Ukoa eta jarraipena
Urteko 13. igandea C (2016-06-26)

Aita Santu hautatu zutenetik, Frantziskok askotan azpimarratu du, batez ere gazteei hitz egitean, apaiz- eta erlijioso-bokazioaren garrantzia. Bokazioaren gai horixe da gaurko irakurgaien gairik nagusiena, kontrajartzen zaion balizko ukoarekin batean.

Eliseoren bokazioa (1. irakurgaia)

Eliasi Jainkoak emandako agindu batekin hasi da guztia: Eliseo profeta olioz gantzutzeko agindu dio. Gantzutzea, olioa burura isuriz egina, erregeei egiten zitzaiena zen bereziki, eta gaurko hau da profeta bati egindako gantzutze bakarra, gogoratzen naizenez. Antzinako mediterranear mentalitatean, olioak, janarirako on izateaz gain, sendatzeko indarra ere badu (horregatik igurzten ziren gaixoak) eta tasun erlijiosoak ere bai (igurzteak Jainkoarekin harreman bereziak izatea sinbolizatzen zuen.
Eliasek bete zuen agindua, baina bete gabe. Eliseoren bila joan da; multimillonario baten semea izan behar zuen Eliseok; izan ere, hamabi idi-parerekin ari zen goldan. Gantzutu ordez, bere mantua bota zion gainera Eliasek. Kasu honetan bakarrik aipatu du Bibliak keinu hau; baina ezaguna izan behar zuen; izan ere, Eliseo, une bateko buru-nahasmenduaren ondoren (ez da aipatzen nahasmendu hori, baina pentsatzekoa da), korrika doa Eliasen ondoren eta berari jarraitzeko prest agertu zaio. Baldintza bat bakarrik ipini du: gurasoei agur esatea.
Eskari logikoa iruditu zaio Eliseori, eta baietz esan dio Eliasek. Baina agur esate hori ez zen gurasoei musu bana ematea bakarrik. Gauza handiosagoa zen eta familia osoa hartzen zuen: idi-parea hil eta jatekoa prestatu du jende guztiarentzat. Presarik gabe, zeren eta idiak ez dira hiltzen bost minutuan, haragia ere ez da prestatzen ordu laurden batean, ez da jaten ere unetxo batean. Agurra, egun bat edo gehiago hartuko zuena, bukatzean, Eliseo Eliasengana doa eta honen zerbitzura jarri da.

Ukoa eta jarraipena (ebanjelioa)

Igande honetarako aukeratu duten zatiak lau eszena oso labur ditu. Azken hirurek zerikusia dute Jesusi jarraitzearekin; lehenengo eszena kontrako jarreraz mintzo da: ukoaz.

1. eszena: samariarren ukoa

Samariarrek eta juduek elkarri gorrotoa zioten K.a. X. mendeaz gero: iparraldea hegoaldetik bereizi zenetik, Salomon hil ondoren. Baina dirua diru beti. Eta samariarrek honela jokatu ohi zuten: Jerusalemera joateko Samaria zeharkatzen zuten galilearrei ez zieten ezer ere saltzen, baina Galileara itzultzean ez zuten inolako arazorik behar zutena saltzeko, behar zena ordainduz (horixe da Joanen ebanjelioan datorrena, ikasleak herrira ogia erostera doazenean, Jesus emakume samariarrarekin hizketan ari den bitartean).
Jesus eta ikasleak Jerusalemera baitoaz, ohiko gauza da samariarrek harrerarik ez egitea. Baina Santiagok eta Joanek, nonbait trumoia jotzen ematen zuten eguna (Jesusek izengoitiz, «trumoikume» izengoitia jarri zien), mendekatzea proposatu zioten Jesusi, zerutik tximista jaitsaraziz guztiak kiskaltzeko. Erreakzio hori neurriz gainekoa eta arraroa iruditzen zaigu, baina ondo uler daiteke Elias profetaz dugun tradizio bat gogoratuz. Behin batean, Israelgo erregeak kapitain bat bidali zion berrogeita hamar soldadurekin, esatera: «Profeta, erregeak bera ikustera joateko agintzen dizu». Eliasek erantzun zion: «Profeta banaiz, jaitsi dadila tximista bat eta hil zaitzala zeure gizonekin». Eta halaxe gertatu zen. Erregeak agindu bera errepikatu zuen beste kapitain bat bidaliz beste berrogeita hamar soldadurekin; lehenengoak bezain errerik gelditu ziren hauek ere. Hirugarren saioan, kapitainak ez zuen agindurik eman; profetaren aurrean belauniko jarri eta beraren eta lagunen bizia barkatzeko eskatu zion. Eliasek amore eman eta erregea bisitatzera doa. Kontakizun honen irakaspena argia da: profetari begirunerik handiena zor zaio, eta errespeturik ez diona tximista batek hil dezan merezi du; samariarrek onartu nahi ez badute, eror dadila tximista bat eta garbitu ditzala.
Jesus, ordea, Eliasen gainetik dago ahalmenez, Eliasen gainetik ontasunez, eta gauzak beste era batean ikusten ditu. Lukasek bukatzen du: Jesusek itzuli eta errieta egin zien. Nola egin zien errieta? Zer esan zien? Geroagoko testu batzuek hitz hauek jarri dituzte Jesusen ahoan: «Ez dakizue zein espiriturenak zareten», hau da, «ez duzue ideiarik nire pentsaeraz eta sentieraz». Eta beste herrixka batera joan ziren.
Pena bat da testu hau, Lukasek bakarrik dakarrena (ez dator ez Markosenean, ez Mateorenean), kontuan ez hartu izana Inkisizioa eratu zutenek: Jesus defenditzeko suaz baliatzeko modu bat izan baitzen inkisizioa.

2. eszena: Jesusi jarraitzeko prest agertu da lagun bat

Ekimena delako lagun horrena izan da, eta ez Jesusena. Ematen du, honek desanimatu egin nahi duela beste hura, bere pobretasuna eta bizitza gogorra azpimarratuz. Ez dezala uste izan Jesusi jarraitzea gauza erraza eta giza arrakastak koroatua den.

3. eszena: Berari jarraitzera gonbidatu Jesusek beste lagun bat

Kasu honetan Jesusena da ekimena. Agindu estu eta zorrotz bat da, gonbita baino gehiago: «Jarraitu niri». Besteak baimena eskatu dio, Eliseok bezala, ez gurasoei agur esateko, baizik aitari lur emateko.
Jesusen erantzunak gizatasunik gabea ematen du: «utzi hildakoek lur eman diezaioten hildakoei». Juduen ohitura zen hildakoari hil orduko lur ematea (Apostoluen Eginak 5,6.7; 8,2). Beraz, kontua ez da protagonistak aita beilatzen egon behar duela eta Jesusek hildakoa bertan behera uzteko agintzen diola berari jarraitzeko. Beste lagun horrek eskatzen diona, aitarekin bizitzen uzteko da, hau hil arte; ondoren jarraituko diola esan nahi du.
Gauzak horrela izanik ere, Jesusen hitzak izugarri zorrotzak dira. Jarraitu nahi dionak sustraitik eten behar ditu familiarekiko harremanak, guztiak hilak balira bezala jokatu behar du, Jainkoaren erreinua hots egitera joateko.
Gerta liteke, ebanjelariek eszena honetan Jesusi berari gertatu zitzaiona islatu nahi izan dutela. Jesusen familiak uste zuen zoratua zegoela (Marcos 3,21), eta behin batean Kafarnaumera joan ziren Nazaretera atsedetera eramateko asmoarekin. Joanen ebanjelioak (7,5) berariaz dio, «beraren anaiek ez zutela sinesten beragan» (nahiz eta Eginak liburuaren eta Pauloren gutunen bidez badakigun geroago onartu egin zutela). Jesusengan bete-betean gertatu zen familia hildakotzat ematea, ebanjelioa hots eginez bizitzeko.

4. eszena: beste lagun bat baldintza batzuekin aurkeztu da

Hau da Eliseoren bokazioarekin hobekienik lotzen den pasadizoa. Eguneroko bizitzako gauza inportanteak, adibidez gurasoei agur esatea, bateragarri izan dira Eliasi jarraitzearekin. Ez da inolako presarik. Baina Jesusen kasuan, gauza askoz ere inportanteago eta premiazkoago bat dago jokoan.

Batzuetan komentatzen da pertsona hauek ez ziotela Jesusi jarraitu. Lukasek ez dio ezer. Bestetik, arazo hori bigarren mailakoa da. Garrantzizko gauza da, bokazioari eta jarraipenari dagozkien kontakizunak Jesusen errebelazio-kontakizunak direla, Jesus hobeto ezagutzen laguntzen digutela. Hau da agerian gelditu dena: Jesusen bizitzaren gogortasuna, etxerik ere eta familiarik ere gabea.
Lehenengo eszenara, samariarren ukora, itzuliz, nolabaiteko erlaziorik atzeman geniezaioke segidako hirurekin. Jesusek, Jainkoaren Erreinua hots egiteko gauza guztiei uko egin dienak, ez du jaso ordainetan inolako eskerronik eta onarpenik. Bada uko egiten dion jenderik. Baina ez da arrazoia inori zigorra opa izateko.

Azken gogoeta

«Gure Aita» alde batera utzirik, Jesusek ez die azpimarratu ikasleei zer eskatu behar duten. Alabaina Joanen ebanjelioak eskari bat oso garrantzizkoa ipini du Jesusen ahoan: «Uzta ugaria da, langileak gutxi. Eskatu uzta-jabeari uztara langileak bidal ditzan». Igande hau oso egokia da bokazioen alde eskatu beharra eta bokazioa bizi beharra gogorarazteko.

José Luis Sicre