Jesus hitzaldi bat prestatzen (2015-07-26)
Urteko 17. igandea B

Penintsulan jasaten ari garen hirugarren bero-boladari, zapping liturgikoa dela medio, bost igande gehitzen dizkiogu, San Joanen ebanjelioari eskainiak: bizi-ogiaren hitzaldia, ogiak eta arrainak ugaltzearen mirariaren segidan.

Kasu bitxi bat

Gauza bitxia da, Joan ebanjelaria kontakizun batean bat etortzea Sinoptikoekin (Mateo, Markos, Lukas). Ogiak eta arrainak ugaltzearen hau da kasu gutxi horietako bat; halere, kontuan hartu behar dira Joanen ñabardura propioak. Data da lehenengoa: «Hurbil zen Pazkoa, juduen jaia». Sinoptikoetako batek ere ez dakar xehetasun hau; Joanentzat, ordea, oso garrantzizkoa da: Jesusen heriotzaren unea iradokitzen du. Joanek ez dakar Eukaristia eratu izana; baina, mirari honek, aipatu jaian gertatuak, Jesusek bere herria janaritzen duela sinbolizatzen du.

Jesus eta Eliseo

Itun Zaharrean, Eliseo profeta da mirari handiak egin dituztenetako bat. Lehen irakurgaiak kontatzen digu, nola janaritu zituen ehun lagun hogei garagar-ogiz (antzinako ogien tamaina kontuan izanik, ez zen oso zaila bakoitzarentzat mokadutxo bat ateratzea). Profetaren morroiaren duda-muden gainetik, guztiek jan zuten, eta sobera ere izan zen.
Ogiak eta arrainak ugaltzearen gaurko ebanjelioko miraria Eliseoren mirarian kalkatua dago, baina zailtasunak handiagotuz. Ehun lagun ordez, bost mila dira (Sinoptikoek beste hau gehitu dute: «emakumeak eta haurrak kontatu habe»; Joanek gizonezkoak bakarrik aipatu ditu). Eta hogei ogi ordez, Jesusek bost ogi bakarrik ditu eskura. Zailtasuna argi uzteko, jende hori elikatzeak zer kostu izango zuen adierazten da: 200 denario. Landa-gizon baten eguneko soldata zen denarioa; 200 denariok kantitate handia esan nahi du, Jesusena bezala, limosnatik bizi den talde batentzat.
Halaz guztiz, Eliseok esan zuen: «jango dute, eta sobera ere izango da»; Jesusen mahaikideek «nahi adina jan zuten», eta ugaritasuna adierazteko, sobera gelditu denarekin hamabi saski bete dira.
Jesusen mirariaren eta Eliseoren mirariaren arteko zerikusia bereziki argi gelditu da Joanen ebanjelioan; izan ere, Sinoptikoek «bost ogi» aipatzen dute, besterik gabe; Joanek, berriz, «garagar-ogi» dakar, Eliseok erregalatu zituenak bezalakoak.

Eukaristiaren sinbolo

Mateok, mirari hau kontatzean, ez du aipatzen arrainik; dudarik gabe, ogia eukaristiaren sinbolo dela azpimarratzeko.
Joanek gauza bera, beste era batean iradoki du. «Bildu sobera gelditu diren puskak, ezer gal ez dadin» delako Jesusen agindua, ikasleek ogiez bakarrik ulertu dute; ez dira arduratu arrainez. Gerta liteke, Jesusen hitz hauek islatzea geroago liturgian egin ohi zutena; pentsatu baitzuten, eukaristi ogia ezin zela erabili ogi arrunta bezala.

Herriaren erreakzioa eta Jesusen erreakzioa

Sinoptikoetan, jendea ez da jabetu egindako mirariaz. Joanengan, berriz, jendea harriturik ageri da Jesusek egin duenarekin, eta espero zuten profeta dela atera dute, herria basamortuan elikatu zuen Moisesen antzekoa. Lehen begiratuan, harrigarri gertatzen da, «mundura etortzeko zen profeta» hori Israelgo geroko erregearekin identifikatu izana. Baina Flavio Josefok dio, lehen mende hartan bazirela profetak, errege zirela, mesias zirela uste zutenak.
Herriaren asmoa iraultzailea da argi eta garbi: erromatar Zesar ez den errege bat izendatu nahi dute, gobernatu eta askatu dituen errege bat. Jesus, ordea, ez dator bat ikuspuntu horrekin, eta alde egin du.

Mirariaren jarraipena den hitzaldi bat

Sinoptikoetan, miraria bere baitan hesitu eta bukatu da. Joanengan, berriz, miraria abiapuntu bat da, segidan etorriko den hitzaldi luze bat aurkezteko; ondorengo igandeetan entzungo dugu hitzaldi hori. Garrantzizkoa da xehetasun hau gogoan hartzea testua komentatzean: azpimarra daiteke Jesusek jendeaz duen ardura, baita Eliseorena baino askoz handiago den Jesusen ahalmena ere, baita sinbolismo eukaristikoa ere, baita Jesusek mesianismo politikoari kontra egin izan ere…; baina argi utzi behar da, kontakizuna hitzaldi baten atea dela soilik. «Orain dator alderik handiena».
Baina Joanek, Jesusen hitzaldiak idaztean, irakurlearentzat erronka bezala hartzen ditu: ezin dira ulertu behin bakarrik irakurriz, baizik behin eta berriz irakurri behar dira eta etengabeko gogoeta egin. Zoritxarrez, fededun gehienak ez dira prest erronkei aurre egiteko, abuztuan. Batez ere, hirugarren bero-boladak aurrera segitzen badu.

José Luis Sicre