Urteko 17. igandea B (2015-07-26)
HOMILIA

Anai-arrebok!

Aurten, oro har, Markosen ebanjelioa ari gara entzuten igandeetako Mezan. Halere, badira salbuespen batzuk. Esaterako, gaur hasita, bost igandetan Joanen ebanjelioko seigarren kapitulua entzungo dugu.

Gaurko pasartean, seinale handi bat dakarkigu Joanek: Jesusek bost ogi eta bi arrain ugaldu ditu, bere ondoren joan den jendeari jaten emateko. Bost mila gizonezko aipatzen ditu Joanek.

Seigarren kapitulu hau irakurtzen hasi orduko, hitz berezi bat aipatzen digu testuak: «jende askok jarraitzen zion Jesusi –dio testuak–; gaixoekin egin zituen SEINALEAK ikusi baitzituen». Seinaleak: horixe da hitz berezia.

San Joanen ebanjelioko 2–12 kapituluen pasarte luzeari, «seinaleen liburua» deitu ohi zaio; Jesusek egindako zazpi mirari ageri dira hor; EABn «mirarizko seinale» izena erabili da.

Oso garrantzizkoa da xehetasun hau kontuan hartzea, gaurko ebanjelioa ulertu nahi badugu. Esan bezala, gaurko ebanjelioan jendeari jaten emateko Jesusek egin duen mirarizko seinalea irakurriko dugu. Alabaina, seigarren kapitulu guztia hartuko du ebanjelariak, mirarizko seinale horrek zer esan nahi duen adierazteko. Beraz bost igande hauek bat eginik hartu beharko ditugu.

Lehenengo irakurgaiaren antz handia du gaurko ebanjelioak. Eliseo profetari pertsona ezezagun batek hogei ogi ekarri zizkion. Jendeari emateko agindu zion Eliseok bere zerbitzariari. «Zer egin behar dut nik hogei ogirekin ehun lagunen gosea asetzeko?», galdetu zion zerbitzariak; gose-aldia zen garai hura. Banatzeko agindu zion berriz ere profetak. Banatu, denek jan eta sobera izan zen ogia.

Antzeko zerbait egin du Jesusek. Baina zailtasun handiagoak gaindituz: ez dira hogei ogi, baizik bost; ez dira 100 lagun, baizik 5.000. Halere, denek jan dute, eta hamabi saskitara ogi sobera izan da.

Alabaina, gertaera bera baino inportanteago dugu, gertaera horren esanahia. Ebanjelioaren beraren arabera, seinale bat da; ezkutuko zenbaiten seinalea. Datozen igandeetan, zehazkiago agertuko digu ebanjelariak zeren seinalea den. Halere aurreratu dezagun labur-labur: Joanen arabera, ogien ugaltze hau Eukaristiaren seinalea da. Jesus ogi bizia dela adierazi nahi du. Gosea erabat asetzen duen ogi bizia.

Mirari honetaz beste ebanjelariek diote, Jesus errukitu egin zela jendeaz, zer janik ez zuelako. Joanek ez dio horrelakorik. Joanen arabera, esan dugu hori adierazi nahi dio Jesusek jendeari: bizi-ogia dela bera. Ogi materialak ogi espirituala adierazten du. Gose fisikoak gose espirituala, Jainkoaren gosea, adierazten du.

Halere, ezin ahaztu dugu beste alderdi hau. Mutiko batek Jesusen esku ditu bere bost ogiak eta bi arrainak. Gauza bera egin zuen ezezagun batek Eliseo profetaren kasuan. Esan nahi da, Eukaristia solidaritatea dela, gauzak banatzen jakitea dela. Bost ogi eta bi arrainak ezer gutxi dira. Baina banatzen badira, ugaldu egiten dira.

Senideok, Eliseo profetak eta Jesusek egin dituzten seinale horiek baina mila bider handiagoak baditugu geure begi aurrean. Gai al gara seinale horiei antzemateko? Ez al da seinale handia unibertsoari bizirik eustea? Ez al da seinale handia Eliza osatzen dugun jende eskas hau eta guzti, Elizari bizirik eustea? Zenbat jendek antzeman zion Jesusi benetan bizi-ogia zela? Eta gu, gai al gara Jainkoak eskaintzen dizkigun seinaleei antzemateko? Geure biziari, geure zintzotasun baldarrari, geure nola-halako ondradutasunari, geure fedeari, esperantzari, maitasunari? Gai al gara horietan guztietan Jesusen Espirituaren eskua sumatzeko?

Senideok, mundua eta mundukoak JAINKOAREN SEINLEEN LIBURUA gara. Ireki ditzagun begiak.

Zatoz, Espiritu Santua, eta emaguzu zeure argia, munduan, pertsonengan, Elizan, sakramentuetan, Ebanjelioan Jesusen eskua ikusi eta aintzat hartzeko.

DIONISIO AMUNDARAIN