URTEKO 16. IGANDEA B (2021-07-18)

SARRERA

Senideok, urteko 16garren igandea ospatzen dugu gaur. Irakurgaiek geure bihotzera begira jartzeko gonbita egiten digute. Lehenengo irakurgaiak esaten digu: gure konfiantza merezi duen artzain on bakarra, Jainkoak bidaliko digun hura izango dela. Kristauoi dagokigunez, Jesusez ari da hor. Jesus berpiztuaz. Geure bihotzean aurki dezakegun Jesus berpiztuaz. Bigarren irakurgaiak, batzuk besteengandik apartatzen gaituen pareta botatzeko eskatzen digu; pareta hori, azken batean, neure «neu» harroa da: neure «neu» harro hori desegin behar dugu. Ebanjelioan, azkenik, Jesusek, tarteka, geure barruko basamortura joateko eskatzen digu; eguneroko lan egin beharrak ito ez gaitzan. Halere, atseden bila joan den Jesus hori bera gai izan da, atsedena utzi eta artzainik gabeko ardiak bezala dabilen jendeari kasu egiteko.

LEHEN IRAKURGAIA Jeremias profetaren liburutik (23,1-6)

Profeten predikuko testu berezia da gaurko hau: Israel herriko arduradunei (erregeari eta apaizei) beren ardura-falta aurpegiratzen diete profetek. Ez dira herriaren artzain. Beraien erruz, herria urrundu egin da Jainkoagandik; beraien erruz datorkio horrenbeste ezbehar herriari. Horregatik, Jainkoak berak bidaliko du egiazko artzaina.
Profeten hitz hauetan promes hau ikusten du Elizak: Jainkoak Jesus bidaliko duela. Artzain on bakarra.
Elizaren gaur egungo egoeran, garrantzizko oharkizuna izan daiteke testu hau. Elizan ditugun zailtasun guztiak kanpoko arrazoi batzuei leporatzen dizkiegu beti: mundua sekularizatu egin dela, kontsumismoa dela etab. Oso gutxitan pentsatzen dugu eliztarrok, hori guztia gure errua izan daitekeela. Ez ote genituzke hartu beharko Elizari esandakotzat Isaias profetaren hitz hauek: «zeuek sakabanatu dituzue ardiak, zeuek bota dituzue artaldetik…»? Eliza esatean, eliztar guztiok gara Eliza.

BIGARREN IRAKURGAIA Efesoarrei egindako gutunetik (2,13-18)

Efesoarrei egindako gutunaren autoreak esaten digu, Jesusek lurrera bota duela herri desberdinak bereizten zituen pareta. Jakina, pareta esatean, geure barruko jarrera esan nahi du. Geure burua aurkitzeko aukera eman digu Jesusek: zer garen, nondik gatozen, nora goazen aurkitzeko aukera, alegia. Horrela, guztiok anai-arreba garela ezagutzeko modua egin digu Jesusek. Bata besteagandik apartatzen gaituena da pareta, harrokeriazko gure «neu» delakoa, «neu» gezurrezkoa. Guztion «neu» egiazkoa, bat bera da beti: Kristogan anai-arreba izatea.
Paulo, lehenik eta behin, juduen eta paganoen arteko leizeaz ari da. Paulok ebanjelizatu zituen lehen elkarteak ondo ulertu zuten hori; baziren, halere, kristauen artean besterik uste zutenak ere: kristau juduzale deituak.
Senideok, aspaldidanik zabaldua da Elizan esaera bat: Ecclesia semper reformanda, hau da, Eliza beti eraberritu beharrekoa. Buru-belarri ekin dio eginkizun horri Frantzisko aita santuak. Eskain diezaiogun geure laguntza.

EBANJELIOA San Markosen liburutik (6,30-34)

Joan den igandeko ebanjelioan entzun genuen, Jesusek misiolari bidali zituela apostoluak. Hauek harro-harro itzuli ziren Jesusek emandako misio hartatik. Jesus konturatu zen: batetik, nekaturik zeudela; bestetik, mesianismo faltsu batean erortzeko arriskua bizi zutela. Bi arrazoi horiengatik, basamortura joateko eskatu die, leku bakarti batera: atseden hartzeko, otoitz egiteko, planak eta elkarrizketa egiteko. Begiak beren barrura itzuli beharra dute, atsedeteko eta otoitzean bihotza betetzeko.
Jesus eta ikasleak aparteko lekura iritsi direnean, jendetza handia ikusi dute. Jesus, bere planak alde batera utzirik, hitz egiten hasi zaie, maitasunez eta patxadan.

HERRIAREN OTOITZA

1.- Premia gorria, estutasuna eta lanik eza jasaten ari diren krisialdiaren biktima guztien alde; guztion artean, bide berriak urra ditzagun, soiltasunerako, partekatzeko eta borroka egiteko. Eska diezaiogun Jaunari.
2.- Oporrik ezin hartu dutenen alde, lanaldi luzeak dituztenen alde, uda latza jasaten ari direnen alde. Eska diezaiogun Jaunari.
3.- Beren herritik eta familiartetik urrun bizi direnen alde, pertsegituak direnen alde, maitasunik gabe eta oinazetan bizi direnen alde. Eska diezaiogun Jaunari.
4.- Jainkoaren seme-alaba guztien alde, Jainkoak sutsu maite dituen guztien alde, batez ere ahulen, pobreen edo gaixoen alde: halakoen premiak kontuan har ditzagun. Eska diezaiogun Jaunari.