Eukaristia eta hilezkortasuna (Joan 6,24-35)
Urteko 18. igandea B 2018-08-05

Zenbat mila aldiz jaunartu duzu Lehen Jaunartzea egin zenuenetik? Jada ohikeria bihurtu al da, beraren garrantziaren jakitun zarelarik ere? Beste gai batez hitz eginez, zer uste dugu beste biziaz? Hau esaten dutenetakoa al zara: «Gizaixoa edo gajoa hil da, erremediorik gabeko zoritxar bat balitz bezala» Prest egongo al zinateke, Gilgames bezala, Mesopotamiako heroi handi hura bezala, bidaia arriskutsu bati ekiteko hilezkortasunaren landarea eskuratzeko ala eginkizun zoro eta ezinezko bat dela uste duzu?

Sarritan, nahiago izaten dugu horrelako galderarik ez egitea. Erosoagoa da burua gordetzea, ostrukak bezala. Baina laugarren ebanjelioaren idazleak (Joanek edo dena delakoak) gozatu egiten du guri bizitza mingostuz. Datorren igandean eta haren segidako hiruretan «Bizi-ogiaz egindako eztabaida» irakurriko dugu, ogien eta arrainen ugaltzearen gaiari jarraitzen diona.

Jesusen solaskideak, arraro gertatu arren, aldatu egiten dira: hasieran, mirariaz gozatu zuten galilearrak dira; eztabaida polemikoago gertatu denean, haserre ageri direnak juduak dira; alabaina, krisialdirik gogorrena beraren (Jesusen) ikasle askok protagonizatu dutena da, bertan behera utzi baitute Jesus; azkenean, hamabiak bakarrik gelditu dira berarekin. Eztabaida eta horren ondorioak lau igandetan banatzeak desegokitasun bat eragin du: tiranduraren gogortasuna eta dramatikotasuna galtzea. Horregatik, garrantzizkoa deritzot lau igandeetarako balio duten ideia batzuk aipatzeari.

1.-Joanen ebanjelioko eztabaidak, luzeak eta korapilatsuak izan arren, bizpahiru ideiatan laburbiltzen ahal dira. Gaurkoaren ardatza hilezkortasuna da, zeina munduari bizia ematen dion egiazko ogia janez lortzen da; beste era batean esanik: Jesusengan sinetsiz.

2.-Ideiak, argia gertatu arren, nekez onar daitezke. Entzuleen erreakzio normala adarra jotzen ari zaiela uste izatea da, Jesus zoraturik dagoela uste izatea edota biraolari bat dela. Beraren familia bezala, txikitatik ezagutzen duten pertsona honek burutik egina dela ematen du, zerutik jaitsia dela esaten baitu, Moises baino handiagoa dela, beragana datorrena ez dela sekula ez gose ez egarri izango, beraren gorputza jatea eta beraren odola edatea, kanibalak bailiran, beharrezkoa dela esaten baitu.

3.-Eztabaida hauetan, Jesusek sarritan jotzen du iraintzera (adibidez, juduei esan dienean: «Deabrua duzue zeuen aita»), ironiara, eskandalura (adibidez, manaren garrantzia epeldu duenean) eta sinboloetara. Horrela, gaur egungo politikoen kontrakoa bilatzen du: soilik talde hautatu batek bakarrik jarrai diezaiola, soilik «Aitak dakarzkion» haiek. Laugarren ebanjelioaren ikuspegi hau Jesusen heriotzaren ondoko esperientzian oinarritzen da segur aski, eta argitu nahi du, zergatik ez zuten onartu Jesus judu gehienek Jainkoak bidalitzakotzat.

4.-Eztabaida hauek ez dute berregiten gertatua hitzez hitz; laugarren ebanjelioaren idazleak gerora egindako lanketa dira. Badaki idazle horrek bere irakurleek, bere elkarteak, zuzen ulertuko dituztela sinboloak. Jesusek dioenean «nire gorputza egiazko janari da eta nire odola egiazko odol» da, beraren gorputza jan beharra eta beraren odola edan beharra dugula, garbi asko dakite, arazoa ez dela haren besoaren zati bat jatea edo haren edalontzi bat odol esatea, badakite eukaristiaz ari dela, partekatzen dituzten ogiaz eta edalontzi bat ardoz ari dela.

5.-«Bizi-ogiaz» hitz egitean, indarraren muina «biziari» dagokio, azken egunean Jesusek berpiztuz emango digun betiko biziari. Janaria bere baitan helburu ez baizik bizitzeko baliabide den bezala, ogi eukaristikoa hilezkortasuna lortzeari dago fokuratua zuzenean. Gai hau modu tematian errepikatzen da eztabaidan. Korintoar batzuek bezala, beste bizian sinetsi gabe jaunartzen duena ez da jabetu eukaristiak eta betiko biziak duten loturaz.

6.- «Jesusen ogia jatea eta odola edatea» «haiek irenstearen» pareko dira, Aitaren bidalitzat hartzearen pareko, Jesusengan sinestearen pareko. Jesusengan sinestearen gaia funtsezkoa da eztabaidan. Hala dio hasieran («Jainkoak zuek egitea nahi duena, berak bidali duen harengan sinets dezazuen da»: 6,29), eta hala aitortzen du Pedrok bukaeran («Guk sinesten dugu eta badakigu Jainkoaren santua zarela zu»: 6:69).

7.-Pastoraltza-ikuspegi batetik, ikasle askorentzat gaia jada korapilatsua eta eskandalagarria bazen, teologoek beren gain hartu dute are korapilatsuagoa bihurtzea «transustantziazioa» delako kontzeptuarekin. Puntu honetaz zailtasunak lituzkeena Pedroren asken hitz hauetara jo lezake laguntza bila: «Jauna, norengana joan gintezke? Betiko bizirako hitzak dituzu zuk. Guk sinesten dugu eta badakigu Jainkoaren santua zarela zu» (6,69). Eta teologoek jarrai dezatela eztabaidan.

Hemezortzigarren igande honetako ebanjelioari dagokionez, errepara dezagun, jendearen lau esku hartze dakartzala (hiru galdera eta eskari bat), Jesusen lau erantzunekin batean.

Dena galdera xume batekin hasi da: «Maisu, noiz etorri zara hona?» Jesusek, galderari zuzenean erantzun ordez, agiraka edo kexu samur bat egin die («nire bila zabiltzate, asetzeraino jaten eman nizuelako») eta betiko biziraino irauten duen janariaz mintzo zaie. Jendeak galdera logikoa izango zuen, janari hori nola lortzen den galdetzea; aitzitik, Jainkoak nahi duena nola egin dezaketen galdetu diote. Eta Jesusek erantzun die: Jainkoak nahi duena, berak bidali duen harengan sinets dezazuen da. Galilearrek sumatu dute beragan sinesteaz ari dela Jesus, eta jarrera zorrotzago bat hartu dute: beragan sinets dezaten nahi badu, mirari handi bat egin beharko du, mana bezalako bat. Manaren aipua eginez, esku-eskura jarri diote gaia Jesusi. Mana «zeruko ogi» eta «aingeruen ogi» bezala ipintzen duen tradizioari buruz buru jarriz, Jesusek diotse mana ezin konparatu dela zeruko benetako ogiarekin; izan ere, hau ez da mugatzen gosea asetzera, baizik eta bizia ematen dio munduari. Galilearrek samariar emakumearen antzera erreakzionatu dute: «Jauna, emaguzu beti ogi horretatik». Jesusen erantzuna ezin nahasgarriagoa izan da: «Ni neu naiz biziaren ogia. Nigana datorkeena ez da gose izango, ez da egarri izango sekula». Jendeak nola erreakzionatuko duen? Erantzuna datorren igandean.

José Luis Sicre