Urteko 20. igandea A 2017-08-20
Jesus isilarazi zuen emakumea (Mateo 15,21-28)

Jesus ezin isilarazi zuen inork. Ez lege-maisu jakintsu ustekoek, ez fariseu jainkozaleek, apaizak eta politikoak ez aipatzearren. Jesus isilarazi zuen pertsona bakarra emakume bat izan zen. Paganoa, gainera.

Mesias zakarra eta emakume pagano tematia

Pasadizo honetaz Mateok eskaini digun bertsioa ulertzeko, Markosena ezagutu behar da, abiapuntu-edo duena. Markosek eszena lauago bat dakar. Jesus iritsi da Tiroko lurraldera, etxe batean sartu da eta bertan gelditu. Bere alaba gaixo duen emakume bat Jesusengana doa, beraren aurrean ahuspeztu eta alaba sendatzeko eskatu dio. Jesusek erantzun dio, ez dela gauza egokia ogia seme-alabei kentzea, txakurrei emateko. Emakumeak diotso, arrazoi duela, baina txakurrek ere jaten dituztela haurren apurretatik. Eta Jesusek: «Esan duzun horregatik, zoaz, atera baita deabrua zure alabagandik».

Mateok era dramatikoagoan deskribatu du eszena, eszenatokia aldatuz eta beste xehetasun batzuk gehituz, segidako testuan letra etzanez eta lodiz eman ditudan guztiak.

«Aldi hartan, Tiroko eta Sidongo lurraldera aldendu zen Jesus. Hartan, emakume kanaandar bat, inguru haietan bizi zena, deiadarka hasi zitzaion: «Jauna, Daviden Semea, erruki zakizkit! Oinaze gorritan dauka deabruak nire alaba». Baina Jesusek ez zion hitzik erantzun.
Ikasleak, hurbildurik, erreguka ari zitzaizkion: «Egiozu kasu, eta doala, deiadarka baitatorkigu atzetik». Jesusek, ordea: «Israel herriko ardi galduengana bakarrik bidali nau Jainkoak». Baina emakumea, hurbildurik, ahuspez jarri zitzaion, esanez: «Lagun iezadazu, Jauna!»
Jesusek, orduan: «Ez dago ondo seme-alabei ogia kendu eta txakurrei botatzea». Emakumeak erantzun zion: «Bai, Jauna, halaxe da; baina txakurrek ere jan ohi dituzte nagusien mahaitik erortzen diren ogi-apurrak».
Orduan, Jesusek esan zion: «Emakumea, handia da zure fedea! Gerta bekizu nahi duzun hori». Eta une hartatik sendatua gelditu zitzaion alaba.

Mateok txertatu dituen aldaerak

• Topaketa ez da gertatu etxe barruan, baizik eta bidean. Horrek aukera eman dio Mateori, Jesus eta ikasleak ibili dabiltzala aurkezteko eta emakume kanaandarra ondoren doakiela.
• Kanaandarra ez da hasi Jesusen aurrean ahuspeztuz, ondoren doakio oihuka: «Jauna, Daviden Semea, erruki zakizkit! Oinaze gorritan dauka deabruak nire alaba». Baina Jesusek, beti hain errukitsua gaixoekin eta sufritzen dutenekin, ez dio erantzun hitzik ere.
• Emakumeak hain temati jarraitu du, non ikasleek, lotsa-lotsa eginda, kasu egiteko eskatu baitiote Jesusi. Eta honek lehor erantzun die: «Israel herriko ardi galduengana bakarrik bidali nau Jainkoak».
• Kanaandarrak ez du amore eman. Aurrera joan eta Jesusen aurrean ahuspeztu da, gelditzera behartuz, eta eskatu dio: «Lagun iezadazu, Jauna!» Mateo 6,7ko hitzak datoz gogora: «Otoitz egitean, ez zaitezte izan hitzontzi, paganoek izan ohi duten bezala, uste izaten baitute hitz egitearen hitz egiteagatik jaramon handiagoa egingo dietela». Emakume pagano hau ez da hitzontzia, kristau batek bezala eskatzen du. Ezin soiltasun handiagorik.
• Markosen ebanjelioko solasaldi bera dator segidan, seme-alaben ogiaz eta txakurrek jaten dituzten apurrez.
• Baina oso desberdina da azkena. Jesusek, beraren alaba sendatua dela esan ordez, diotso: «Emakumea, handia da zure fedea! Gerta bekizu nahi duzun hori».

Aldaera hauek Jesus eta kanaandarra aurkezteko eran laburbiltzen dira.
1) Jesus pertsona zakar aurkeztu du: ez dio erantzun hitz bat ere, emakumea ondoren doakion arren; nazionalista suhar bat dela ematen du, zeini bost axola baitzaizkio paganoak; gai da bere ikasleak berak lotsarazteko.
2) Emakumeagan, beraren larria eta jarraikitasuna azpimarratu ditu. Emakumea ez da mugatu bere arazoa azaltzera (Markosenean bezala), baizik eta Jesus hunkiarazten saiatu da bere sufrimenaz: «Jauna,, erruki zakizkit!» «Lagun iezadazu, Jauna!» Eta era errepikakorrean, tematian egin du, Jesusi bidea oztopatzeraino, geldiaraziz eta berari erantzutera behartuz.

Ez setakeriarik, ez jakinduriarik, baizik fedea

Jesusek esaten ahal zion: «Bai gogaikarria zarena! Zoaz, ba, eta senda dadila zure alaba». Edota: «Bai argia zarena!» Baina emakumeagan goratu duena, ez da izan, ez haren temakeria, ez haren adimendua, baizik haren fedea. «Bai handia dela zure fedea!» Lehentxeago, aintziran hondoratzen hasi denean, fedea txikia duela esan dio Pedrori. Geroago gauza bera esango die gainerako ikasleei. Emakume paganoa, berriz, fede handikoa da. Eta honek beste pagano bat dakarkigu gogora, lehenago Mateok aipatua: Kafarnaumeko ehuntaria, fede handikoa hura ere, Jesus miresteraino.

Emakume batzuekin ez du atarramendu onik Jainkoak berak ere

Emakume kanaandarraren pasadizoak beste bat dakarkigu gogora, itxuraz oso desberdina: Kanako ezteiak. Han ere zakar ageri da Jesus, era txarrean erantzun dio amari, honek mirari bat eskatu dionean (esan dizkion hitzak, purrustada-testuinguruan erabili ohi dira beti Biblian), eta argudio teologiko bila hasi da, ezer ez egiteko. «Nire ordua ez da iritsi oraindik». Soilik, Jainkoaren asmoa betetzea du buruan, ezer ez egitea Jainkoak agindu eta baimendu aurretik.

Emakume kanaandarren kasuan ere, Jainkoaren gogoa eta asmoa aipatu ditu Jesusek: «Israel herriko ardi galduengana bakarrik bidali nau Jainkoak». Ezin egin dut agindu didana baizik.

Halere, ez Maria, ez kanaandarra konbentzitu ditu Jainkoaren asmora jotze horrek. Kasu bietan, Jainkoaren asmoa gizakiarentzat oso mesedegarri den zerbaiti kontrajartzen zaio, dela oso garrantzizkoa, alabaren osasuna, dela itxuraz bigarren mailakoa, ardoa falta izatea. Emakume biak konbentziturik daude, Jainkoaren zinezko asmoa gizakiaren ona dela, eta biek, nork bere erara, lortu dute beren nahia Jesusengandik.

Jainkoaren asmoa, maila sakonean, ez azaletik, ezagutzeari esker goratu dute, bai Elisabetek Maria: «sinetsi duzulako», bai Jesusek emakume kanaandarra: «fede handia duzulako».

Egia esateko, atal honen tituluak oker hartua izateko arriskua du. Egokiagoa izango zen beste hau: «Jainkoak, emakume batzuk tarteko direla, argi uzten du zein duen bere gogoa». Baina ez da hain deigarria.

«Israel herriko ardi galduengana bakarrik bidali nau Jainkoak».

Hitz hauekin zuritu nahi izan du Jesusek kanaandarrari agertu dion jarrera. Ikasleak emakumea bezain argi izan balira, ipintzen ahal zuten Jesus estualdi batean. Aski zuketen bi galdera hauek egitea:
1) «Israel herriko ardi galduengana bakarrik bidali bazaitu, zertan ekarri gaituzu Tiro eta Sidonera, egunak baitaramatzagu aldapan gora eta behera asperturik?»
2) «Israel herriko ardi galduengana bakarrik bidali bazaitu, zergatik sendatu zenuen Kafarnaumeko ehuntariaren semea, gainera bera eredutzat emanez, israeldar bakar batengan halako federik ez zenuela aurkitu esanez?»

Ikasleek horrelako galderarik egin ez ziotenez, ezin jakin Jesusek zer erantzungo zien. Baina Mateoren ebanjelioan argi ageri da hasieratik, Jesus guztiengana, judu nahiz pagano, izan dela bidalia. Horregatik, haurtxo zela adoratzera joan zitzaizkion lehenak ekialdeko Magoak izan ziren, Kafarnaumeko ehuntariaren, emakume kanaandarraren eta gu guztion aurrelari.

Lehen irakurgaia eta ebanjelioa

Lehen irakurgaiak badu ukidura bat ebanjelioarekin (paganoak onartzearena), baina baita alde nabarmen bat ere. Jaunari, berari zerbitzatzeko, eskaintzen zaizkion paganoez mintzo da, larunbat eta elkargoa gordetzen dituztenez. Saritzat, eskubidea izango dute, tenpluan erre-opariak eta bestelako opariak eskaintzeko, eta onartuak izango dira otoitz-etxe horretan. Emakume kanaandarrak ez du gordetzen, ez larunbata, ez elkargoa, ez du buruan ez txahalik ez arkumerik eskaintzeko asmorik eskerronez. Baina Jesusenganako fedea era misteriotsuan bizi du, kultu-ekintza guztiek adierazten ahal duten baino era biziagoan.

José Luis Sicre