URTEKO HAMALAUGARREN IGANDEA C

Lehen irakurgaia

( Mesiasen denboran izanen da bozkario )

Izai profetaren liburutik 66, 10-14c
10 Bozkaria zaitezte Jerusalemekin,
alaitu harekin maite duzuen guziak!
Izan orai harekin zoriontsu, harengatik dolutan zineztenak!
11 Asetzeraino edanen duzue haren bular gozotik,
atseginez xurgatuko haren aintza nasaitik.
12 Huna zer dion Jaunak :
Ibaika ekarriko diot Jerusalemi bakea,
eta erreka betean nazioneen ospea.
Haurtxoak bezala izanen zirezte,
besoetan erabiltzen eta altzoan ferekatzen direnak.
13 Amak haurra kontsolatzen duen bezala,
halaxe kontsolatuko zaituztet nik;
bai, Jerusalemen kontsolatuak izanen zirezte.
14 Ikusiko duzue eta poztuko zaitzue bihotza;
belar berria bezala loratuko dira zuen hezurrak.

Eta Jaunak bere ahala agertuko diote bere zerbitzarieri.

Izairen liburuaren bukaeran gira, hirugarren Izai deitzen den liburuan. Behako bat aintzinerat
eginarazten dauku, azken denboren bukaerarat. Kreazione erreberritu bat du aipatzen: Jainkoak
denak berri eginen ditu: “bozkaria zaitezte, alaitu….asetzeraino edanen duzue …belar berria bezala
loratuko dira zuen hezurrak.”
Izairen liburua zorionaren agintzarekin bururatzen da: ez gehiago dolurik, ez nigarrik, ez
zahartzerik, ez goserik, ez egarririk. Jondoni Joaniren Apokalipsia liburuan agintza berak aurkitzen
ditugu. Betiko ametsa… eta fedean, jendeak badaki ez dela bakarrik amets bat, bainan bai agintza
bat. Eta Jainkoak hitza atxikitzen ditu.
“Kontsalatuko zaituztet nik” dio Jaunak. Testo osoaren bilduma egiten du lerro hunek; eta erran
nahi du denak makur zoatzila eta kontsolamendu behar haunditan zela jendea. “Amak haurra
kontsolatzen duen bezala, halaxe kontsolatuko zaituztet nik; bai Jerusalemen kontsolatuak izanen
zirezte.” Hiru aldiz “kontsolatu” hitz hori.
Egun beltzetan, profetak itxaropena du maizenik biziarazten. Gaurko testo hau neke-aldi batean
idatzia da. J.K. aitzineko 6. mendean Babiloniatik etxeratu ondoan du profetak mintzaldi hau egiten.
Desterratuak etxeratu dira, bainan espero zuten itzultze horrek ez du urrundik ere amestu zuten
ongia ekarri. Jerusalemerat itzuli dira bainan profetak dio haren doluan direla. “Izan orai harekin
zoriontsu, harengatik dolutan zineztenak”. Berriz aurkitu duten Jerusaleme ez da utzi zuten
Jerusaleme. Tenploa suntsitua da, berrogoi ta hamar urteren buruan, irria ere, parte haundi bat, eta
beti bezala, joan zirenak ahantziak dira, … pentsa, berrogoi ta hamar urteren buruan! Izairen berria
hau da preseski : Jerusaleme biziko da berritz, uzten ahal duzue zuen dolua. Horrengatik erraiten du
: “Jerusalemen kontsolatuak izanen zirezte.” “Amak haurra kontsolatzen duen bezala”: Jainkoa ama
da ere, ez bakarrik aita. Ahanzten dugu gu haren iduriko eginak girela eta ez Jainkoa gure iduriko.
Gu emazte edo gizon gira, bainan Jainkoaren baitan biek bat egiten dute eta Jainkoa aita eta ama da.
Haren samurtasuna aipatzeko, ama baten samurtasunaren itxura aipatzen du profetak.
“Halaxe kontsolatuko zaituztet nik”: Jainkoaren egintza, ez gurea. Eta beti bezala, Jainkoaren
egintza bake izanen da: “Ibaika ekarriko diot Jerusalemi bakea”. Azkenean Jerusalemek bere izena
merezituko du: Bakearen herria”. Erresuma guzien biltzar leku bilakatuko da: “Ibaika ekarriko diot
Jerusalemi bakea, eta erreka betean nazioneen ospea”. Jaunak bakarrik du munduaren berritze hau
eginen ahalko.
Bainan, Jainkoak hori egiten ahal ote du ? Ainitz dudan dira: egun heietan, esperantza gabe
zirenek Jainkoak ahal guziak badituela entzun behar haunditan ziren. Profetak errepikatzen du :
“Eta Jaunak bere ahala agertuko diote bere zerbitzarieri.” Profetak ez ditu deskuraiatuak diren
bozak entzun nahi; profetak orroitarazten du Egiptotik ateratzean, nola Jainkoak bere populuaren
griñak entzun zituen, eta besoa luzatu laguntzeko. Jainkoak ez du sekulan bere populua abandonatu;
orai ere ez du abandonatuko. Lerro hau ” Asetzeraino edanen duzue haren bular gozotik ”
Jalgitzaren orroitzapena da. Jainkoak beti emaiten du behar duguna. Oraitik, nasaiki emanen du :
” atseginez xurgatuko duzue haren aintza nasaitik. ”
Jesusen denborako Juduek ezagutzen zuten Izai, eta ikusten testo hauen eta Testamen Berriaren
arteko loturak. Adibidez lerro hau : ” eta Jaunak bere ahala agertuko diote bere zerbitzarieri ” eta
Jondoni Petriren bigarren gutuna : ” Jauna ez da hitzeman duenaren berantzen ari, batzuk hala uste
badute ere ; gertatzen dena da pazientzia baduela zuekin, ez baitu nehoren galtzerik nahi, denen
bihozberritzea bai “. Eta Jondoni Petrik dio : ” Maiteak, ez ahantz : Jaunarentzat egun bat mila
urte bezala da, eta mila urte egun bat bezala. ” Eta bururatzen du erranez : ” Gu ordea, hitzeman
zeru-lur berrien beha gaude ».

Salmoa 65

Leloa : Kanta Jaunari, lur guzia, Kanta Jaunaren izenari.

Bihur Jaunari zor loria : zoin zaren, Jauna, miresgarri.
Lurrean daude kantuz denak, hain zare, Jauna, goresgarri.
Zatozte, beha, izan beldur: egintzak Jaunak gaitzak ditu.
Hak itsasoa egin du lur, hor denak oinez joan baititu.
Hari eskerrak, hari kantu: betiereko indarra du
Begiak dauzka munduz-mundu ea nor zaion asaldatu.
Jainkozaleak, etor, entzun nere arimak zer zor dion.
Esker-kantuak Jainkoari! Gogotik bainau ni entzuna!

Frangotan gertatzen den bezala, salmoaren azken bertsoak emaiten du salmo osoaren adiera:
“Esker-kantuak Jainkoari ! Gogotik bainau ni entzuna ! ” Egiazki esker onezko kantu bat da eta
hitzek berek errepikatzen dute : ” bihur zor loria, miresgarri…kantuz denak…zatozte…hari
eskerrak, hari kantu… etor, entzun nere arimak zer zor dion “ . Salmo hau egina izan da, hain
segur, Jerusalemeko tenploan eskerrak bihurtzeko.
Igande huntan irakurtzen diren leloek aski erraiten dute zer dion salmo osoak. Izraelgo eskerren
barne barnea Egiptotik ateratzea da, eta hori ez da harrigarri. Aipamenak argiak dira: “Hak itsasoa
egin du lur, hor denak oinez joan baititu”. Edo bertze hau : “Zatozte beha, izan beldur : egintzak
Jaunak gaitzak ditu”. Moisen kantua iduri du, Itsas gorria pasatu ondoan : “Jaunari kantuz nago
sekulakoak egin dituelako. Zaldi eta zaldizko itsasora bota dituelako. Ene indar eta kantua Jauna!
Hura ene salbamena. Ene Jainkoa da, hura dut ospatuko; ene aitaren Jainkoa, hura dut
goratuko…Nor da zu bezalakorik jainkoetan, Jauna? Nor da zu bezalakorik saindutasunean goiena,
balentrietan beldurgarri? Egintzetan miragarri?“
Lehen azkatasun hura, Izraeldarren betiko argia: Jainkoak gizakia libre nahi du eta haren
egintzek ez dute bertze helbururik. Ondotik, Izraelen gogoetak joan dira munduaren hastapen
hastapenerat, eta ageri dena hau da: Jaunak guretzat egin duena Egiptotik libratuz, guretzat egin
duena gure ixtorioan zehar gure ondoan izanez biziko eta azkatasunezko bidean…hori betitik egiten
du. Pentsaketa hauen ondotik da Jainkoa kreatzaile bezala asmatu : jendeen kreatzea eta heien
libratzea. Biblian bi gai hauek, kreazionea-azkatasuna, beti lotuak dira elgarrekin. Horrengatik,
azken azkatasuna kreazione bat bezala asmatua da eta hemen sortze bat bezala : “Belar berria
bezala loratuko dira zuen hezurrak…haurtxoak bezala izanen zirezte, besoetan erabiltzen eta
altzoan ferekatzen direnak .”
Zergatik salmo hau hautatua izan da egungo irakurgaietan, Izairen testoaren lagun,
kontsolamendua aginduz Jerusalementzat, eta bereziki egun latz heietan? Hain segur, seigarren
mende azkenekoa baita, Izairen irakurgaia bezala. Salmo hunek ingurumen bera duke, eta
Jerusalemeko tenploan kantatua izan ziteken. Izairen testoak aintzinetik aipatzen du nazione guziak
Jerusaleme berriari buruz etorriko direla: “Ibaika ekarriko diot Jerusalemi bakea eta erreka betean
nazioneen ospea”; eta salmoak erantzuten dio: “Bihur Jaunari zor loria” bai eta ere: “Lurrean
daude kantuz denak” . Egun zoriontsu eta alaitasunez betea izanen da, dio Izaik. Alaitasuna, bi testo
hauen gai nagusia. Berriz ere, Bibliak errepikatzen du Jainkoak gure zoriona bakarrik duela
bilatzen. Zoriona gaindizka, bozkarioa nasaiki, eta bizkitartean bozkario konkretu bat, egiazkoa,
gure beharren araberakoa: jatekoa, kontsolamendua, ferekatzea. “Jainkozaleak etor, entzun nere
arimak zer zor dion. Esker kantuak Jainkoari! Gogotik bainau ni entzuna!”
Azken oharra : Jainkoa delarik mintzo (profetaren medioz) Jerusalemen ospea eta zoriona du
bakarrik gogoan. Jainkoak du egintza ; profetak argiki dio : « Kontsolatuko zaituztet nik » bainan
Jainkoak bere populuaren zoriona du nahi (Jerusalemen medioz) : « Bozkaria zaitezte
Jerusalemekin, alaitu harekin, maite duzuen guziak ! ” Eta populua delarik mintzo (koblakariaren
medioz), Jainkoari zor zaion ospea du kantatzen : ” Bihur Jaunari zor loria : zoin zaren Jauna,
miresgarri. Lurrean daude kantuz denak, hain zare, Jauna, goresgarri. Zatozte beha, izan beldur :
egintzak Jaunak gaitzak ditu. Hak itsasoa egin du lur, hor denak oinez joan baititu.” “Egintza
gaitzak”, dio salmoak, erran nahi baitu erregen egintzak direla; Jainkoaren erreinua da etorria,
amodioaren erreinua. Salmoa hola bururatzen da, Izrael guzia mintzo delarik erranez: “Eskerkantuak Jainkoari! Gogotik bainau ni entzuna!”

Bigarren irakurgaia

( Kristoren gurutzea, girixtinoaren urguilua )

Jondoni Paulok Galaziarreri 6, 14-18

14 Ni, Jesu Kristoren gurutzeaz baizik ez nadila harro izan.
Hari esker, mundua betirako gurutzitzatua da neretzat,
eta ni munduarentzat.
15 Alabainan, ebakitua edo ebakitugabea izaitea berdin da;
kreatura berri izaitea da balio duena.
16 Bake eta urrikalmendu, arau horren arabera bizi direneri,
bai eta Jainkoaren egiazko Izrael herriari ere.
17 Hemendik aitzina nehork ez diezadala nekerik eman,
Jesusen zauri-markak nere gorputzean ekartzen baiditut.
18 Haurrideak, Jesu Kristo gure Jaunaren grazia
izan bedi zuen izpirituarekin. Amen .

Erasia batekin hasia zuen Jondoni Paulok bere gutuna Galaziarreri. “Harritzen naiz zoin laster
utzi duzuen Kristoren graziaz deitu zaituztena, beste berri on batera joaiteko “. Eta xehetasun bat
emaiten du : ” bakarrik zenbait hor zuen nahasten ari dira, Kristoren berriona uzkali nahiz. ”
Galaziarren artean nahaskari zirenak giristino bilakatu Judu batzu ziren, nahi zutenak judu
erlisioneko usaia guziak atxik zitzaten judu ez zirenek ere, ebakitza barne. Ebakitzaren eztabadaren
gibelean, heresia bat gordetzen da. : Kristoren baitako fedeak gaitu bakarrik salbatzen bataioaren
bidez. Ondorioz, ebakitzak ezeztatzen du fede hori, sinetsaraziz Kristoren gurutzea ez dela aski.
Juduzale horiek « anai faltsuak » dira, dio Jondoni Paulok. Haren urgulu bakarra Kristoren gurutzea
dela orroitarazten diote Galaziarreri. Ongi ulertzeko Pauloren errana, jakin behar da Paulorentzat
gurutzea ez dela gauza bat, bainan gertakari bat. Gurutzea ez da Kristok pairatu sofrikarioen,
atsegaben, orroitagarri bat. Paulorentzat, Kristoren gurutzea historian den gertakari bat da, zinez
munduko historiaren gertakari nagusia; gertakari horrek ditu Jainkoa eta jenden arteko harremanak
baketu, bai eta jenden arteko harremanak ere. Behin-betiko gertakari bat da; ondotik deus ez da
lehen bezala. Kolozarreri gutunak dio : “Jainkoari atsegin izan zaio haren baitan egon zadin
betearen betea eta haren bidez eta harentzat guziak bake zitzan haren kurutzeko odola, bai
lurrekoak bai zerukoak adiskidetuz.”
Munduko gertakari nagusia delaren froga hau da: lehen aldikotz hiltzea garraitua da: Kristo
piztu da. Korintiarreri lehen gutunean Paulok dio: “Kristo ez bada piztu, gure predikua hutsa da eta
hutsa gure fedea.” Paulorentzat, gurutzea eta piztea bat dira, gertakari bera da. Gurutzearen bidez,
kreazione berria sortu da, lehengo munduaren kontrakoa. Galaziarreri gutun hunen hastean dio:
“Grazia eta bake zuei, Jainko gure Aitaren eta Jesu Kriso Jaunaren ganik. Hunek bere burua eman
baitu gure bekatuen gatik oraiko mende gaixtotik atera gaitzan…” eta lerro hau “Grazia eta bake
zuei” ez da ele huts bat. Egiazki, grazia eta bakea giristinoentzat eskuratuak dira.
Gutun huntan, Paulok bat bertzearen kontra emaiten ditu lehengo mundua (legearen mundua)
eta mundu berria, fedearen mundua; haragiaren bizia eta izpirituaren bizia; esklabotasun zaharra eta
Jesu Kristoren bidez eskuratu azkatasuna. Oraidanik, fedearen bidez, Jesu Kristori “bai” erranez,
emazte eta gizon libre gira, Izpirituaren arabera bizitzeko. Korintiarreri bigarren gutunean, zerbait
berdintsu dio. “Joan da mundu zaharra, mundu berri bat sortu zaiku”. Mundu zaharra, gerlaren
mundua da, gizartea Jainkoaren kontra, Jainkoa ez dela maitasun eta urrikalkor susmatzen dutenen
mundua; ondorioz, Jainkoaren manamendueri desobeditzen dio eta jenden artean gerlak, gatazkak,
borrokak diruarentzat eta boterearentzat sortzen dira. Aldiz, kreazione berria, semearen prestutasuna
da, hari egin konfiantxa, haren barkamendua bere hiltzailentzat.
Kristoren pasionea gain gainetik izan da Jainkoaren izenean egin den makur haundiena eta izan
den herra haundiena. Eta gu, haren ondotik, Semearekin xertatuak girelakotz, gai egiten gaitu haren
prestutasun bera ukaiteko, maitasun bera agertzeko; gai munduaren araberako bizia uzteko,
Kristoren araberako bizia hautatzeko. Jainkoaren Izpirituak eginarazten duen itzultze harrigarri
horrek Paulori asmarazten dio lerro berezi hau: “Hari esker, mundua betirako gurutzitzatua da
neretzat, eta ni munduarentzat”. Itzul dezagun: munduaren arabera bizitzea ezeztatua da; oraidanik
Izpirituaren arabera gira bizi. Holako aldakuntza bat giristinoentzat egiazki pozgarri da. Jondoni
Paulok dion bezala: “Jesu Kristoren gurutzeaz baizik ez nadila harro izan.” Paulok berak jadanik
pagatu du Kristoren gurutzearen berria zabaltzeagatik. Oraidanik grazian eta bakean garela diolarik
ez du erran nahi denak errex izanen direla. Zuzenez, egiazki eta funski Berri Ona zabaltzen badugu,
kontrakoak atxemanen ditugu, Kristok berak atxeman zituenak eta Jondoni Paulok ere. Hunek
diolarik: “Jesusen zauri-markak nere gorputzean ekartzen ditut”, menturaz Berri Ona zabaltzeagatik
jasan dituen erasoak aipatzen ditu. Gurutzearen seinalea egiten dugun aldi oroz, kreazione berri
hortan, gure erraite eta egintza guziak Aita, Seme eta Izpirituaren izenean eginak direla aitortzen
dugu; eta denbora berean, Maitasunaren Izpirituak bakarrik egiten ahal duen aldakuntzaren lekuko
bilakatzen girela.

Ebanjelioa

Alleluia, alleluia

Mundu guzira zabaldua da Jainko-hitza
Lurraren azken mugetaraino Berri Ona.

Jesu Kristoren Ebanjelioa san Luken liburutik 10, 1-12. 17-20

1 Jaunak beste hirurogeita hamabi dizipulu izendatu zituen,
eta bere aitzinean igorri birazka,
bera joaitekoa zen herri eta leku guzietarat.
2 Erran zioten:
“ Uzta nasaia da, bainan langileak guti.
Otoitz egiozue, beraz, uztaren jabeari,
langileak igor ditzan bere uztarat.
3 Zoazte! Bildotsak otsoen arterat bezala igortzen zaituztet.
4 Ez ereman moltsarik, ez zakurik, ez oinetakorik,
eta ez geldi bidean nehori agur egiten.
5 Edozein etxetan sar zaitezten, errazue lehenik: Bakea etxe huni!
6 Han bakezalerik baldin bada,
haren gainean kokatuko da zuen bakea;
bestela, zuenganat itzuliko da.
7 langileari zor baitzaio bere lan-saria.
Ez ibil etxez etxe.
8 Herri batean sartu eta ongi etorri egiten badautzuete,
jan eskaintzen dautzuetena.
9 Senda hango eriak eta erran jendeari:
‘ Hurbil duzue Jainkoaren erreinua.’
10 Bainan herri batean sartu
eta ongi etorri egiten ez badautzuete, atera plazetarat eta erran :
11 ‘ Oinetan lotu zaikun zuen herriko errautsa ere
harrotu eta uzten dautzuegu.
Halere jakin zazue hurbil dela Jainkoaren erreinua.’
12 Nik diozuet: jujamendu egunean ,
Zodomek gaztigu arinagoa izanen du herri horrek baino.
17 Hirurogeita hamabi dizipuluak bozkarioz itzuli ziren, erranez:
“ Jauna, debruak ere meneko ditugu zure izenean.”
18 Jesusek erran zioten:
“Satan ikusten nuen ximixta bezala zerutik erortzen.
19 Horra: sugeen, eskorpionen lehertzeko ahala eman dautzuet,
eta Etsaiaren indar guziaren garaitzeko ahala;
eta deusek ez dautzue kalterik egiten ahalko.
20 Halere ez bozkaria izpirituak menean dauzkatzuelakotz;
bozkaria, bai, zuen izenak zeruan izkiriatuak daudelakotz.”

Egungo ebanjelio hau joan den igandekoaren segida da. Ikusi ginuen zer ikusi behar duen
misionestak bere misionean : segurantza gabezia eta egongiarik eza, hilak utzi hilen ehorztera, erran
nahi baita hautu lazgarriak egin, aintzina joan, gibelerat behatu gabe, hiltzeari buru egin
Jerusalemeko bidea deliberatuki hartuz. Bainan mundu huntako printzea jadanik garaitua da.
Garra ondokoeri eman behar zaie : bere dizipuluak igortzen ditu. Bere joaitea hurbil izanagatik,
behar ditu dizipuluak moldatu. Kontseilu guziak emaiten diozkate ongi etzagutzen dituen tentaldieri
buru egiteari prestatzeko : hek ere tentaldi berak jasan beharko dituzte. Hek ere ezetza ezagutuko
dute : Jesusek ezagutu zuen Zamariako herrixka baten ezetza. Bainan ez hortan geldi. Herri bat
beharko dutelarik utzi, erran dezatela: “Hurbil duzue Jainkoaren erreinua “. Bainan ongi erakusteko
heien urratsa arras kitorik dela eta jendeak libre direla mezua ezeztatzera, erranen dute: “Oinetan
lotu zaikun zuen herriko errautsa ere harrotu eta uzten dautzuegu”. Hek ere herra ezagutuko dute:
“Bildotsak otsoen arterat bezala igortzen zaituztet”. Etsitu gabe beharko dute bakea jakinarazi eta
zabaldu: “Edozein etxetan sar zaitezten, errazue lehenik: Bakea etxe huni. Han bakezalerik baldin
bada, haren gainean izanen da zuen bakea”. Bakearen kutsadurari behar da oroz gainetik sinetsi:
norbaitentzat bakea egiazki desiratzen dugularik, bakea egiazki sortzen da.
Segurtamenik eza ezagutuko dute hek ere: Jesus etxe gabeko bat bezala presentatzen zen.
Dizipuluentzat gauza bera izanen da: “Ez ereman moltsarik, ez zakurik, ez oinetakorik”. Egunetik
egunera bizitzen ikasi beharko dute, biharamunaren kezkarik gabe, “daukatenetik jan eta edan”
onartuz. Hautuak egin beharko dituzte hek ere, hautu lazgarriak batzuetan, misionearen
presarengatik. Utz hilak beren hilen ehorztera; zu zoazi Jainkoaren erregetzaren mezutzera”.
“Otoitz egiozue langileak igor ditzan bere uztarat”: ez da Jainkoari erraitea langileak falta direla,
beharretan girela, hori arras ongi badaki! Alta, otoiz eginez, gu argitzen gaitu. Otoitza ez da egina
Jainkoari jakinarazteko zoin diren gure beharrak. Bainan otoitzak gure burua aldatzerat prestatzen
gaitu. Pentsatzen ahal dugu dizipuluek tentaldi guziak gainditu dituztela, Jesusen erranaren gatik
:”Satan ikusten nuen ximixta bezala zerutik erortzen”. Jerusalemeko bidea hartu eta Jesusek
senditzen du indar berri bat, ezen San Lukek dio: “ordu berean Izpiritu Sainduak bozkarioz beterik,
Jesusek erran zuen: goresten zaitut, Aita, zeru-lurren Jauna, gauza horiek zuhur eta aditueri gorde
baititutzu eta ttipieri agertu“.