ARTZAINIK GABEKO ARDIAK BEZALA
Urteko 16. igandea B 2015-07-19

Bere ebanjelioa hots egitera Jesusek bidali dituen ikasleak gogo-bero itzuli dira. Presa bizia izan dute egin eta irakatsi dutenaren berri emateko beren Maisuari. Ematen du, Jesusek patxadan entzun nahi diela, eta «leku baketsu batera joatera gonbidatu ditu berak bakarrik, apur bat atsedetera».

Jendeak, ordea, hankaz gora jarri ditu haien asmoak. Herrixka guztietatik jo du jendeak haien bila. Ezin dute egin bilera baketsu hura, Jesusek bere ikasle hurbilekoenekin egin nahi zuen hura. Izan ere, ikasleak iritsi baino lehen, jendetzak hartua du leku hura guztia. Zer egin du orduan Jesusek?

Xeheki deskribatu du ebanjelariak Jesusen jarrera. Jesusentzat jendea ez da sekula nekagarri. Arretaz erreparatu dio jendetzari. Badaki, izan ere, Jesusek erreparatzen, ez soilik lagun jakin eta hurbilekoei, baita jendetzari ere, ahotsik, aurpegirik eta inportantzia berezirik ez duten gizon-emakumeek moldaturiko jendetzari ere. Bat-batean harrapatu du errukiak Jesusen bihotza. Ezin izan du saihestu. «Erruki izan zituen». Bihotz barnean ditu guztiak.

Ez ditu bazter utziko sekula. «Artzainik gabeko ardi bezala» ikusi ditu: bidean gidatuko dituen gidaririk gabeko jende bezala, Jainkoaren ahotsa entzutera emango dion profetarik gabeko bezala. Hargatik, «haiei patxadaz irakasteari ekin zion», bere denbora eta arreta eskainiz, bere Hitz sendatzailea janaritzat emateko.

Egunen batean aztertu beharra izango dugu Jesusen, geure Jaun bakar horren aurrean, nola ari garen erreparatzen jendetza horri, nolako trataera ematen diogun, Elizatik pixkana ihesi doakigun horri; hain zuzen eta agian, gure artean Jesusen Ebanjelioa entzuteko aukerarik ez duelako, gure hitzaldiek, agiriek eta agerpenek ezer gutxi adierazten diotelako.

Jende xumea eta ona, gugan desilusioa baino aurkitu ez duena, gugan Jesusen errukirik sumatu ez duena. Jende fededuna: ez daki ez zeinengana jo, ez zein bide hartu, gugan sumatzen duena baino Jainko gizatarrago batekin topo egin ahal izateko. Kristauak: isilik gelditu dira, ondo dakitelako beren hitza ez duela kontuan hartuko Elizan «norbait» den inork.

Egunen batean aldatuko da, ordea, Eliza honen aurpegiera. Ikasiko du erruki beroagoz jokatzen; alde batera utziko du bere hizketa, eta emango dio jendearen sufrimena entzuteari. Bai, Jesusek ahalmena du gure bihotza eraldatzeko eta gure elkarteak eraberritzeko.

Jose Antonio Pagola