Merezitako atsedena huts eginik (Markos 6,30-34)
Urteko 16. igandea B 2018-07-22

Zer da: ezinezko kontakizun bat ala kontakizun sinboliko bat?

Gaurko ebanjelioa joan den igandekoari lotua dago: Jesusek ikasleak misiora bidaltzeari, alegia. Lehen begiratu hutsean oso ondo ulertzen da, eta lotsa ere ematen du komentatzen hasteak. Baina bada xehetasun garrantzizko eta argiezineko bat: Jesus eta ikasleak ontziratu direnean, leku bakarti baten bila, Markosek dio jende askok ikusi zituela joaten, eta jende hori korrika hasi eta Jesus eta ikasleak baino lehen iritsi zela leku hartara. Lerro hauek Kadizko badiaren erdian ari naiz idazten; badia honen formak eta neurriek Galileako aintzira dakarkidate gogora, nolabait. Imajinatzen dut leku bakarti baterantz ontziratu dela Jesus. Daitekeena al da Rota-tik, Santa Mariako Portutik, Puerto Realetik jendea korrika joan eta inork zein den ez dakien leku batera ontzia baino lehen iristea? Ezinezkoa. Honek adierazten du, kontakizuna (egun hartan gertatua) ez dela irakurri behar ikuspuntu historiko hutsetik, baizik sinbolikotik.

Markosek azpimarratu duen lehen alderdia, jendeak Jesusekiko duen egundoko arreta da. Esana du lehenago ere, adieraziz, hainbat eta hainbat zebilela joan-etorri Jesusen jiran, non ez baitzuten ikasleek eta Jesusek jateko ere astirik. Markosek testua bere elkarteari irakurri zionean, galdegitera behartuko zuen: sentitzen al dugu guk arreta hori bera Jesusez? Haren ondoren al gabiltza, ala nahiago dugu etxean eroso eta lasai gelditu?

Bigarren alderdia, Jesusek jendeari egin dion eskaintza da. Ertzera iritsi eta pilatua den jendetza ikusi duenean, ez dio esan Jesusek Pedro itsas zabalera arraunean egin eta beste leku bat bilatzeko. Baizik eta errukitu egin da jende hartaz, bertan behera utzirik ikusi baitu, artzainik gabeko artalde gisa. Aipatu lehen alderdia elkartearentzat buru-azterketa izan bada, bigarren alderdi hau elkartearen arduradunentzat da. Sentitzen al dut errukirik jendeaz, ala alde bera batera uzten saiatzen naiz, merezitako atsedena izorratzera datorrela nbaritzean?

Hona hirugarren alderdia, oso garrantzizkoa: Jesusek, errukia sentitzean, ez dio ekin mirariak egiteari, baizik eta irakasteari. Eta jendeak konforme dela ematen du horrekin. Pena merezi izango du Jesusen bila egindako korrika-saioak.

Artzain gaiztoak, artzain onak, Daviden ondorengoa (1. irakurgaia: Jeremias 23,1-6)

Testuak K.a. VI. mendean, Babiloniako erbestealdikoan, tipikoak diren ideiak bildu ditu. Garai hartan, ohikoa zen erregeak, artzainak alegia, salatzea, herriaz ardura gabeko izan zirela eta beraiek eragin zutela herria erbestera eramatea.

Inguruabar horretan, profetek konbentzimendu osoa dute ezen Jainkoak ez zuela herria zapuztu; halere, esperantza hori ñabardura desberdinez jantzi izan da. Sarritan jaulki izan da ideia hau: Jainkoak berak elkartuko duela herria sakabanaturik aurkitzen den herrialde guztietatik. Eta zer gertatuko da ondoren? Testu batzuetan esaten da, Jainkoa bera izango duela bere errege; beste batzuetan esaten da, monarkia berregina izango dela, errege onekin; beste batzuek, azkenik, errege miresgarri bat aipatzen dute.

Liturgiak aukeratu duen testuak azken bi ideiak jaso ditu: kasu batean, «artzainak» aipatzen dira, pluralean; azkenean, berriz, Daviden ondorengo bat aipatzen da, zuzen gobernatuko duena, zuzenbidea eta zuzentasuna biziz.

Zuzentasuna kudeatu – irakatsi

Mezako lehen irakurgai hau ebanjelioarekin duen erlazioagatik aukeratua izan denez, garrantzizkoa da erreparatzea ezen Daviden ondorengoagan ezarritako esperantza politikoak, zuzentasunak kudeatu eta zuzenbidea praktikatzen duenak, ñabardura guztiz desberdina duela Jesusengan; honek, izan ere, bere jardueraren ardaztzat irakastea hartu du.

Jose Luis Sicre