Jesusek bere elkartea elikatu eta hitzaldi bat prestatu (Joan 6,1-18)
Urteko 17. igandea B 2021-07-25

Joan den igandean, Markosen ebanjelioak bere herriari irakasten aurkeztu zigun Jesus; leku desberdin askotik etorria zen jende hori. Ondoren, berehala. Ogiak eta arrainak ugalduz elikatu zituen. Baina ugaltzearen kontaera hau ez da hartu gaurkoan Markosenetik, baizik eta Joanen ebanjeliotik. Izan ere, segidako lau igandeetan Liturgiak biziaren ogiaren hitzaldia eskainiko digu, Joanek bakarrik dakarrena.

Jesus eta Eliseo (2 Erregeak 4,42-44)

Gauza bakana da Joan kontakizun batean bat etortzea Sinoptikoekin (Mateo, Markos, Lukas). Ogiak eta arrainak ugaltzearen hau da kasu bakan horietako bat. Eta lau ebanjelioek Itun Zaharrean Eliseori egotzitako miraria hartu dute erreferentziatzat. Profeta honek, ehunen bat pertsonak, oso pobrek, inguraturik, hogei garagar-ogi eta buruxka-kantitate koxkor bat hartu zuen behin batean erregalu. Antzinako ogien neurria kontuan harturik, ez zen oso zaila bakoitzarentzat ogitarteko bat ateratzea. Morroiari eskas iruditu zitzaion, baina, beraren zalantzaren kontra, denek jan zuten, eta sobera gelditu zen.
Ogien eta arrainen ebanjelioko miraria Eliseorenean kalkatua dago, baina zailtasunak handigoak direlarik. Ehun pertsonaren ordez bost mila dira (Mk, Lk eta Jn-en arabera; Mt-k gehitu du: «emakumeak eta haurrak kontuan hartu gabe»; honek hogeiren mila zirela pentsatzera eramango gintuzke). Eta hogei ogiren ordez, bost bakarrik ditu Jesusek.
Halaz guztiz, Eliseok «jango dute eta sobera izango da» esan zuen bezala, Jesusen mahaikideek «nahi beste jan zuten; eta ugaritasuna agerian uzteko, sobera gelditu diren ogiez hamabi otar bete dituzte.
Argi gelditu da Jesusen ahalmen handiagoa. Baina Sinoptikoek garrantzizko xehetasun bat gehitu dute: «leku bazter batean gertatu da», eta honek Israel herriak basamortuan egindako ibilia dakarkigu burura: Jainkoak herria manaz elikatu zuelako pasadizo hura. Jesusek ere, Moisesek bezala eta hura baino handiago izanik, elkartea elikatu du (agian horregatik aipatu ditu Mateok berariaz emakumeak eta haurrak). Joanek segidako hitzaldian garatuko du manarekiko eta Moisesekiko erlazioa.

Ogiak eta arrainak ugaltzea Joanen arabera

Antzekotasunak antzekotasun, Joanenak alde nabarmenak ditu Sinoptikoen kontaerarekiko.
1.-Aldiaren adierazpena falta da Sinoptikoetan: «Hurbil zen Pazkoa, juduen jaia». Horrenbestez, Jesusen heriotzarekin erlazionatu du Joanek ogiak ugaltzea. Joanek ez digu kontatu Eukaristiaren eratzea, baina mirari honek, jaian berean gertatuak, Jesusek herria elikatzen duelako ideia sinbolizatzen du.
2.-Jendearekiko ardura ez da sortu ikasleengan, baizik eta Jesusengan. Sinoptikoetan ikasleak dira Jesusi hurbildu zaizkionak jendea jatekorik bilatzera bidal dezan eskatuz. Joanengan, Jesus bera da aurrea hartu diena, arazoa nola konponduko lukeen Feliperi galdetuz.
3.-Aurreko horrek azaltzen du ikasleek erantzukizuna jendearengan utzi nahi dutela: jendea bera da jatekorik bila joan behar duena. Jesus, berriz, bera da jatekoa emateaz arduratu dena.
4.-Arazoaren zailtasuna argi uzteko, jende hori elikatzea zer kostatuko litzatekeen adierazten du Felipek: berrehun denario. Landa-gizon baten soldata zen denario bat; berrehun denario; beraz, kantitate handia zen, Jesusena bezala, limosnaz bizi zen elkarte batentzat.
5.-Jesusen mirariaren eta Eliseorenaren arteko erlazio bereziki argia da Joanengan; izan ere, Sinoptikoetan soilki «bost ogi» aipatzen diren bitartean, Joanek «garagar-ogi» direla adierazten du Eliseori erregalu eginak.
6.-Une gailurra nabarmen da desberdina. Sinoptikoek diote Jesusek, «begiak zerurantz jasoz, bedeinkatu zituela, puskatu zituela eta ikasleei eman zizkiela jendearen artean bana zitzaten». Joanengan, Jesusek ekintza bat bakarrik dagi: eskerrak ematea (eucaristh,saj); baina inportanteena da bera dela ogia bertako guztiei banatzen diena. Bistan da, datu sinboliko bat dela. Mahai-zerbitzari bakar bat bost mila lagunentzat ezinezkoa da. Joanek adierazi nahi digu ezen Eukaristian Jesus bera dela jaten ematen diguna.
7.- Mateok, mirari hau kontatzean, alde batera utzi ditu ugaltze horretan arrainak; hain justu, ogiaren garrantzia azpimarratzeko, Eukaristiaren sinbolo gisa. Joanek beste era batean iradoki du gauza bera. Jesusen agindua: «Bildu sobera gelditu diren puskak, ezer gal ez dadin», ogiez bakarrik esandakotzat hartu dute ikasleek, ez dira arduratu arrainez. Izan daiteke, Jesusen hitz hauekin geroagoko jarduera liturgikoa islatu nahi izan zuela Joanek, Eukaristia-ogia ezin erabili zela edozein ogi bezala.
8.-Herriaren erreakzioa eta Jesusen erreakzioa. Sinoptikoetan, jendea ez da ohartu gertatu den mirariaz. Joanengan, berriz, jendea harriturik gelditu da Jesusek egindakoarekin, eta Jesus espero zuten profeta dela atera dute, Moisesen antzekoa, zeinak basamortuan elikatu baitzuen herria. Lehen begiratuan, harritzekoa da nola «identifikatu duten mundura etortzekoa zen profeta hori» Israelgo etorkizuneko erregearekin. Baina hor dago Flavio Josefo: lehen mendean errege-ustearekin, mesias-ustearekin, aurkezten ziren profetaz mintzo da. Herriaren asmoa argiro iraultzailea da: erromatar Zesar ez den errege bat izendatu nahi dute goberna ditzan, askatuko dituen errege bat. Jesus, ordea, ez dator bat ikuspegi horrekin eta ihes egin du. «Nire erreinua ez da mundu honetakoa», esango dio Pilatori.

Diskurtso batean jarraitzen duen mirari bat

Sinoptikoetan, miraria bera da arazo guztia. Joanengan, ordea, mirari hori abiapuntu bat da segidako igandeetan irakurriko dugun diskurtso luze batentzat. Garrantzizkoa da xehetasun honi erreparatzea, testua komentatzean: azpimarratzen ahal da Jesusek jendeaz agertu du ardura, baita Eliseorena baino mugagabeki handiagoa den Jesusen ahalmena ere, baita sinbolismo eukaristikoa, baita Jesusen ukoa ere mesianismo politikoari…; baina argi jarri behar da kontakizuna diskurtso baten atarikoa dela soilik. «Orain dator alde ona». Ogiak ugaltzea Jesus aurkezteko da, egiazko bizi-ogi bezala.

Batasuna lortzeko errezeta (2. irakurgaia: Efesoarrei 4,1-6)

Joan den igandean, Efesoarrei gutunak gogoratu zigun, Jainkoak adiskidetu egin dituela juduak eta paganoak, Jesusen heriotzaren bidez. Alabaina, batasun hori aise hautsi daiteke. Ez bi herri horien artekoa bakarrik, baita jatorri bereko elkarteen baitakoa ere. Hor dago hogei mendeko esperientzia testigu. Paulok, kartzelatik, batasunari eusteko zein jarrera izan azaltzen digu: apaltasuna, maitagarritasuna, ulermena, batak bestea jasatea, bakearen lokarria zaintzen saiatzea. Horrela iritsi gintezke gorputz bakar bat eta espiritu bakar bat izatera, «Jaun batean, fede batean, bataio batean» oinarriturik. Testu honek, hitz oso desberdinez, Jesusek, Joanen ebanjelioaren arabera, bere agur-diskurtsoan azaldutako desira handia gogoratzen digu: «Aita, guztiak bat izan daitezela, zu nigan eta ni zugan bezala». Eta, ebanjelioari dagokionez, gogoratzen digu, ogi bera jaten dugun guztiok bat garela.

José Luis Sicre