URTEKO 2. IGANDEA B 2018-01-14

SARRERA

Senideok, Eguberrialdia bukaturik, Urteko aldia hasi dugu. «Urteko» esaten diogu, beste aldi nagusietatik bereizteko: abendualdia, eguberrialdia, garizuma, aste santua eta pazkoaldia ez den aldiari esaten diogu «Urteko».
Urteko aldi hau bi zatitan banatzen dugu; bata, Jesusen Bataiotik Garizumara doana; bestea, Mendekoste igandetik Abendualdira doana.
Gaurko irakurgaiak bokazioaz ari dira nagusiki. Gizaki orok hartu du bere bokazioa. Gizaki nahiz kristau izateak Jainkoak dei egin digula esan nahi du; bokazio bat dugula bakoitzak. Lan bat gomendatu digula, nori berea; betiere, gizartearen barruan, Elizaren barruan. Bokazioak esan nahi du, Jainkoak kontuan hartu duela gutako bakoitza, mundua kreatzeko, mundu berri bat egiteko. Esan nahi du, nitaz, zutaz, hartaz… fidatu dela Jainkoa; gure artean ere, ez diogu inori lan bat eskaintzen, harengan konfiantzarik ez badugu.
Lehenengo irakurgaian, Samuel profetari Jainkoak egindako deia entzungo dugu. Bigarren irakurgaian, Paulok orientabide batzuk emango dizkigu kristau bezala bizitzeko. Ebanjelioan, lehen bi ikasleei egindako deia entzungo dugu.
Saia gaitezen geure bokazioaren munduan murgiltzen: zeren bila nabil?; Jesusekin bizitzearen bila?; nola erantzuten diot neure egitekoari, neure eginkizunari?
Pauloren irakurgaiari gagozkiola, ondo izango da, besteak beste, urtarrilaren 17an ospatuko dugun San Anton abadeari begiratu bat ematea; San Prudentzio ermita honetan, bigarren zaindaria dugu. Haren biografia idatzi zuen San Atanasiok dioenez, borroka gogorra egin behar izan zuen basamortuan, gaztetan, haragizko bekatuan ez erortzeko. Lagundu gaitzala geure bizitzan. Ez, soilik, haragizkoetan, baina baita, eta batez ere, gizartean zuzentasuna eragiten.
Gaur bestalde, errefuxiatuen eta etorkinen eguna ospatzen dugu. Har ditzagun gogoan eta bizitzan.

LEHEN IRAKURGAIA Samuelen lehenengo liburutik (3,3b-10.19)

Gaurko lehen irakurgaia Samuel profetaren bokazioaz ari zaigu. Buru-belarri erantzun zion Samuelek deiari. Baina esan beharra da: Samuelek beste baten, Eli apaizaren, laguntza behar izan du Jainkoak nola jarduten duen ikasteko. Samuel mutikoak bi aldiz sumatu du Jainkoaren ahotsa bere bihotzean; baina ez dio antzeman Jainkoari. Azkenean, Eli apaizak esan behar izan dio nola jokatu: ahots hori berriro sumatzen baduzu, esan: Hitz egizu, Jauna, adi-adi duzu zeure zerbitzari hau. Halaxe egin du Samuelek. Halaxe antzeman dio Jainkoari.
Bada, ordea, kontuan hartu beharreko beste puntu bat ere. Eli apaizaren zaintzapean bizi da Samuel. Samueli egindako deian Eli apaizak ez du burruntzalia sartu nahi izan: bere bokazioari jarraitzen utzi dio Samueli. Gauza bera entzungo dugu ebanjelioan ere: Joan Bataiatzaileak pozik asko utzi die bere bi ikasleri Jesusi jarraitzen. Geure bizitzan, askotan ikusi ohi dugu gurasoek seme-alabei bokazioa jarraitzen ez uztea. Libra gaitzala Jaunak horrelakorik egitetik.

BIGARREN IRAKURGAIA Koriontarrei lehenengo irakurgaia (6,13-15.17-20

Korintoarrak filosofia grekoaren eraginpean bizi ziren. Uste dute, gorputza eta arima bi zati guztiz independente direla. Horren arabera, gorputzaren inguruan zernahi gauza egin dezaketela uste dute.
Paulok, berriz, Bibliaren ikuspegia du: gorputza eta arima guztiz bat dira. Arima bezala, gorputza ere Espirituaren egoitza da.
Ez du, beraz, zentzurik harreman sexualak gauza indiferentetzat hartzeak. Sexu-harremanak, jatea bera bezalaxe, pertsona baten egintza dira. Biek dute, beraz, zentzu bat. Gorputza materia huts izatetik gorago dago. Horrela ulertzen da Pauloren esaldi hau: «gorputza ez da haragi-likiskeriarako, baizik Jaunarentzat». Gorputza oso garrantzizkoa da; pizteko egina da. Gorputzaren eta arimaren parekotasuna aitortzen du Paulok.

EBANJELIOA san Joanen liburutik (1,35-42)

Jesusen Bataioa, Joan ebanjelariaren arabera, Jesus zer eta nor den agertzeko pasadizoa izan da. Bataiatzaileak ulertu du Jesusen testigu izatea dagokiola berari. Eta horra haren testigantza Jesus ikustean: «Hau da Jainkoaren bildotsa». Eta bere ikasleak Jesusen ikasle bihurtzera gonbidatu eta animatu ditu.
Eta horra Jesusen lehen ikasleen bokazioa.
Bokazio honek, Joanen gaurko testuari jarraituz, hiru maila ditu:
Bata: zeren bila zabiltzate?, galdetu die Jesusek. Izan ere, gizakiaren bizitza kezkaz bizitzea da (ez, noski, kezka gaixotiaz), zentzuaren bila ibiltzea, balioen artean hierarkia bilatzea. Gizakia ase ezin den animalia da, bere buruaz galdezka ari dena: zer naiz, zer da on, zer txar?
Bigarrena: Jesusekin bizi. Lehen bi kristauek ostiral arratsalde batean egin zuten topo Jesusekin (adituek diotenez); egunaren bukaeran. Jesusekin eman zuten larunbata (ostiral-arratsaldeko seietatik larunbat-arratsaldeko seietara).
Hirugarrena: misio baterako deia. Zerbait egitea gomendatu die. Alegia, Jesus aurkitu izanak bizitzaren zentzua aurkitu izana esan nahi du. Eta honek, Jesusen jarraitzaile izatera gonbidatuko gaitu, Jesusen testigu bizi izatera.

HERRIAREN OTOITZA

1.-Kristau guztien alde: Jesusek egin digun deia, gauza pertsonal, barru-barruko eta bizi bezala bizi dezagun. Eska diezaiogun Jaunari.
2.-Apaiz, erlijioso eta laikoen bokazioen alde: dei berezi bat hartu dutenek «bai» biribila ematen jakin dezaten. Eska diezaiogun Jaunari.
3.-Kristau guztiek bat egin dezagun eta horretarako, hil honen 18tik 25era, mundu osoan egingo den Otoitzaldian parte har dezagun. Eska diezaiogun Jaunari.
4.-Hildako guztien alde; batez ere, familiarteko, adiskide eta ezagunentzat. Eska diezaiogun Jaunari.