URTEKO HAMAHIRUGARREN IGANDEA
Lehen irakurgaia

( Elizeok denak uzten ditu Eliri jarraikitzeko )

Erregeen lehen liburutik 19, 16b.19-21

Jaunak erran zion Eliri:
16 “ Kontsekra zazu Elizeo, Xafaten semea, zure ondoko profeta.”
19 Eli joan zen.
Eta Elizeo, Xafaten semea aurkitu zuen iraulden.
Bazituen hamabi golde iraultzeko, eta hamabigarrenean zen.
Eli haren ondotik iragan zen, eta soingainekoa bota zion gainera.
20 Elizeok, orduan, idiak utzi zituen,
Eliren ondotik joan zen lasterka eta erran zion:
“ Utz nezazu aitari eta amari musu emaitera,
eta gero jarraikiren nizaitzu.”
Elik ihardetsi zion:
“ Zoaz, itzul gibelerat; ez dut deus egin.”
21 Joan zen Elizeo, idi-parea hartu eta oparitzat hil zuen;
uztarriaz sua egin, haragia erre eta jatera eman zion jendeari.
Gero xutitu zen, eta Eliri jarraiki zitzaion,
eta haren zerbitzuko jarri zen.

Salmoa 15

Leloa : Zu zaitut, Jauna, ontasuna !

Zaude nere zain, Jainko Jauna: Zuri bainago, zuri dena.
Zu zare bai zu, nere Jauna: Jauna, zu zaitut ondorio
Nik zer eskerrak Jainkoari: Betitik baitut aintzindari.
Bihotza daukat gauaz ari: Hago Jaunaren erranari!
Biziko urrats guzietan Jauna dut beti aintzinean.
Egoiki baitzait eskuinean, Nork nau joko ni, nork sekulan.
Bihotza dut nik lorietan, Zer boza dudan nere baitan!
Gorputza ere zer bakean, Pausatuko zait hilobian
Nere arima duzulako Zuk ifernutik aterako.
Zure den huni ez etzaio Bere gorputza ustelduko.
Bizirat nauzu lagunduko, Gozo nasaiez han beteko.
Zure ondoan zuhauri so, Zer zoriona sekulako.

Bigarren irakurgaia

( Izpirituak, haragiaren kontra ariz, libratzen gaitu )

Jondoni Paulok Galaziarreri 5, 1. 13-18

Haurrideak,
1 libre izaiteko libratu gaitu Kristok.
Beraz iraun sendo, eta ez jar berriz esklabutzaren uztarripean.
13 Zuek, haurrideak, libertaterat deituak izan zirezte.
Bainan libertate hori ez bekizue aitzakia izan
zuen gutizia tzarren arabera bizitzeko;
aitzitik, maitasunak egin zaitzatela elkarren zerbitzari.
14 Zeren lege osoa betetzen baita manamendu bakar hau betez:
Maita zure lagun hurkoa zure burua bezala.
15 Bainan elkarri ausikika eta elkar iretsi beharrez ari bazirezte,
kasu : azkenean elkar suntsituko duzue.
16 Beraz, hau diozuet: bizi zaitezte Jainkoaren Izpirituaren arabera,
eta ez zirezte haragiaren gutizieri jarraikiko.
17 Alabainan, haragiaren gutiziak Izpirituaren kontrakoak dira,
eta Izpirituarenak haragiarenen kontrakoak.
Bi indar horiek elkarren kontra dabiltza,
horrengatik ez baituzue nahi zinuketena egiten.
18 Izpirituak gidatzen bazaituzte, ordea,
ez zaudezte Legearen menpean.

Ebanjelioa

Alleluia, alleluia

Egun Jaunak dei egiten dauku.
Segi dezagun Ebanjelio-bideetan.

Jesu Kristoren Ebanjelioa san Luken liburutik 9, 51-62

51 Mundu huntarik eremana izaiteko garaia hurbiltzen ari baitzitzaion,
Jesusek Jerusalemerako bidea deblauki hartu zuen.
52 Mandatariak bere aitzinean igorri zituen;
joan ziren eta Zamariako herri batean sartu,
Jesusi denak prestatzeko.
53 Bainan ez zuten hartu nahi izan, Jerusalemerat zoalakotz.
54 Hori ikusirik, Jakobe eta Joani dizipuluek erran zioten:
“ Jauna, nahi duzu suari mana diezogun
zerutik jauts dadin eta erre ditzan?”
55 Bainan Jesusek, heienganat itzulirik, erasiatu zituen.
56 Eta beste herri baterat joan ziren.
57 Bidean zoatzilarik, norbaitek erran zion Jesusi:
“Noranahi jarraikiko nitzaitzu.”
58 Jesusek erran zion:
“ Azeriek badituzte ziloak, eta zeruko hegaztiek kafiak;
gizonaren Semeak, aldiz, ez du burua non ezar.”
59 Beste bati erran zion:
“ Jarraik neri.”
Harek ihardetsi:
“ Utz nezazu joan nadin lehenik aitaren ehorztera.”
60 Jesusek erran zion:
“ Utz hilak beren hilen ehorztera.
Zu, zoazi Jainkoaren erreinuaren berri emaitera.”
61 Beste batek, berriz, erran zion:
“ Jarraikiko nitzaitzu, Jauna,
bainan utz nezazu lehenik etxekoeri agur egitera.”
62 Jesusek ihardetsi zion:
“ Goldeari lotu eta gibelerat behatzen duena
ez da on Jainkoaren erreinurako