Jende jakintsua eta jende xumea (Mateo 11,25-30)
Urteko 14. igandea A (2017-07-09)

Zenbait gotzain eta kardinalek, arranguratsu Frantzisko aita santuarekin, hau dio, hein bateko mespretxuz: Frantzisko «ez da teologo bat». Halako horiei komeniko litzaieke jakitea, zer uste duen Jesusek teologo eta jakintsu ustekoez.

Ebanjelioaren testuingurua

Gaurko honen aurreko hiru igandeetan (11-13), Jesusek apostoluei zuzendutako diskurtsoaren zati bat irakurri dugu, misiora bidali dituenean (Mateo 10). Mateok ez digu adierazi, ez ikasleen itzulera, ez beraien jardueraren emaitza. Segidako kapituluetan (Mateo 11-12 kap.), pasadizo oso desberdinak datoz; Jesusen irudia zehazten lagunduko digute; gainera, Jesusek berak eta beraren jarduerak eragin dituen erreakzioak deskribatzen dituzte.

Benetan al da Jesus espero zuten Mesias? Bere dudak ditu Joan Bataiatzaileak, eta bere ikasleak bidali dizkio Jesusi, beste baten zain jarraitu behar ote duten galdetzera. Korozain eta Betsaida hirikoek ez dute aintzat hartu Jesusen predikua, uko egin diote konbertitzeari. Fariseuek legea eta zapatua haustea leporatu diote, bera hiltzea erabaki dute eta deabruak hartua dela diote.

Halaz guztiz, Jesusez mesfidati, axolagabe edo aurkari diren hauen guztien artean, bada talde bat Jesus onartzen duena, bi arrazoi oso desberdinengatik: Jainkoak agertu dielako, eta, ikuspegi erlijioso batetik, estuturik, zamaturik gertatu eta Jesusengan eta beronen mezuan arintzea aurkitu dutelako. Azkenean, talde hau Jesusen familia bezala azalduko da, beraren anaia, arreba eta ama bezala.

Jende jakintsua eta jende xumea

Gaurko pasartean, Jesusek jendea berari dagokionez banaturik dakusa, eta bi taldetan sailkatu du. Alde batetik, «jakintsu eta adituena»: giza jakinduria dute; horregatik, eskandalizatu egin dira Jesusez edo uko egin diote. Bestetik, «jende xumearen taldea»: aurreiritzirik gabea da, Jainkoak gauza berririk agertzen ahal dio, ez baitu uste den-dena dakienik. Jende honek onartzen du Jesus Mesias dela, nahiz eta ez duen ezartzen erlijiorik su eta gar; onartzen du Jainkoak bidalia dela, nahiz eta jan eta edaten duen eta izen txarreko jendearekin ibiltzen den; beraren hitzari interpela dezan uzten dio, eta aldatzen du bere jokabidea. Hau guztia, Pedroren geroagoko aitorpena bezala, Jainkoaren dohaina da. Ongia, baikortasuna, eraikitzen duena ikusteko gaitasuna da. Jakintsuak eta adituak hika-mika eztabaidatsuetan nahasten dira, ñabardura eta analisietan gelditzen dira, azkenean Jesus onartu gabe geratzeko. Jende xume honentzat, honetan dago alde handia: Jesusen bidez Jainkoa ezagutu dutela. Jesusek agertuko dio, berak bakarrik egin baitezake hori. Baina Aita agertze hau ez da gauza abstraktu bat, gauza teoriko bat. Arnasa da, agintari erlijiosoek ezarri dizkieten lege eta arauen uztarpean jota eta zamaturik sentitzen direnentzat.

Txatal hauetan dinamismo guztiz bitxia nabari da: Aitak Semea agertzen du, Semeak Aita agertzen du, baina onuradun handia errebelazio hori onartzen duen gizakia da: aske sentitzen da Jainkoaz eta erlijioaz erakutsi izan dioten irudi legalista, gogor eta estugarritik. Jende xume honen debozioa, jainkotiarrago bihurtuz, gizatiarrago egin da.

Errege lau eta soil bat, baina biziki ahalduna

Lehen irakurgaia ez da, ematen duenez, oso egoki aukeratua. Halere, oso interesgarria da. Geroko erregeaz mintzo da, espero den batez, eta hori, Judak erregerik ez duten garai batean eta monarkia amets dela ematen duen batean. Poema labur honen bigarren zatian, gauza miresgarriak esaten dira errege horretaz. Berorren aurreko testu profetikoek Jainkoaz esaten zituzten egintzak leporatzen dizkiote: Israelgo gudarosteak suntsitu eta nazioei bakea eskaintzea. Esateko era bat da, errege berezi-berezia izango dela, jainkozkoa kasik. Baina lehen zatiak azpimarratu du, aldi berean errege otzana, apala izango dela, astakume baten gainean jarria, antzinako patriarkak bezala, eta ez Alexandro Handia bezala, bere Buzefalo zaldian bezala. (Autore batzuek uste dute, Alexandro, Egiptorako bidean, Palestinatik igaro zen hartan inspiratu dela profeta, espero zuen monarkaz oso irudi desberdin bat emateko.)

José Luis Sicre