SUFRITZEKO PREST (Mateo 10,37-42)

Urteko 13. Igandea A 2020-06-28

Jesusek ez zuen inor sufritzen ikusi nahi. Txarra da sufrimendua. Jesus ez zen sekula haren bila ibili, ez berarentzat, ez beste inorentzat. Aitzitik, sufrimenduaren eta gaitzaren aurka borrokan eman zuen bere bizitza, jendeari hartarainoko kaltea egiten baitiote batak eta besteak.

Historia-iturburuek beti sufrimenduaren kontrako borrokan aurkeztu digute Jesus: gaixotasunaren, zuzengabekeriaren, bakardadearen, etsipenaren edota erruduntasunaren pean ezkutatzen den horren kontra. Horrela jokatu zuen Jesusek: sufrimendua ezerezteari, zuzengabekeria desegiteari eta bizi-poza kutsatzeari emaniko gizon bezala.

Baina guztientzako ongiaren eta zorionaren bila ibiltzeak arazo asko ekarri ohi ditu. Esperientziaz zekien Jesusek hori. Ezin bizi daiteke bat sufritzen ari direnekin eta azkenak direnen ongizatearen bila, gizartean inolako kanbiorik nahi ez dutenen ukoa eta etsaitasuna eragin gabe. Ezinezkoa da gurutziltzatuekin bizi eta egun batean norbera «gurutziltzatua» ez izatea.

Jesusek ez zien ezkutatu hori sekula bere jarraitzaileei. Hainbat aldiz aipatu zuen metafora kezkagarri hau, Mateok honela laburtua: «Bere gurutzea hartu eta jarraitzen ez didana, ez da niretzat gai». Ezin aukeratu izan zuen hizkuntza grafikoagorik. Denek ezagutzen zuten heriotzara galdua zen pertsonaren irudi izugarria: biluzik eta babesgabe, gurutzearen zehar-habea lepoan eramatera behartua, erailko zuten tokiraino, han egongo baitzen lurrean sarturik tente gurutzearen zutabea.

«Gurutzea eramatea», norbait gurutzean erailtzeko erritualaren zati bat zen. Xedea, heriotzara galdutako pertsona gizartearen begietan errudun azaltzea zuen erritual hark, bereen artean bizitzen jarraitzeko duin ez zen pertsonatzat azaltzea. Denentzat izango zen atsedengarri halako pertsona hura hilik ikustea.

Ikasleak saiatu ziren ulertzen. Jesusek hau esan nahi izan zien gutxi gorabehera: «Jarraitzen badidazue, prest bizi behar duzue ukoa jasateko. Niri gertatua bera gertatuko zaizue. Askok errudun zaretela uste izango du. Gaitzetsiko zaituztete. Gogaikarri izan ez zaitezten saiatuko dira. Zeuen gurutzea eraman beharko duzue. Orduan nire antzekoago izango zarete. Nire jarraitzaile duin izango zarete orduan. Gurutziltzatuen zoria partekatuko duzue. Horrenbestez, egun batean Jainkoaren Erreinuan sartuko zarete».

Gurutzea eramatea ez da «gurutze» bila ibiltzea, baizik eta «gurutziltzatua» izatea onartzea, Jesusen urratsei jarraitzen badiegu iritsiko zaiguna onartzea. Horixe argi bezain garbi.

Jose Antonio Pagola