EREIN Mateo 13,1-23
Urteko 15. igandea A 2017-07-16

Ereilearen parabolaren kontakizuna bukatzean, dei hau egin du Jesusek: «Entzuteko belarririk duenak, entzun dezala». Parabola arretaz entzuteko esan nahi digu. Baina zertaz behar dugu egin gogoeta? Ereileaz? Haziaz? Lur-mota desberdinez?

Tradizioz, hazia hartzen duten lur-alorrei erreparatu izan diegu, kasik bakarrik; ebanjelioa entzutean, zein jarrera izan ohi dugun aztertzeko. Halaz guztiz, garrantzizkoa da ereileari eta ereiteko moduari erreparatzea.

Hau dio lehenik eta behin kontakizunak: «Irten zen ereilea ereitera». Konfiantza harrigarriz egin du lana. Ugari erein du. Hazia erori da, alde guztietan erori ere, baita hazia, itxuraz, nekez erne daitekeen lekuan ere. Horrela egiten zuten Galileako laborariek, bide-ertzetan eta alor harritsuetan ere ereiten baitzuten.

Jendeari ez zaio gertatu gauza zaila ereilea zein den ateratzea. Horrela ereiten du Jesusek bere mezua. Goizero ikusten dute irteten, Jainkoaren Berri Ona hots egitera. Bere Hitza ereiten du, bai hura onartzen duen jende xumearen artean, baita uko egiten dioten lege-maisu eta fariseuen artean ere. Ez du sekula amore ematen. Haren ereitea ez da izango agorra.

Krisialdi erlijiosoak gaina hartu digun honetan, pentsa genezake, Ebanjelioak galdua duela bere jatorrizko indarra eta Jesusen mezuak ez duela jada tiramenik gaur egungo gizon-emakumeak erakartzeko. Egia esan, gaurko hau, ez da egokiera arrakasta deigarriak «uztatzeko», baizik eta ereiten ikasteko, amore eman gabe, apal-apal eta egiaz.

Ez da Ebanjelioa indar gizatartzailea galdu duena; gu geu gara, hots egiten ari garena fede ahula eta dudakorra dela medio. Ez da Jesus tiramen-indarra galdu duena. Gu geu gara, indarra galarazten dioguna geure inkoherentziak eta kontraesanak direla medio.

Frantzisko aita santuak dio ezen, kristau batek Jesusekiko lotura estu bat bizi ez duenean, «laster joaten zaiola bere gogo beroa eta eskualdatu nahi duen mezuaren inguruko segurantza galtzen duela, indarra eta suharra falta zaizkiola. Eta konbentzimendurik, gogo berorik, segurantzarik, maiteminik ez duen pertsonak ezin konbentzitu duela inor».

Ebanjelizatzea ez da doktrina baten berri ematea, baizik eta Jesusen indar gizatartzaile eta salbatzailearen indarra agertzea da gizartean eta pertsonaren bihotzean. Hau ezin egin da nolanahi. Gauzarik garrantzizkoena ez da predikarien, katekisten eta erlijio-irakasleen kopurua, baizik kristauengan irradia genezakeen kalitate ebanjelikoa. Zer dugu kutsatzen? Axolarik eza ala fede beroa? Eskastasuna ala gizatasun handiagoko biziaren suharra?

Jose Antonio Pagola