Urteko 15. igandea B 2015-07-12
HOMILIA

Anai-arrebok!

Ikusgarria eta pozgarria da Jesusek gomendatu digun egitekoa. Berak mundu honetara ekarri duen misioa bera gomendatu digu: mundu osoan Jainkoaren erreinua hots egitea.

Ikusgarri eta pozgarria. Izan ere, horrek esan nahi du gu aintzat hartu gaituela. Gugan konfiantza duela. Nork ez du poz pixka bat sentitzen, familian, herrian, elkartean egiteko duin bat ematen digutenean?

Horixe adierazten digu gaurko ebanjelioak. Jesusek ikasleak bidali ditu bere aurretik. Aro berri bat hasi da Jesusen ikasleentzat: ikusi eta entzun dutenaren berri zabaldu behar dute gizartean.

Lehendabizi, berarekin egotera eta bizitzera deitu ditu; bera ezagutzeko. Ez dute ezer berririk aurkituko, Jesus profeta handi bat, gizon-gizon bat dela ikustearekin. Aitarekin bat dela ezagutzera deitu ditu. Kanpotik ezagutzetik, barnez ezagutzera igaro daitezen dei egin die beragana. Aitarekin bat izateak hau esan nahi du: Aitak maitasun hutsez kreatu duen mundua, maitasun hutsez segitzen duela hura kreatzen eta maitatzen.

Horixe behar dute hots egin ikasleek. Jainkoa maitasuna dela. Hots egin, eta Jesusekin bat egitea proposatu, eskaini, mundu guztiari.

Horixe da kristauon egitekoa ere. Proposatu, eskaini. Inori ezer ezarri gabe. Inor ezertara behartu gabe.

Egun hauetan, Frantzisko aita santua Hego Amerikan dabil. Besteak beste, ba al dakizue zer eskatu duen? Barkazioa. XVI. mendeaz gero, Hego Ameriketan indigenei Jainkoaren izenean egin izan zaizkien barrabaskerien eta ezarpenen eta bortxakerien barkazioa.

Jesus eta Jesusen mezua ez zaio inori ezartzen. Jesus azaldu egiten da, zer eta nor den azaldu; proposatu, eskaini. Betiere askatasunerako aukera handi eta bikain bezala.

Frantzisko aita santuak gaitzetsi duen jokabide horren antzekoa entzun dugu lehen irakurgaian.

Amos profeta, bere lanbidea utzi, eta Hegoaldetik Iparraldera joan da hango zuzengabekeria salatzera. Bertako apaiz batek, Amasiasek, beste ikuspegi bat du, eta Amosi bere lurraldera joateko agindu dio.

Hiru ezaugarri nabari dira Amazias apaiz horren jokabidean: batetik, Amosen mezua politiko huts bezala hartu du; Amosek hots egiten duen alderdi erlijiosoa ez zaio burutik pasatu ere; bigarren, Jainkoaren Hitzari mugak ezarri nahi dizkio: hitz egizak Hegoaldean, esan dio Amos profetari; hirugarren, Amosi izen ona kendu nahi dio.

Jesusek ondo asko aurreikusi zituen ikasleek izango zituzten zailtasunak. Amosenak eta beste batzuk.

Zer laguntza proposatu dizkie. Nagusienak aipatzeko, hona: pobre joan eta azaldu behar dute, prest bizi behar dute bai onartuak izateko bai baztertuak izateko; betiere gogoan izan behar dute Jesusen Espiritua berekin izango dutela.

Horrenbestez, ebanjelioak dio: Ā«haiek konbertsioa hots egitera irten ziren, deabru asko uxatzen zuten, gaixo asko igurzten zuten olioz eta sendatzenĀ».

Senideok, horra gure egitekoa: Jendea Jesusengana begira ipini, munduan den gaiztakeria kentzen saiatu, beharrean den jendeari bere premia arindu eta bizipoza eman. Lagundu gaitzala Jesusen Espirituak.

DIONISIO AMUNDARAIN