Urteko 19. igandea A 2020-08-09
Jesusek otoitz, ikasleak arraunean, Pedro hondoratu (Mt 14,22-33)

Irudipena al duzu Eliza, parrokia, zure elkarte erlijiosoa, hondoratzera doala? Gustukoa al duzu Jesusengana hurbiltzea, baina beldur al zara hondoak huts egingo dizun? Esperientzia hauek bizi izan zituzten lehen ikasleek. Gaur kontatzen duen honekin eman zien erantzuna Mateok bere elkartekoei.

Ekaitza baretua eta haizea kontra

Badira ebanjelioan bi pasadizo aski antzeko, nahiz oso desberdin izan. Antzeko, eszenatokiari (ontzi bat Galileako aintziran kontrako inguruabarretan) eta protagonistei (Jesus eta ikasleak) dagokienez. Desberdin, lehen kasuan, ontzia hondoratzeko zorian eta ikasleak hiltzeko arriskuan daude; bigarrenean soilik haize bortitz bati aurre egin behar diote, ahalegin guztiak alferrik badira ere.

Pasadizoa gure eguneroko esperientziara erakarririk, ekaitz baretuak kristau-elkarte asko dakarkigu gogora; batez ere, Afrikan eta Erdialdeko Ekialdean herio-mehatxupean, Jesusi hots egiten diotela: «Jauna, salba gaitzazu, galtzera goaz!» Kontrako haizeak beste hainbat elkarte dakarkigu gogora, mendebaldean bereziki; haize eta oztopo kontra ari dira, gero eta indar txikiagoz eta ageriko emaitzarik ikusi gabe.

Lehen pasadizoak, ekaitz baretuak, bistako paralelo bat du Sal 107 (106), 23-32an, non marinelek Jainkoari oihu egiten baitiote eta hark salbatzen; ebanjelioan, ikasleek Jesusi egin diote oihu eta honek salbatu.

Baina bigarren pasadizoak, haizea kontra duen ontziarenak eta Jesus ur gainean ibiltzearenak, ez dakarkit gogora Itun Zaharreko pasadizorik. Halaz guztiz, hain ainguratua dago hasiera hartako kristau-tradizioan, non, Markosek eta Mateok ez ezik, Joanek ere bai baitakar, hau eskuarki beste bide batetik ibiltzen den arren. Oso bitxia da Lukasek eszena hau alde batera utzi izana; segur aski, uste izan zuen, Jesus ur gainean ibiltzen eta mamutzat hartu izana kontatzeak, mesede baino arazo gehiago eragingo ziola beraren elkarteari.

Mateoren kontaera (14,22-33)

Markosenean inspiratu da, baina aldaera oso esanguratsuak tartekatu ditu. Lau eszenatan bana genezake.

Lehen eszena: Jesus ikasleengandik urrundu (22-26)

Termino zinematografikoetara joz, paraleloan ezarritako antolaera da. Otorduaren ondoren, berehala, ontziratzera behartu ditu Jesusek ikasleak, berak jendeari agur egin bitartean. Segidan, ikasleen bila joan ordez, otoitzera joan da «bera bakarrik». Mateok azpimarratu du bakarrik egon nahi duela Jesusek Aitarekin harremanetan egoteko. Otoitzaldi hori oso luzea izan da, ilunabarretik laugarren bijiliara (goizeko 3rak eta 6an bitartean). Inporta duena Mateorentzat ez da misterioa ezagutzea, baizik eta imitatzeko etsenplu bat uztea. Bitarte horretan ikasleek zailtasun handiak dituzte nabigatzeko ordu horietan guztietan, lurretik estadio askora iritsi arte. Joanek dio lehorretik 25/30 estadiora, 5/6 kilometrora; esan nahi baita, aintziraren erdian direla. Maila sinbolikoan, bi mundu kontrajarri dira: Jainkoarekiko barnekoitasunarena (Jesus otoitzean) eta errealitate gogorrarena (ikasleak arraunean). Jesus izan da beren zorira utzi dituena.

Bigarren eszena: Jesus ikasleengana hurbildu (27)

Naturaltasun harrigarriz eta entzun gabeko lautasunez kontatu du Mateok Jesus ikasleengana hurbildu izana aintziran oinez. Antzinako Ekialdeko kulturan, itsasoak kaosaren indarrak sinbolizatzen ditu (tsunamia, adibidez); horregatik, ur gainean ibiltzeak Jesusen ahalmen harrigarria azaltzen du. Ikasleek, ordea, ez dute erreakzionatu naturaltasun beraz: izutu egin dira, mamu bat dela uste izan dute, ikaratu egin dira, oihuka hasi dira. Kasu honetan bakarrik erabili da «mamu» terminoa Itun Berrian; agertzen diren espirituei aplikatzen zaie termino hori greko klasikoan, edota «nire ametsetako ikuskari fantasmagorikoei» (Eskilo, Los siete contra Tebas, 710). Kasu bakarra, Jesusek ikasleei izu-ikara eragin diena, ikaraz oihuka jarraraziz. Kasu bakarra, «Lasai!» esaten diena. Eszena berezia; geroago itzuliko gara.

Hirugarren eszena: Jesus eta Pedro (28-31)

Markosen eta Joanen kontaerak ezagutzen dituenak, alde handi bat nabarituko du hemen. Bi ebanjelio horietan, Jesus ontzira igo eta haizea baretu da. Mateok, ordea, eszena bere-bere bat tartekatu du, Jesusen eta Pedroren arteko harreman partikularra azpimarratzen duena. Bere ebanjelioko beste pasarte batzuetan bezala, Pedroren nortasunaren ezaugarri batzuk aipatu ditu, Hamabien taldean gerora izango duen garrantzia zuzenesten dutenak. Baina ez dakar irudi idealizaturik, baizik eta egiazkoa, bertutezkoa eta akatsezkoa. Jesusengana ur gainean joateko hartu duen erabakiak gainerakoen gainetik ipini du Pedro, geroago Zesareako Filipon gertatuko denez. Baina bere konfiantza falta eta beldurra ere agertu ditu Pedrok. Orduan ere, Jesusen esku hartzeak salbatu du. Mateoren ohiko soiltasuna kontuan izanik, eszena honek atentzioa ematen du xehetasun adierazkorren ugaritasuna dela medio; hauek beren gailurra Jesusek eskua luzatu eta Pedrori heltzearen irudian harrapatu dute.

Laugarren eszena: ikasleen aitorpena (32-33)

Markosek, bere kontaera bukatzeko, dio, ikasleak «ezin harrituago gelditu zirela, artean ez baitzitzaien buruan sartu ogiena, adimena itsu zeukatelako» (Mk 6,51-52). Mateok errotiko aldaera bat txertatu du: ikasleak ez dira harritu, baizik eta ahuspeztu egin dira Jesusen aurrean eta aitorpen hau egin: «Egiaz Jainkoaren Semea zara zu!» Jarrera honek eta hitz hauek aurrerakada handia adierazten dute. Lehenago, ekaitz baretuaren kontaeran (Mt 8,23-27), ikasleek galdera hau egin dute: «Zein ote da hau, haizeak eta urak ere kasu egiten baitiote?» Ordudanik, Jesus sakonago ezagutu izanak, aldaketa bat eragin du ikasleengan. Jada ez dute galdetzen zein ote den, baizik eta agerian aitortu dute «Jainkoaren semea» dela, eta adoratu egin dute. Titulu hau emana dio lehenago ere Jesusi Aitak bataiokoan, baita deabruak ere tentazioetan, baita Gadarako deabrudunek ere (8,29). Jakina, titulu hau ezin hartu dugu, geroago Kaltzedoniako Kontzilioak (451. urtean) eman zion pisu teologiko guztiarekin. Gurutzeko Jesusen ondoan dagoen ehuntariak ere aitortu du: «gizon hau Jainkoaren semea zen». Titulu honek adierazi nahi duena, Jesusek Jainkoarekin duen lotura estua da; Jesus beste edozein gizaki baino maila goragokoan jartzen duen titulua da. Honetatik Jesus Jainkoaren Semea dela aitortzera urrats txiki bat baizik ez dago.

Jesus berpiztuaren aintza aurreratuz

Kontaera honek, Mateok dakarren moduan, hiru datu bitxi eskaintzen dizkigu: 1) Jesusen gorputzak desafioa egiten die lege fisikoei; 2) ikasleek ez diote antzeman Jesusi, mamutzat hartu dute; 3) Jesusek, agertu duen ahalmena eta guzti, tratu guztiz naturala ematen die apostoluei.

Hiru xehetasun hauek Jesus berpiztuak egindako agerpenen kontaeretan tipikoak dira: 1) beraren gorputza agertu eta desagertu egiten da, pareta zeharkatzen du, etab.; 2) ez Magdalenak, ez Emausko bi ikasleek, ez aintziran agertu zaien zazpiek antzeman diote Jesusi; 3) Jesus berpiztuak ez du egin sekula botere-azalpen ezohikorik, guztiz natural hitz egin eta jokatu du.

Ondorioz, Mateorengan daukaguna (ez Markosengan), Jesus berpiztuaren agerpenez eskaini diguten kontaeraren oso antzekoa da. Zer esan nahi du horrek ebanjelioaren une honetan? Beraren aintza aurreratzea. Lehentxeago Joan Bataiatzailearen heriotzaz eskaini digun kontaerak Jesusen nekaldia aurreratu duen bezala, ur gainean miresgarriki oinez ibili izanak beraren piztuera aurreratu du.

Zentzu eliztar eta pertsonala

Antzinatik, ebanjelioko itsasontzi hori Elizaren iruditzat hartu izan da: Jesusek abentura zail batean ezarria da Eliza eta, itxuraz, ekaitz batean utzia. Esanahi hau, jadanik Markosengan zegoena, alderdi pertsonalago batez osatu du Mateok, Pedroren eszena gehituz: ikasle honek, Jesusengan ustea jarriz, gizabidez harturik ezinezkoa den abentura batera jo du, baina porrot egin duela sentitzean, Jaunak berreskuratu du. Pedroren irudi honetan, apostolu askok eta hasiera hartako Elizako misiolari askok ikus zezaketen nork bere burua, eta gauza bera egiten ahal dugu guk geuk ere geure bizitzako une batzuetan: geure ahalegin guztiak alfer direla iruditzen zaigunean, Jainkoak eraginik eta eskutik utzirik sentitzen garenean, guk geuk, borondate on pixka batekin eta ustekeria-puska handi batekin, ur gainean ibili nahi izaten dugunean, gure gaindi dauden egitekoei ekiten diegunean. Haiek biziki sentitu zuten Jesusek eskua ematen eta salbatzen zituela. Konfiantza bera bizi behar dugu guk ere.

Lehen irakurgaia (1 Erregeak 19,9a.11-13a)

Pasarte hau aukeratu badute, urakanaren, suaren eta lurrikararen ondoren, Jainkoa haizekirri gozoan agertu izana dakarrelako da. Ebanjelioan ere, ekaitzaren ondoren, Jesus ontzira igo denean, haizea mantsotu da. Paralelismo hau eta guzti, aukeratze horrek arin samar egin dela ematen du; beraz, hobe, bera ez gehiegi azpimarratzea.

José Luis Sicre