikoak edo atzerrietakoak, Egiptokoak besteak beste. J.K. aitzineko 5. menderainokoak,
Bibliako “Erran Zaharrak” deitu liburuan aurkitzen ditugu.
Beste herriek ez bezala, Izraelek bazakien bere Erran Zaharrak bereziak zirela : ez ote
ziozkan Jainkoak berak beharrirat xuxurlatuak. Jainkoaren zuhurtziaren oihartzunak ziren. Izrael ez
zen guti harro holako altxorraz.
Irudiak irudi, Jainkoaren Zuhurtzia horrek Jerusalemeko mendixkaren gainean eraiki du bere
etxea, zazpi zutabeduna (“zazpi”zenbakia betetasunaren sinboloa da) tenplo bat bezala. Bainan ez
da handieriari bakarrik idekia. Etortzen zaizkion guzieri eskaintzen zaiote jateko eta edateko,
nahikoa eta kitorik. “Zentzugabea” ere gomitatua da, zuhurtziaz hazirik, “zentzuzko bidean ibil
dadin.”
Hemen gogoratzen zaiku Jesusek kondatu parabola : ezteietarat gomitatuena : “Jainkoaren
erregetzarekin, bere semearen ezteiak egin zituen erregearekin bezala gertatzen dea. Mutilak igorri
zituen ezteiliarren gomitatzera, bainan heiek ez zuten etorri nahi ukan.” (Mt 22, 2-3) Erran
zaharren liburuan denak gomitatuak dira :”Zuhurtziarik ez baduzue, zatozte niganat!” Gomitaren
errefusatzea, zentzugabe egoitea da. Zentzugabe hori, gutarik bakotxa da, guhaurena bakarrik aski
bazaiku. Zuhurtzia Jainkoaren emaitza da. Onartzen badugu bide xuxenetik goatzi. Jainkoari buruz
joaitea, horra egiazko zuhurtzia. Jainkoari bizkar emaitea, hori bai zozokeria, argiari eta biziari “ez”
erraitea baita.

Salmoa 33

Leloa: Goza ta beha zoin den gozoa,
Zoin den maitea gure Jainkoa!

Jaunari beti esker emaiten nagokio:
Hari nik beti laudorio.
Jaunaren baitan arima kantuz banabila:
Bihotz apalak pitz ditela!
Jainkoarenek, izan Jaunaren beldur saindu:
Fede duenak dena badu.
Handi-mandiak hits eta gose badabiltza,
Jainkozaleak dena gauza.
Etor semeak, nahi dautzuet erakutsi
Jaunaren beldur nola bizi.
Non ote da non bizi egarri den gizona,
Nahi bailuke zoriona?
Zure mihia begira zazu tzarkeritik,
Zure ezpainak gezurretik.
Gaizkitik urrunt eta zuzenki bizi zaite,
Bila bakea urtez urte.

(Hemengo argitasunak 19. Igandeko heiek berak dira)

Bigarren irakurgaia

( Bizi girixtinoki esker onean )

Jondoni Paulok Efesako girixtinoeri 5, 15-20

Haurrideak,
15 kasu nola zabiltzaten; ez joka ergelki, bainan zentzuz.
16 Ongi balia oraiko denbora, egun txarrak baititugu.
17 Beraz, ez izan burugabe, bainan konpreni Jaunak zer nahi duen.
18 Ez mozkor, arnoa galbidea baita;
aitzitik, bete zaitezte Izpiritu Sainduaz.
19 Zuen artean, salmoak, gorazarreak eta kantika goi-argituak emanez,
kanta eta gorets Jauna bihotz-bihotzez.
20 Gauza guziengatik eta beti eskerrak eman Jainko Aitari,
Jesu Kristo gure Jaunaren izenean.

Jondoni Paulok Efesoarreri emaiten diozkaten kontseiluak lau pundutan bil daitezke :
-“Ez joka ergelki, bainan zentzuz.” Gauza bera zion lehen irakurgaiak. Bi biden artean
hautatu behar da : andere Zuhurtzia ala andere Xorokeria ? Bi bide balinbadira, kurritu behar da
beraz. Girixtino zuhurtzia “korrika” bat da, ez nola-nahika, baizik Jainkoaren deiaren arabera,
amodioan. Egiazko zuhurtzia da egun guziz bide xuxenaren aurkitzea eta hartan ibiltzea, Jauna
lagun.
-“Ongi balia oraiko denbora.” Hemen aipu diren “egun tzarrak”, iduriz, girixtinoen
ingurumeneko paganismoa da. Girixtinoak ez du hortik ateratze beharrik, hor bizi behar du bere
fedea : “Ez zaiteztela mundu hunen iduriko egin, alda zaitezte, zihauren adimendua berrituz; hola
berexten ahalko duzue Jainkoaren nahia : zer den ona, atsegingarri zaiona eta on baino hobea.”
(Erm 12,2)
– “Ez mozkor”. Denbora guzietakoa da mozkortzea. Bibliako Erran Zaharretan irakurtzen
dugu:”Ez beha arnoari, gorri-gorria, kopan distira egiten duenean, hoin goxoki sartzen
zintzurrean. Azkenean, ordea, sugeak bezala ausikitzen du, sugegorriak bezala ziztatzen. Gauza
bitxiak ikusiko dituzu, zentzugabekeria frango pentsatuko eta erranen. (Er 23, 31-33) Mozkortzea
gaitzestean, Pauloren solasak bere punta xorrotxa huntan du : “Bete zaitezte Izpiritu Sainduaz.” Utz
bazterrerat zorion faltsuak (horietan mozkortzea) eta bila zazue egiazko zoriona, Izpirituak bakarrik
eman dezakena.
– “Gauza guziengatik eta beti eskerrak eman Jainko Aitari.” Testamendu Zaharrak ez du
besterik erraiten, adibidez gaurko salmoak, 33-garrenak. Bainan hemen berritasun handi bat aipu
da : eskerren bihurtzeko arrazoin bakarra Jesu Kristo da : « …eskerrak eman Jainko Aitari, Jesu
Kristo gure Jaunaren izenean », erran nahi baita Jesu Kristorengatik. Hura da munduaren
erdigunea. Haren Izpirituak bozkarioz eta esker onez betetzen gaitu.

Ebanjelioa

Alleluia, alleluia

Guzi guzien begiak daude, Jauna, zuri,
Eta heieri behar orduan zuk janari:
Eskainia den Bildotsaren gorputz-odolak.

Jesu Kristoren Ebanjelioa jondoni Joaniren liburutik 6, 51-58

Jesusek erran zion jendeari:
51 “ Ni naiz ogi bizia, zerutik jautsia:
ogi huntarik jaten duena betiere biziko da.
Nik emanen dutan ogia nere haragia da,
mundua bizi dadin emana.”
52 Juduak eztabadan ari ziren beren artean:
“ Nola eman diezaguke hunek bere haragia jatera? ”
53 Jesusek erran zioten orduan:
“ Egiaz-egiaz diozuet:
ez baduzue Gizonaren Semearen haragia jaten,
eta haren odola edaten,
ez duzue bizirik izanen zuen baitan.
54 Nere haragia jaten eta nere odola edaten duenak,
betiereko bizia badu;
eta nik piztuko dut azken egunean.
55 Zeren nere haragia egiazko janaria baita,
eta nere odola egiazko edaria.
56 Nere haragia jaten eta nere odola edaten duena
ni baitan dago, eta ni haren baitan;
57 Bizia den Aitak ni igorri nauen bezala,
eta ni Aitari esker bizi naizen bezala,
halaber, ni jaten nauena, neri esker biziko da.
58 Hau da zerutik jautsi ogia:
ez zuen arbasoek jan zutena bezalakoa, heiek hil baitziren.
Ogi hau jaten duena, betiere biziko da.

Mintzaldi hortarik landa, anitzek Jesusi jarraikitzea utzi zuten : Ez da holako elerik onartzen
ahal. Orduan Hamabieri buruz itzuli zen Jesus : “Eta zuek, ez duzue joan nahi ?” Petrik orduan :
“Norenganat joan gintezke ? Zuk dituzu betiereko bizira deramaten hitzak”.
Ezin uka : Ele horiek ezin onartuak dira gure arrazoinarendako. Aterabidea Petrirena bera da
: hitz horiek onartu, gure baitan sar diten, gehiagoko argirik gabe. Arrazoin hutsak ez du sekula
eukariztia osoki argituko : eukariztia bizitzen da konprenitzen den baino gehiago.
Testo huntan ateratzen den hitz nagusia “bizia” da : “Ogi huntarik jaten duena biziko da
betiere.” Eta bizia emana da :”Nik emanen dutan ogia”, emaitza hutsa. Izai profetak erran zuen : «
Egarri zirezten horiek, zatozte urerat ; dirurik gabe ere, zatozte…zatozte eta edan zazue dirurik
gabe, pagatu gabe… » (Is 55,1-3)
Biziarazten gaituena, kristoren dohaina da, « haren sakrifizioa » deitzen duguna. Bainan
kasu “sakrifizio” hitzari. Horren erran-nahia anitz aldatu da, mendeak joan arau:
Bibliaren historia hastapenetan Juduek, beste herriek bezala, jende eta animale odola
ixurtzen zuten. Jainkoarekin harremanetan sartzeko uste zen odola ixuri behar zela, hil behar zela.
Hori eginez, Jainkoari berea itzultzen zitzaion : bizia, odola bizia baita.
Gero jende sakrifizioen ezeztatzea Abrahamekin hasi zen, Bibliaren arabera. Bere seme
Izaaken sakrifikatzeko Abrahamek ganita altxatu zuelarik Jainkoaren aingeruak debekatu zion
:”Geldi esku hori! Ez egin kalterik mutikoari!” (Has 22) Profetek ez dute besterik errepikatuko :
jende sakrifizioak Jainkoari okaztagarri zaizkiola.
Moisek animale sakrifizioeri norabide berria eman zieten. Konda dena, sakrifizioa egitean,
Jainkoarekilako elkargoa da. Geroago profetak urrunago joanen dira. Heientzat eskaintza baino
baliosagoa da eskaintzalearen bihotza, bihotz maitekorra.
Ez dute hitz aski gogorrik beren anaiak gaizki tratatu eta gero sakrifizio eskaintzera joaiten direnen
kontra :”Zuen eskuak odolez estaliak dira” dio Izaik. Eta Oze profetarena da geroago Jesusek berak
errepikatuko duena :”Urrikalmendua dut nahi, eta ez sakrifiziok” (Oz 6,6)
Azken urratsa Izaik eginen du “Zerbitzariari” buruzko lau poema miresgarri idatziz :
Jainkoarekin egiazko harremanetan sartzea ez da hiltzea, bizitzea da, eta anaiak biziaraztea, heien
zerbitzuko jarriz. Izaik aipu duen zerbitzari mixteriozko hori Jesus dela dio Testamendu Berriak.
Haren bizi guzia, sakrifizio ezin-hobea da : “Emanen dutan ogia, ene haragia da, emana munduak
bizia ukan dezan.”