Abuztuaren 6a .

JAUNAREN ITXURALDATZEA

Lehen irakurgaia

( Gizonaren Semearen ospea )

Daniel profetaren liburutik 7, 9-10 . 13-14

Gauaz, ikuspen batean,
9 ni, Daniel, beha nindagon:
tronu batzu ezarri zituzten eta Gizon zahar bat jarri zen.
Haren soinekoa elurra bezain xuri,
buruko ilea artilea bezain garbi !
Haren errege-alkia su garrez, errotak su kiskalgarriz.
10 Suzko ibai bat bazarion haren aitzinetik jalia.
Jendetza izigarria zuen zerbitzari,
miliunka eta miliunka zauden haren aitzinean xutik.
Auzia hasi zen, eta zabaldu ziren liburuak
13 Gauazko ikuspeneri beha nindagon.
Gizaseme iduriko bat ikusi nuen zeruetako hedoietan heldu.
Gizon zaharrarenganat hurbildu zen,
eta haren aitzinerat joanarazi zuten.
14 Nausigoa, aintza eta erregetza eman ziozkaten;
herri guziak, nazione guziak eta hizkuntza guziak zerbitzari zituen.
Haren nagusigoa betiereko nagusigoa da, itzaliko ez dena,
eta haren erregetza ez da sekulan suntsituko.
Salmoa 96
Leloa : Guziek betan Jaunari kanta,
Zeru lurretan denen Jaun baita.
.. Jainkoa Jainko: jauz eta kanta, lur guzia,
Itsas leihorrak, bozkaria.
Hedoi ilunbez inguratua da ibilki,
Zuzentasuna du jar-alki.
Ortzi ximixtak igortzen ditu munduz mundu:
Ikarak lurra nahasten du.
Ezkoz iduri, mendiak zaizko urtzen ari,
Mundu guziko Nausiari.
Gora diote zeru indarrek zein den zuzen
Eta gizonak ikaratzen.
Izraeldarrak Zion mendian kantuz daude,
Zuzen baitzare mendez mende
.

Bigarren irakurgaia

( Jesusen itxuraldatzeak, apostoluen fedea finkatzen )

Jondoni Petriren bigarren epixtolatik 1, 16-19

Haurrideak,
16 Jesu Kristo gure Jaunaren indarra eta etortzea zueri ezagutarazteko,
ez ditugu iduripenezko ipuinak baliatu,
bainan gure begiez ikusi baitugu haren handitasuna.
17 Alabainan, Jesusek ukan zituen Aitaren ganik ohorea eta aintza,
Jainkoaren aintza ospetsutik etorri mintzoak erran ziolarik:
“ Hau da nere Seme maitea, hau dut atsegin.”
18 Zerutik etorri mintzo hori, guhaurek entzun dugu,
mendi sainduan harekin ginaudelarik.
19 Horrela finkatu da guretzat profeten hitza;
ederki egiten duzue hitz horri erne egoitea:
toki ilunean distiratzen duen argia bezala da zuentzat,
argi urratzea jin arte, goizeko izarra zuen bihotzetan jeiki arte.

Ebanjelioa

Alleluia, alleluia

Goraltxa Jauna, hura baitugu denek Jainko:
Haren mendirat ahuspez eror belauniko,
Haren argian dugu ikusten guk argia.

Jesu Kristoren Ebanjelioa jondoni Matiuren liburutik 17,1-9

Egun hartan,
1 Jesusek berekin hartu zituen Petri, Jakobe eta Joani haren anaia,
eta ereman zituen berex mendi gora baten gainerat.
2 Itxuraldatua izan zen heien aitzinean:
begitartea egin zitzaion iguzkia bezain distirant,
eta soinekoak argia bezain xuri.
3 Eta huna non agertu zitzaizkien Mois eta Eli, harekin solasean.
4 Orduan Petrik erran zion Jesusi:
“ Jauna, zein goxoki gauden hemen!
Nahi baduzu, hiru etxola eginen ditut hemen,
bat zuretzat, bat Moisentzat, bestea Elirentzat.”
5 Mintzo zelarik oraino, hodei argi batek estali zituen;
eta hodeitik mintzo batek erran zuen:
“ Hau da nere Seme maitea, hau dut atsegin: entzun-azue!”
6 Hori aditzearekin, dizipuluak ahuspez lurrerat erori ziren,
beldurraren beldurrez.
7 Jesus hurbildu zitzaioten orduan,
eta hunkitzen zituela, erran zioten:
“ Xuti zaitezte, eta ez beldur izan!”
8 Eta begiak altxaturik, ez zuten nehor ikusi, Jesus bera baizik.
9 Menditik jaustean, Jesusek manatu zioten:
“ Ikusi duzuena ez aipa nehori,
gizonaren Semea hiletarik piztu arte.”