ZEREN BILA GABILTZA? (Joan 1,35-42)
Urteko 2. ig B (2018-01-14)

Joanen ebanjelioan Jesusek jaulki dituen lehen hitzek nahasirik utzi gaituzte; izan ere, hondo-hondora doaz eta gure bizitzaren sustraiak berak ukitzen dituzte. Berari jarraitzen hasi diren Bataiatzailearen bi ikasleei esan die Jesusek: «Zeren bila zabiltzate?»

Ez da gauza erraza galdera xume, zuzeneko, oinarrizko honi erantzutea, gurea bezalako kultura «itxi» baten barnetik; izan ere, kultura horrek ematen du, baliabideez bakarrik arduratzen dela, gauza guztien azken helburuaz ahazturik. Zeren bila gabiltza zehazki?

Batzuentzat, «supermerkatu bat» da bizitza (D. Sölle); axola zaien gauza bakarra mila gauza eskuratzea da, haiekin beren bizitza pixka bat goxatzeko. Beste batzuentzat, ihes nola egingo da guztia: gaixotasunari, bakardadeari, tristurari, gatazkari edo ikarari. Baina ihes egin, norantz?, norenganantz?

Beste batzuek jada ezin dute gehiago. Nahi dutena, berak bakarrik utz ditzaten da. Beraiek gainerakoez ahaztu eta guztiak beraiez ahaztu. Beraiek inortaz ez arduratu eta beraiez inor ez arduratu.

Gehienok eguneroko geure premiak nola beteko gabiltza eta geure desio koxkorrak nola beteko borrokan. Baina, horiek guztiak beteko balira ere, aserik geldituko ote litzateke gure bihotza? Aserik geldituko ote litzateke gure egarria: kontsolamendu, askapen eta zoriontasun betearen egarria?

Hondo-hondoan, ez ote gabiltza gizon-emakumeok geure egoera nola hobetuko, apur bat bakarrik? Ez al dugu antsiatzen inongo egitasmo politiko edo sozialek, inolaz ere, ezin eman digun zerbait?

Esaten da, gaurko gizon-emakumeak ahaztu egin direla Jainkoaz? Egia, ordea, beste hau da: pertsona batek, bere buruari ondradu samar galdetzen dionean, ez duela gauza erraza «infinituaren nostalgia» bere bihotzetik kentzea.

Nor naiz ni? Izaki txikitxo bat, halabeharrez espazioaren eta denboraren zatirik txikieneko batean sortua, bizitzara jaurtia berehala ezerezean galtzeko, nondik aterea izan bainaiz inolako arrazoirik gabe, sufritzeko bakarrik? Hori ote da dena? Ez da besterik?

Gizakiak egin dezakeen gauzarik ondraduena «bila» ibiltzea da. Ez ixtea ate bakar bat ere. Ez uko egitea dei bakar bati ere. Jainkoaren bila ibiltzea, agian bere indarren eta bere fedearen azken hondarrekin. Agian bere eskastasunetik, bere estutasunetik, bere etsipenetik.

Jainkoak ez du maite ezkutaketan jolas egitea, ez zaio ezkutatzen zinez bila dabilkionari. Bilatze horretan berean dago jada Jainkoa. Are gehiago. Bera aurkitu ahal izatea ematen dio beraren bila doi-doi dabilenari. Hona zer dioen Jaunak Isaiasen liburuan: «Aurki nazaten utzi diet nitaz galdezka ari zirenei. Aurki nazaten utzi diet nire bila ez zebiltzanei beraiei. Esan nuen: “Hemen nauzu, hemen nauzu”» (Isaias 65,1-2).
José Antonio Pagola