Urteko 20. igandea B (2015-08-16)
HOMLIA

Anai-arrebok!

Lau igande daramatzagu San Joanen ebanjelioko seigarren kapitulua irakurtzen. 17. igandean Jesusek eskaini zien, eta eskaintzen digun, seinale handia entzun genuen: bost ogiena; 18. igandean Jesusen erregu hau entzun genuen: ogi materialaren ardura utzi gabe, betiko bizia ematen duen ogiaz arduratzeko; 19. igandean, joan den igandean, Jesusen esan hau entzun genuen: «neu naiz zerutik jaitsi den ogia».

Gaurkoan urrats bat gehiago egin du Jesusek bere hitzaldian. Ogi bizia eman digu Jesusek. Ogi hau jaten duena, betiko biziko da. Baina ogi hau, emana eta eskainia den ogia da.

Batetik, ogi bizia da. Baina, aldi berean, bizi-ogia da. Bizia ematen duen ogia. Ez genuke ahaztu behar: ogi bizia bada, bizi-ogia da. Bizia den ogia bada, bizia ematen duen ogia da. Ezin izan da ogi bizia, bizia ematen ez badu. Geure biziari ere aplikatu beharko genioke hori: bizi bagara, bizia ematen jakin behar dugu.

Bestetik, emana eta eskainia den ogia da. Bibliako eta kristau-tradizio osoan, emate eta eskaintze hau oso loturik daude sakrifizio hitzarekin. Baina kontu egin dezagun nola hartzen dugun hitz hau: sakrifizioa.

Bibliaren hasieran, beste kulturetan bezala, gizon-emakumeen eta Jainkoaren arteko harremanak adierazteko, beharrezkoa zen odola isurtzea: gizakiarena eta animaliena. Odolak bizia adierazten zuen. Eta odola isuriz bizia eskaintzen zioten Jainkoari.

Geroago, Abrahamekin, Biblian behintzat, uste hori okertzat eman zen. Isaak bere semearen odola ez isurtzeko esan zion Jainkoak Abrahami.

Moisesek, beste esanahi bat eman zion animalien odola isuriz egindako sakrifizioari: gizon-emakumeen eta Jainkoaren arteko adiskidetasuna zigilatzeko seinalea zen.

Geroago, profetak urrunago joan ziren. Haientzat, odol-oparien eta bestelako oparien gainetik bihotzaren jarrera zegoen. Isaias liburuko zerbitzariari buruzko lau poemetan, Jainkoarekin harremanak izatea ez datza inor eta ezer hiltzean, baizik bizia ematean, bizia sortzean. «Zertako ditut nik zuen opariak» esango die Yahvek profeten ahoz.

Guretzat, Jesus da Isaiasen zerbitzari hori. Sakrifizio ezin hobea izan da Jesusen bizitza guztia, ez heriotza bakarrik; bizitza osoa: emango dudan ogia, nire haragia da, munduak bizia izan dezan.

Eukaristian alderdi asko ikus ditzakegu: sakrifizio izatea, Jainkoa presente egotea, hilezkortasunaren berme izatea.

Joanen ebanjelioaren arabera, bizia ematen digun sakrifizioa da garrantzizkoena. Betiko bizia ematen digun sakrifizioa. Bizia ematen digun otordua. Guztiok gonbidatu gaitu Jesusek otordu horretara. Salesko Frantzisko santuak esaten digun bezala: «zuzen-zuzenak direnentzat, eror ez daitezen; hain zuzenak ez direnentzat, zuzentasun betera jo dezaten; indartsuentzat, makaldu ez daitezen; makalentzat, indartu daitezen; gaixoentzat, senda daitezen; osasundunentzat, gaixotu ez daitezen».

Bere jainkozko bizian partaide egin nahi gaitu Jesu Kristok. Bere Azken Afarian partaide egin nahi gaitu: «har ezazue eta jan». Horretarako guztirako fedea behar. Jesusen Espirituak argitu gaitzala.

Dionisio Amundarain