Urteko 18. igandea A ohar 2020-08-02

SARRERA

Senideok, urteko 18garren igandea ospatzen dugu gaur. Ebanjelioak ogien mirariaren kontakizuna eskaintzen digu. Ogien ugaltzea deitu izan zaio pasadizo honi. Benetan, ordea, beste zerbait adierazten digu ebanjelio honek. Beti hunkitzen gaituen eta hausnarketa eginarazten digun ikuspuntua da. Galileako aintzira edo lakuaren ondoan gaude. Gainean da gaua. Inguruan pilatu zaion jendeaz arduraturik dabil Jesus. Ordu asko daramatza jende horrek Jesusekin: asko dira eta goseak daude eta, berriro esan, gainean da gaua. Zer egin? Ikasleak ere konturatu dira arazoaz, eta esan diote Jesusi: «Agur egiozu jendeari»; joan daitezela inguruko herrixketara, janari bila. Jesusek, berriz, esan die: «Emaiozue jaten zeuek». Bai; ditugun gauzak eta garen hura partekatzera gonbidatzen gaitu Jesusek. Esan zuen Gandhik: «Munduan bada nahiko baliabide guztion premiak asetzeko, baina ez batzuen zekenkeria asetzeko».
Eska diezaiogun Jesusen Espirituari geure begiak irekitzeko; batez ere, geure bihotza irekitzeko.

LEHEN IRAKURGAIA Isaias profetaren liburutik (55,1-3)

Gaurko irakurgai hau, Kontsolamendua deitu ohi dugun liburuaren konklusioaren bukaera da (Is 40—55). Gauza materialez baliatu da Isaias Yahvez, Jainkoaz, hitz egiteko. Bere garaikideei esan die: izan dezatela esperantza. Jainkoak beteko du bere promesa, guztiak beren herrira eramanez. Jainkoaren Hitza edan eta hartaz janaritzera gonbidatzen ditu Isaiasek; Hitz horrek emango die adorea. Doan eskaintzen du Jainkoak bere Hitza. Handia da Hitz horren eginkortasuna edo efikazia. Promesak zutik eta indarrean jarraitzen du, gizakiek aurreikusitako moduan ez, baizik beste batean beteko bada ere: nire bideak ez dira zuenak bezalakoak.

BIGARREN IRAKURGAIA Erromatarrei gutunetik (8,35,37-39)

Erromatarrei egindako gutuneko 8garren kapitulu famatuaren azken zatia da. Geure kristautasunaren nolakotasunaren «test» bat-edo da: nork edo zerk aparta nazake Kristoren maitasunetik: estutasunak, pertsekuzioak, arriskuak, heriotzak? Honi dagokionez, bietan bat: edota Paulorekin bat egiten dugu, edota gure fedea arin samarra da oraino. Paulok Kristo du bere sostengua. Duela gutxi esana du (Erm 7,24): zoritxarrekoa ni!, zeinek libratuko nau heriotzaren gorputz honetatik? Alabaina, pertsona honek berak, Paulok alegia, nahi duen ongia egiten ez duen eta gaitzesten gaizkia egiten duen honek berak, esan dezake: ezerk ez duela apartatuko Jainkoagandik, honek maite duela sentitzen duelako. Guztiok esan eta bizi dezakegu sentimendu hau: guztiok maite gaitu Jainkoak.

EBANJELIOA San Mateoren liburutik (14,13-21)

Hiru ebanjelio sinoptikoek (Mateo, Markos eta Lukas) Jainkoaren Erreinua proposatzen digute erdigune bezala. Jainkoaren Erreinuak egoera hau adierazten du: Jainkoa nagusi den egoera; Jesusek predikatu dituen balioak bizi diren egoera.
Geure bizitzan oinarrizko galdera hau planteatzen zaigu: non aurki dezaket behar dudan ogia? Beste hitz batzuekin esanik, non bila eta aurki dezaket bizia, zeinek eman diezadake bizia, zeinek segurta diezadake bizia? Galdera horri ematen diogun erantzunaren baitan dago gure bizitzeko era edo modua.
Bizia bila genezake ondasun materialetan, diruan, plazerean, boterean, iheska ibiltzean etab. Kasu honetan, nire biziaren jaun eta jabe idoloak dira; haien mende bizi naiz. Ez naiz bizi Jainkoaren Erreinuan; neure bizia ez dut jartzen Erreinuan eta Erreinuko balioetan.

HERRIAREN OTOITZA

1.-Eliza osoaren alde: denentzat ateak irekirik dituen etxe izan dadin, denek harrera ona, janaria, ulermena, samurtasuna eta maitasuna aurki dezaten. Eska diezagun Jaunari.
2.-Caritas-en, gizarte-jantokietan, janari-bankuetan lan egiten duten guztien alde: goseak direnei kasu egitean, guztiok elikatzen gaituen Jainkoaren aurpegi alai izan daitezen. Eska diezaiogun Jaunari.
3.-Estutasuna, erasoa, gerla, gosea jasaten ari diren guztien alde: beren bidean aurki dezatela jendea, Jainkoaren maitasuna kutsatuko diena. Eska diezaiogun Jaunari.
4.-Egun honetan Eukaristiara bildu garenon alde: bihotza ireki diezaiogun Aitak egin digun deiari. Eska diezaiogun Jaunari.