Hiru ogi-mota (Joan 6,41-51)

Manaren eta egiazko bizi-ogiaren gaiarekin jarraituz, lehen irakurgaia (1 Erregeak 19,4-8) eta ebanjelioa hiru ogi-motaz mintzo zaizkigu: egun baterako elikatzen duenaz (mana), berrogei egunerako indarra ematen duenaz (Elias) eta betiko bizia ematen duenaz (Jesus). Baina has gaitezen Kafarnaumgo sinagogan gertatua gogora ekarriz.

Joanen garapena (6,41-51)

Korapilatsua da pasartea, gai desberdinak nahasten baititu.
1.-Juduen objekzioa: Nolatan izan daiteke hau zerutik jaitsia?
2.-Jesusen erantzuna: nigan sinetsiko bazenute, ulertuko zenukete.
● Baina nigan sinetsi, Aitak erakartzen duen hark bakarrik sinesten du.
● Hobeto esan: Jainkoak denei irakasten die, baina ez dute denek ikasi nahi.
● Kontuz: Jainkoak denei irakasteak ez du esan nahi bera ikusten dugula.
3.-Jesus eta mana: bizia ematen duen ogia eta bizia bermatzen ez duen ogia.
4.- Azken harrigarria: ogi hori nire haragia da.

Edukiaren adierazpena

Joan den igandean, ogiak ugaltzearen mirarikoa baino mugagabeki goragoko ogia eskaini zuen Jesusek. Goragoko ogi hori Jesus bera da, zerutik jaitsia. Igande honetako ebanjelioa, baieztapen horren aurrean juduek izan duten erreakzioa kontatuz hasi da. Nolatan izan daiteke zerutik jaitsia txikitatik ezagutzen duten bat, zeinen aita eta ama ere ezagutzen baitituzte?

Jesusek ez dio erantzun galdera horri zuzenean. Hondo-hondoko arazora jo du. Juduek sinesten ez badute bera zerutik jaitsia dela, beragan sinesten ez dutelako da. Eta beragan sinesten ez badute, Aitak beragana erakarri ez dituelako da. Hain errotikoa den baieztapen honek iradokitzen du, den-dena Jainkoaren baitan dagoela: Aitak Jesusengana erakartzen dituenek bakarrik sinesten dute Jesusengan. Horregatik, berehala gehitu du: «Jainkoak denak eskolatzen ditu… baina denek ez dute ikasi nahi izaten». Soilik, Aitaren irakaspena onartzen duena etorri ohi da Jesusengana, eta halakoak bakarrik sinesten du bera zerutik jaitsia dela. Judu bakar batek ere ezin aurpegiratu dio Jainkoari Jesusengan ez sinestearen errua.

Baina kontuz: Jainkoak gizon-emakume guztiak eskolatzen dituelako ideia hori, bere ikasleen aurrean, ikusteko moduan, legokeen irakasle izango balitz bezala interpreta liteke. Baina ez. Jainkoa ez du inork ikusi. Beragandik datorren hark bakarrik: Jesusek.

Fedeaz, Jainkoaren egintzaz eta Jainkoa ikusteaz, egindako parentesi honen ondoren, zerutik datorren ogiaren gaira itzuli da Jesus: bizia ematen du manak ez bezala, honek ez baitu ematen bizirik. Baina bukatzeko, are baieztapen eskandalagarriago bat jaulki du: «nik emango dudan ogia nire haragia da, munduak bizia izan dezan». Nola erreakzionatuko dute juduek? Erantzuna, datorren igandean.

Hiru ohar ebanjelioaz

1.- Entzuleak beste batzuk dira. Oraingoan ez dira miraria ikusi zuten galilearrak, baizik eta juduak. Laugarren ebanjelioan, juduak esatean, Jesusi aurka jarri zaizkion agintariak esan nahi izaten da eskuarki. Alabaina, esan dutena («ezagutzen ditugu honen aita eta ama») ez da ahokatzen judu baten ahoan, baizik eta nazaretar baten esana da. Honek adierazi nahi du, ez gaudela kontakizun historiko baten aurrean, gertakizunak erabat leial jasoko lituzkeen baten aurrean, baizik eta lanketa polemiko bat dugula begi-bistan.
2.- Fedearen gaiak eten egin du Jesus zerutik jaitsitako ogiarena, baina funtsezkoa da eten hori. Jesusengan sinesten duenak bakarrik onar dezake hori. Gauza bitxia, kasu honetan, pertsona bat federa nola iristen den da: Jesusengana eramaten gaituen Aitaren egintzaz. Eskuarki, horren kontrakoa uste izaten dugu: Jesus dela Aitagana eramaten gaituena: «Neu naiz bidea… ezin joan da inor Aitagana nire bidez ez bada». Hemen, Joanen ebanjelio osoan bezala, Aitak eta Jesusek batak bestearekiko duten elkarrekiko egintza azaltzen da.
3.-Tarteko testu honen ondoren, mana eta bere ogia kontrajartzera itzuli da Jesus. Lehen zatian (18. igandekoan), jarrera oso kritikoa azaldu zuen manarekiko. Galilearrek, Sal 78,24 aipatuz, «zeruko ogia ematen zien» esan zutenean, Jesusek erantzun zien, mana ez zela «zeruko ogia»; zinezko zeruko ogia bera dela. Oraingoan, beste datu polemikoago bat gehitu du: mana jaten zutenak hil egiten ziren; Jesusen ogiak, berriz, betiko bizia ematen du.

Elias profetaren ogia (1. irakurgaia: 1 Erregeak 19,4-8)

K.a. IX. mendea krisialdi erlijioso sakonekoa izan zen. Israelgo erregea, Akab, feniziar printzesa batekin, Jezabelekin, ezkondu zen; Baal kanatar jainkoaren oso zalea zen Jezabel. Jendea ere jainko honen aski zalea zen jada: euria eta uzta ona egozten zizkioten. Baina Jezabelen eraginak eta Akaben permisibitateak Yahvek herriarentzat baliorik ez izatea sortu zuten. Honen kontra jaiki zen Elias profeta, erregeak salatuz eta Baalen profetak hilez; heriotza ekarriko zion honek, ihes egin ez balu hegoalderantz, Horek (Sinai) mendirantz. Bidaia luzea da, luzeegia, eta Eliasek heriotza opa izan du bide horretan. Aingeru batek ogia eskaini dio harri baten gainean errea; bi aldiz jan du ogi hartatik, eta janari horrek emandako indarrez berrogei egunez eta berrogei gauez ibili da Elias Jainkoak Moisesi bere agerpen handia egin zion mendiraino. Kontakizun hau, eukaristiari dagokionez erabili izan da sarritan; horregatik aukeratu izan da igande honetarako.

Hiru ogi-mota

Gaurko irakurgaiek hausnarketa bat iradokitzen dute.

Pio X.a aita santuaren erreformaren aurretik, jaunartzea ez zen sarria. Kristaurik otoitz-zaleenek astean behin jaunartzen zuten; eskuarki, hilean behin. Jaunartzea haientzat Eliasen ogia bezala zen, kristauki bizitzeko indarra ematen duena denboraldi gutxi-asko luzerako.

Pio X.aren XX. mendearen hasierako erreformaz gero, eguneroko jaunartzea zabaldu da, nahiz mezarik ez entzun. (Gogoan dut, gazte nintzela, Kadizko frantziskotarren elizan jende asko joaten zela jaunartzera alboko aldare batera; aldare nagusian oso jende gutxik jarraitzen zuen meza ematen zen bitartean.). Mana bezalakoa da eukaristia-mota hori, egun horretarako indarra ematen du, biharamunean errepikatzea komeni da.

Joanen ebanjelioak ohartarazten digu, eukaristiak ez duela indarra ematen egun baterako edo hilabeterako bakarrik. Betiko bizia bermatzen du. Horrenbestez, ulertzekoa da Jesusek eten bat egin izana fedeaz eta Aitaren egintzaz hitz egiteko.

Betiko bizia eguneroko bizitzan (Efesoarrei 4,30—5,2)

Irteera liburuan esaten da ezen, Pazko gauean, israeldarrek bildotsaren odolaz busti ohi zituztela etxeko atearen ateburua eta bi ate-alboak, Jainkoaren aingerua, egiptoarrak zigortzeko, igaroko zenean kalterik egin ez zezan israeldarren etxeetan. Ohitura hau artzainen garaitik dator; udaberri-hasieran bildots bat opari egiten zuten eta haren odolaz igurzten dendako zutikoak ganadua espiritu gaiztoetatik zaintzeko eta trashumantzia zorioneko bat bermatzeko.

Efesoarrei gutunaren idazleak irudi hori jaso eta Espiritu Santuari aplikatu dio, honek bere zigiluaz markatu baikaitu liberazioaren azken egunean gu bereizteko. Eta aholku-sail bat gehitu du, aurreko igandeetako igandeetan behin eta berriz azpimarratu duen batasun hori bizitzeko. Kontzientzia-azterketa on bat egiteko balio dute eta nola bizi ikusi ahal dezagun lurrean jada zeruko betiko bizia.

José Luis Sicre