Urteko 15. igandea A 2020-07-12

Krisialdi baterako erantzunak

Krisialdi bat, bost galdekizunekin eta zazpi parabolekin (Ebanjelioa: Mt 13,1-23)

Mateoren ebanjelioko une honetara iristean (13. kap.), zeruertza lausotzen hasia da. Oso ondo hasia zen guztia: lau ikasleren segimena, Mendiko Hitzaldia entzutean jendea gogotsu, ondoren hamar mirari; pixkana, ordea, aldatuz joan da ingurumena. Egia da: Jesusen inguruan jende xumearen taldetxo bat eratu da, legearen zamak estu hartua duen jendearena, Jesusengan eta haren mezuan atsedena sumatu duenarena, Jesusentzat «nire anaia, nire arreba eta nire ama» bihurtu denarena. Baina hau guztia ez da aski izan, Jesusi dagokionez duda-mudak sortzea eragozteko; Joan Bataiatzaileak berak ere bere dudak izan ditu; jendearen zati handienak axola txikia agertu du Jesusen mezuaz; adibidez, Korozain eta Betsaidako jendeak; batez ere, ordea, osperik handieneko talde erlijiosoa, fariseuak, guztiz aurka jarri zaizkio, bai berari, bai beraren irakaspenari, bera hiltzea pentsatzeraino.

Mateo K.o. 80. urte inguruko, bere garaiko, inguruabarrak islatzen ari da bere ebanjelioan; Jesusen jarraitzaileek kontrako ingurugiroa bizi dute. Uko egiten diete, ematen du ez dutela etorkizunik, nahasirik sentitzen dira beren aurkarien aurrean, ez dute ulertzen zergatik ez duen onartzen judu askok Jesusen mezua, berek Mesiastzat ematen duten Jesusena. Gauzak ez dira hasiera hartan uste izan zuten bezain miresgarri. Nola jokatu ingurumari honetan? Zer pentsatu? Markosek parabolatan adierazitako diskurtsoan oinarriturik, gaur egun guretzat baliodun diren bost galdereri dagozkien erantzunak ipini ditu Mateok Jesusen ahoan:

Zergatik ez dute onartzen guztiek Jesusen mezua? –Ereilearen parabola.
Zer jarrera izan behar dugu mezu hau ukatzen dutenekiko? –Gariarena eta irakarena.
Ba al du etorkizunik mezu honek, hain jende gutxik onartuak? –Mostaza-haziarena eta legamiarena.
Merezi al du mezu honekin konprometitzea? –Altxorrarena eta harribitxiarena.
Zer gertatuko zaie mezua onartzen duten, baina Erreinuko idealen arabera bizi ez direnei? –Arrantzuarena.

Zergatik ez dute onartzen guztiek Jesusen mezua?

Lehen parabolak, ereilearenak, problema honi erantzun nahi dio: Jesusen hitzak zergatik ez du ematen fruiturik jende batengan? Landa-jende batek oso ezaguna duen esperientziatik abiatu da Jesus, erantzuteko. Guretzat, aski dugu hasi-masiko bi xehetasun hauek gogoan hartzea: Galilea herrialdea oso menditsua da, eta Jesusen garaian ez zuten traktorerik. Ereileak eginkizun zail batekin egiten zuen topo, eta aldez aurretik zekien ale guztiek ez zutela emango fruiturik.

Ideala, parabola hau sekula entzun ez duen jendeari kontatzea eta irakurtzea izango litzateke. Azkenean, elkarri begira jarri eta esango lukete: eta zer? Gehienera, Jesusen «Belarririk duenak entzun beza!» azken hitzek adieraziko liekete, istorio honek baduela zentzu sakonago bat, baina ez dakite zein. Parabola enigmatiko bat dugu begi aurrean, irakurlearen jakin-mina iratzarri nahi duena.

Horregatik, ondoren berehala, ikasleen galdera dator: Zergatik hitz egiten diezu parabolez? Eta kapituluko pasarterik zailena sortarazten du honek. Zati hau alde batera uzteko aukera eskaini du liturgiak, eta iradokizun hori onartzea aholkatu nahi nuke, zuzenean parabolaren argibidera pasatuz.

Jesusen hitzak zergatik ez du ematen fruiturik kasu guztietan?

Lau kasu bereizi dira

1.-Jende bati, hitz horrek ezer esaten ez diolako: ez dator bat jende horren premiekin edo desioekin. Horientzat ez du zentzurik gizaki aske eta parekoen elkarte bat eratzeak, Aita bat beraren anai-arreba arteko bat eratzeak, alegia.
2.-Beste jende batek pozik onartzen du, baina adorea eta euspena falta zaio pertsekuzioak jasateko.
3.-Beste jende batek inportantzia handiagoa eskaintzen die lehen mailako premiei (janaria, jantzia), epe luzeko helburuari baino (Jainkoaren Erreinua). Bi egoera mutur-muturreko eta kontrakok, bizitzaren estutasunak eta aberastasun-lilurak, ondorio bera eragiten dute: Jainkoaren hitza itotzea.
4.-Azkenik, beste jende batengan haziak ematen du fruiturik. Baikorra eta errealista da parabola. Baikorra: hazirik gehiena lur onean erortzen dela uste baita. Errealista: lur onean produkzio- eta erantzun-maila desberdinak onartzen baitira: %100, %60, %30. Honetan, beste hainbat gauzatan bezala, gu baino ulertzaileago da Jesus; bateko ehun ematen duena bakarrik hartzen baitugu guk baliozkotzat. Bateko hogeita hamar ematen duen lurra ere ona da (maila guztietan aplikatzen ahal litzatekeen ideia: moralean, dogmatikoan, kristau-konpromisoan…).
Parabola hau hartzen ahal litzateke erantzukizunerako eta zain-zain bizitzeko deitzat ere: fruitua ematen duen lur onak berak ere gogoan izan beharko lituzke Jainkoaren hitza agor uzten ahal duten gauzak: hor-konpon-jarrera, iraupenik eza zailtasunetan, bizitzako estutasuna, aberastasunen lilura. Baina hau ez da parabolaren oinarrizko zentzua. Erantzukizunerako eta zain-zain bizitzeko deiaz, beste parabola eta kasu batzuetan mintzo da Jesus.

Oharpen-deia eta esker ona

Irakur liteke parabola hau erantzukizun eta aditasun-dei bezala ere: fruitu ematen ari den lurrak kontuan izan behar luke zer gauzak uzten duten lurra agor: pasotismoa, zailtasunen aurreko euspen-eza, bizitzako estutasuna, aberastasunen lilura.
Halere, garrantzizkoagoa da eskerrak ematea, Jaunak gugan bere hitza erein duelako, bera onartzeko grazia eman digulako eta, ehuneko hogeita hamar bakarrik eman badu ere, bere fruitua eman duelako.

Federako eta baikortasunerako deia (Lehen irakurgaia: Isaias 55,10-11 eta Sal 64)

Gaur egungo egoeraren aurreko krisialdia, honetatik etor daiteke askotan: guztiaren ardatz gizakiaren egintzak jartzetik. Huts egiten dugunean eta, batez ere, besteek huts egiten dutenean, dena doala oker uste izaten dugu. Alde ezkorrei bakarrik erreparatzen diegu. Alabaina, gaurko lehen irakurgaiak −honek ere haziaren eta ereilearen metafora darabil− Jainkoaren hitzaren egintza misteriotsuan ustea ipintzera eragiten digu: emankor baita euria bezala, fruitu emateari utziko ez diona.

Pasarte labur honek oso xumea eta teologikoa dela ematen du, eguneroko bizitzarekin zerikusirik ez duena. Alabaina, Isaiasen liburuaren liburuko 40—55 kapituluen azken puntua da, non Babiloniako erbestetik askatzea eta aberrira itzultzea iragartzen baitira. Nolatan gerta daiteke hori? Hauxe du erantzuna: Giza errege bat, Pertsiako Ziro, eta historia mugitzen duen Jainkoaren Hitza direla medio.

Geuk ere konbentziturik bizi behar dugu, ezen ereindako hazia ez dela geldituko bere fruitua eman gabe. Jaunaren Hitza bezalako izango da, Hitz «hori ez baita itzuliko nigana esku hutsik, baizik eta nire gogoa egingo baitu».

Jainkoaren egintza hori azpimarratzen du Salmoak, bera ere landa-irudiez baliatuz. Jauna ez da mugatzen hazia ereite hutsera; gainera, lurra ureztatu egiten du, zokorrak hautsi, euria bidali, ernamuinak bedeinkatu. Azkenean, «goraipatzen eta abesten duen uztaz janzten dira ibarrak». Batzuetan uste izaten dugun baino esperantzadunago izaten da etorkizuna.

José Luis Sicre