Urteko 13. igandea C 2019-06-30
HOMILIA

Anai-arrebok!

Datorren urrian, 6tik 27ra, Sinodo bat egingo da Amazoniaz. Besteak beste, pertsona ezkondu batzuk apaiztu ala ez aztertuko dute, partikularki «pertsona indigena, errespetagarri eta nor bere elkarteak onartuak». Baiezkoa izango ahal da erantzuna. Han eta nonahi, larria da apaiz-falta.

Gaurko bi irakurgaiak, lehena eta ebanjelioa, bokazioaz ari dira nagusiki. Baina, jakina, bokazioa esatean, ez da esaten apaiz-bokazioa bakarrik. Pertsona orok, fededuna ala ez, bere bokazioa du. Kreaziotik beretik, jaiotzetik beretik, zeregin bat dakar pertsona bakoitzak berekin. Bokazio orokor horretaz aparte, ordea, elkarte bakoitzak ordezkatuko dituen pertsona berezi batzuk behar izaten ditu. Hauen artean sartzen dira profetak, sartzen dira arduradunak, sartzen dira apaizak.

Profeta. Behin eta berriz, pertsonaren helburua eta xedea gogoratzen duena izaten da. Kristau-profeten kasuan, Jesusen mezua, Jainkoaren erreinua, gogoratzen duena, eta bizitzarako erreinu horrek egunean egunerako dituen inplikazioak begi-bistan ipintzen dituena. Gaurko lehenengo ebanjelioan Elias eta Eliseo profeta handiak ageri zaizkigu. Eliasek bere bizia arriskuan jartzeraino hots egin zuen Israel herrian Jainkoa bakarra dela. Garaiko erregina paganoa izanagatik, herriak Yahveri eutsi behar ziola.

Arduradura. Biblian eta liturgian, profetarekin eta apaizarekin batean erregea aipatu ohi da. Guk arduraduna esan duguna adierazteko. Elkarte batek pertsona bat edo gehiago behar izaten ditu erabakiak bideratu eta hartzeko. Elkartea antolatzeko.

Apaiza. Jainkoaren eta herriaren artekoa izateko, otoitz eginez; Jainkoa goratuz, eskerrak emanez. Herriagan Jainkoaganako konfiantza eragiteko.

Askotan, gaur egun, hiru egiteko horiek pertsona bakar batek hartu ohi ditu bere gain: Aita Santua, askotan, profeta, arduradun eta apaiz izan ohi da. Gauza bera gotzaina ere, Gauza bera herriko erretorea.

Baina mesedegarri izango genuke gogoan hartzea, ez dagoela hori horrela zertan izan. Bokazio bereziko apaiz izan gabe, edozein izan daiteke profeta eta arduradun. Edozein izan daiteke Jesusen berri-emaile. Eta zenbat eta zenbat jende ari den munduan lan horretan! Askotan bizia emateraino.

Halere, toki askotan nabari da apaiz falta. Kristau asko bizi da eukaristian parte hartu ezinik. Hori ari da gure Elizan problema eta arazo handi bihurtzen. Horrek eragin dio jende askori galdera egitera: zergatik ez apaiztu adineko jende bat, errespetagarria, ondradua, elkarte batean onartua?

Jakina, horrelako pertsona batek, ez luke, agian, abildaderik izango hitz handiko profeta izateko. Baina prestaketa-apur batekin, apaltasun-apur batekin, gai izan liteke eukaristia-buru izateko, apaiz izateko.

Amazoniako kontua aipatu dugu. Baina gure artean, ez al da oso gero baino lehen, arazo hori bizi-bizi gertatuko? Une horretarako, ez al dugu pentsatzen joan beharra? Zergatik ez hasi, orain beretik, une horretarako pentsatzen? Eta zama besteren bizkar bota gabe, zergatik ez hasi nork bere buruari galdetzen: eta Lazkaoko elkarteak, Ordiziakoak, Beasaingoak, Ataungoak… begiak nigan jarri balitu?

Gaurko ebanjelioan bokazio-kasu desberdinak ageri da. Bat prest dago Jesusi jarraitzeko, baina Jesusek agertu dio, berari jarraitzea ez dela arrosa-bide; ez dakigu orduan zer egin duen prest zegoen horrek. Beste bati Jesusek berak dei egin dio; baina honek erantzun dio aita hil arte uzteko harekin bizitzen; Jesusek erantzun dio aita horrek baduela nork kasu egingo dion; Jainkoaren Erreinuak berehalako langileak behar dituela. Hirugarren batek agindu dio jarraituko diola, baina lehenik familiari agur egin behar diola; Jesusen erantzuna gogorra izan da: goldean hasi eta atzera begira jartzen denak ez du balio Jainkoaren erreinurako.

Segur aski, ebanjelioak Jesusen ahoan ipini dituen erantzun gogor hauek Jesusek berak egin behar izan zuena islatzen edo adierazten dute. Jesusek bere ama utzi beharra izan zuen, bere familia utzi beharra, bere lanbidea utzi beharra, ohiko bere bizibidea utzi beharra.

Ebanjelioko pertsonaia horiek jarraitu ote zioten ala ez, bigarren mailako gauza da. Garrantzizkoa guretzat Jesus nolakoa den agertu izana da. Zeruko Aitaren erreinuagatik bere burua erabat eskaini du. Imitagarri ala ez, dei bat dugu Jesus bera, gonbit bat, proposamen bat, interpelazio bat. Ahal duguntxoa egitera.

Izan dezagun gogoan Jesusen beraren otoitz-eskari hura: «uzta ugaria da, langileak gutxi, otoitz egiogun uzta-jabeari uztara langileak bidal ditzan».

Dionisio Amundarain