Urteko 18. ig A ANTZALDATZEA 2017-08-06

SARRERA

Anai-arrebok, egunon eta ongi etorri!
Jesusen ANTZALDATZEA ospatzen dugu gaur. Jai honetan, Garizumako bigarren igandeko ebanjelioa bera irakurtzen eta entzuten dugu.
Hiru ebanjelio sinotikoek –Mateo, Markos eta Lukas− beren ebanjelioko une berean dakarte gaurko pasarte hau: Pedrok bere aitorpen handia –«Zu Mesias zara, Jainko biziaren Semea»− egin eta Jesusek bere heriotzaren lehenengo iragarpena egin ondoren. Beraz, Jesusen gurutzeko heriotza ulertzen laguntzeko modu bezala dakarte hiru ebanjelariek.
Gaurko mezako prefazioak ere gauza bertsua esango digu: Jesusek hiru ikasleei bere aintza agertu ziela, eta bere gorputzean adierazi ziela bere jainkotasunaren distira. Eta gehitzen du prefazioak: gure esperantza arnastu nahi izan duela, esanez, gure buru den Jesusengan agertutako distira hori, egun batean haren atal garenongan gauzatuko dela.
Mezaka lehen otoitzean, berriz, beste alderdi hau iradokitzen da: Jesus Jainko Aitaren berezko Seme den bezala, gu guztiok Jainko Aitaren seme-alaba adoptatu garela.
Senideok, ospa dezagun jai honetako Eukaristia hau poz-pozik. Izan ere, antzaldatu den Jesusen anai-arreba gara, eta, harekin batean, Jainko Aitaren seme-alaba.

LEHEN IRAKURGAIA Danielen liburutik (7,9-10.13-14)

Danielen liburuak, Israel herria bizitzen ari den arrisku handi bat agertzen digu: militarki, politikoki eta, nagusiki, kulturalki greziarren menpe erortzeko arriskua. Nagusiki, kulturalki, esan dut. Hain zuzen, israeldarren fedea dago jokoan. Mundua ikusteko beste modu bat dakarkie greziar kulturak.
Gaurko pasartea, liburuaren lehen zatiaren eta bigarren zatiaren arteko kapitulukoa da. Bi zatien giltzadura edo bisagra da kapitulu hau.
Idazleak herriari esan nahi diona, ezin esan dio hizkera arruntaz, pertsekuzio handia jasaten ari baitira. Horregatik, estilo apokaliptikora jo du (Itun Berriko Apokalipsi liburua idatzi zuenak ere, hori egin behar izan zuen; Domiziano enperadorean pertsekuzio sarraskitsua jasaten ari zirelako).
Danielek dio, gaur pasartean, adin handi-handiko gizon bat ikusi duela, zuriz jantzia, ile urdina, tronuan eseria; agurearen ondoan, gizonaren semearen antzeko bat ikusi duela, eta honi, agureagana hurbiltzean, errege-ahalmena eta nagusitza eman dizkiola. Eta ikuskaria argitzeko, esaten digu: nekeak eta ezbeharrak jasan izan dituztenei zuzentasuna eskainiko diela azken honek.
Horrenbestez, salbazioaz mintzo zaigu pasartea, era erdi ezkutuan bada ere. Agureak garaipena lortuko du gaitz guztien gainetik. Jesus, berriz, bera izango da salbazioa gizadi osoarentzat.

EBANJELIOA San Mateoren liburutik (17,1-9)

Oso gauza inportantea da hiru ebanjelari sinoptikoen –Mateo, Marcos eta Lukas− ebanjelioetan, gaurko pasartea zein lekutan datorren kontuan hartzea.
Gaurko hau Mateo 17,1-9an dator; honen aurretik bi pasarte inportante datoz: Mateo 16,13-20 eta 16,21-28. Bi hauetako lehenengo pasartean, Pedroren aitorpena dator: «Zu Mesias zara, Jainko biziaren Semea». Jesusek, ordea, badaki, Pedroren hitz horiek oso politak direla, baina Pedrok hitz horiekin esan nahi duena ez dela batere zuzena. Eta bigarren zatian adierazi die Jesusek, Pedrok aipatu duen Mesias hori judu eta erromatar agintarien eskuetan erori eta hilko dutela. Eskandalu handia izan da hori Jesusen jarraitzaileentzat.
Eta hori leuntzeko jarri dute hemen segidan Antzaldatzearen pasartea hiru ebanjelariek. Jesus hilko dute, baina ez diote bizia kenduko: aldez aurretik azaldu nahi izan dute ebanjelariek Jesusen aintza, Jesusen piztuera, Jesusen jainkotasuna.
Esperantza emateko eta handitzeko dugu gaurko jai hau.

HERRIAREN OTOITZA

1.- Bataiatu guztien alde: Jesusek bere bataiokoan eta Tabor mendian Aitaren hitz hau entzun du: «Hau nire seme maitea da»; har dezagula kristau guztiok hitz hori guri esandakotzat, bai geure bataiokoan,
bai geure bizitza osoan. Eska diezaiogun Jaunari.
2.-Bere bizitza pobreen alde jokatzen ari direnen alde: zailtasunen aurrean, ez dezatela amore eman. Eska diezaiogun Jaunari.
3.- Politikari buru-belarri emanik bizi direnen alde: beren borrokan egia alde batera utz ez dezaten; baizik eta beste gauza guztien gainetik jar dezaten. Eska diezaiogun Jaunari.
4.- Hemen elkartu garen guztion alde: Jainkoaren Hitza fedez entzun eta zeruko Aitaren Seme maitea imitatzen saia gaitezen. Eska diezaiogun Jaunari.