Bekatua eta barkazioa
Urteko 11. igandea C (2016-06-12)

Biblia irakurri ez duen jende askok uste du, liburu horrek santuen bizitzaren antzekoa izan behar duela, etsenplu onbidezkoz betea. Urrik eman ere, gaurko irakurgaiak lekuko.

David, adulteriogilea eta hiltzailea (1. irakurgaia)

Lehenengo irakurgaiak, ulertuko bada, girotu beharra du; izan ere, egin dizkioten etendurak direla-eta ezin ulertu da.
Antzina, erregearen egiteko bat herria gerlara eramatea izaten zen. Horrela jardun zuen Davidek hasieran, filistearren kontra gerra eginez. Baina geroago, Amonen (gaur egungo Jordaniaren zati bat) aurka gerla egin behar izan zutenean, jeneralak ipini zituen gudarostearen buru, bera Jerusalemen gelditurik, siesta ederrak, eguzkia sartu bitartekoak, eginez. Hala dakar Bibliak.
Arrats horietako batean, bere terrazatik emakume eder-eder bat ikusi du; hartaz galdetu eta ezkondua dela esan diote; Betsabe da, bere atzerritar jeneral baten emaztea, Urias hititarena. Hala eta guztiz, Betsaberi dei egin eta adulterioa egin du harekin. Baina ondoren datorrena larriagoa izango da. Amarru batez baliatuz, amondarrek Urias hiltzea lortu du, Betsaberekin ezkontzeko.
Jainkoa ez da isilik gelditu, eta Natan profeta bidali dio Davidi. Natanek, bekatu bikoitza zuzenean salatu ordez, Davik haserretzea eta bere onetik ateraraztea lortu duen gertakizun bat kontatu dio (hona bibliako testua):

«Hara, baziren hiri batean bi gizon, bata aberatsa eta bestea behartsua. Aberatsak ardi eta behi ugari zuen. Behartsuak, aldiz, erositako bildots koxkor bat baizik ez zuen. Berak elikatu zuen eta bere etxean hazi, seme-alabekin batera; bere ogitik eman ohi zion jaten eta bere edalontzitik edaten, eta bere magalean lotaratzen zuen. Alaba bezalaxe zuen. Behin batean, bisitari bat etorri zitzaion gizon aberatsari; honek ez zuen bere ardirik, ez behirik hartu nahi izan arrotz hari jaten emateko, baizik eta behartsuari kendu zion bildotsa; horrela prestatu zuen jakia bere bisitariarentzat.
Biziki haserretu zen David halako gizonaren aurka, eta esan zion Natani: “Ala Jauna! Hori egin duenak bai merezi duela heriotza! Hori egingo zuen, ba, inolako gupidarik gabe? Lau halako itzuli beharko du, bildotsaren ordain”».

Puntu honetan hasten da gaurko lehen irakurgaia (2 Samuel 12,7-10.13). Aurreko historia hori gabe, nekez uler daiteke irakurgai hori. Baina gauzarik garrantzizkoena Daviden jarrera da: pertsona doilor bat da, adulteriogilea, hiltzailea; halaz guztiz, gai izan da berehala bere bekatua aitortzeko. Presondegietako kapilauek esaten dute nekez aurki daitekeela bere burua errudun aitortzen duen presorik. Eta gu geu, nolakoak gara? Gai al gara apal-apal aitortzeko: «bekatu egin dut Jaunaren kontra»?

Emakume prostituitu bat (ebanjelioa)

Lehen irakurgaian, bekatari bati aurre egiten diona, Jainkoaren izenean, profeta bat da. Ebanjelioan, bekatari bati (emakume prostituituari) aurre egin diona fariseu bat da; baina ez bihotz-berritzera animatzeko, hitz egin ere ez dio hitz egiten, soil-soilik mespretxatu egin du. Jesusek, aldiz, profetak alegia, barkazioa eman aurretik, goretsi egin du eta defendatu emakumea.
Bi pertsonaia kontrajarriz hasi da kontakizuna: batetik, fariseua, jende ona sinbolizatzen du, Jainkoari leial zaion jendea, arau guztiak betetzeko jarrera estukoa; bestetik, emakume prostituitua, Biblia-tradizioan gazteentzat eta hain gazte ez direnentzat arriskutsutzat emana, emazteagandik apartatzen duelako eta usteltzen.
Lukasek ez du argitu nola, baina pertsonaia biak jarri dira Jesusekin harremanetan. Fariseuari jakin-minak eragin dio eta bazkaltzera gonbidatu du Jesus. Prostituituak zerbait entzuna edo ikusia du Jesusengan, hunkitu duen zerbait, eta haren bila etorri da.
Kontakizunak lehen ikusian ulerterraza dela ematen du, baina uste baino korapilatsuagoa da. Jesusek kontatu duen parabolaren arabera, Gutxi barkatzen zaionak, maitasun txikia agertu ohi du. Lehenik barkazioa gertatzen da eta, ondorio gisa, eskerrona. Halaz guztiz, gaurko kasuan barkatua izan baino lehen agertu du emakumeak bere eskerrona: Barkatuak ditu bere bekatu ugariak, maitasun handia agertu duelako.
Nola askatu kontraesan hau? Uste dut, erraza dela soluzioa: etxean sartu baino lehen sentitu du emakumeak barkatua dela, Jesusek hitz hauek esan baino askoz lehenago: Barkatuak dituzu zeure bekatuak. Aski genuke emakume hori irudikatzea Jesusi hitzaldietako bat entzuten, Jainkoaren maitasunaz mintzo zenean, edo Jainkoa Aitatzat ematen, edo Jainkoa galdutako ardiaren bila dabilen artzaintzat ematen, edota irudikatzea nola ikusten duen Jesus garaiko jenderik gorrotatuenarekin otorduan, adibidez, zerga-biltzaileekin (publikanoekin),. eta emakumerik mespretxatuenekin, bera bezalako prostituituekin.
Hau da Daviden eta emakume prostituitu honen arteko aldeetako bat: Davidek norbaitek berari tranpa bat jarri beharra izan du, bere bekatua aitortuko badu. Emakume prostituituak garbiagoa du bihotza: aski izan du Jesus ikusi eta berari entzutea bere bizitza osoa krisian jartzeko. Baina krisi salbagarria du. Hala esan dio Jesusek azkenean: Zeure fedeak salbatu zaitu. Zoaz bakean.

Apaizak aukeran du igande honetan ebanjelioaren bertsio luzeago batera jotzea; testu luzeago horrek, Jesusek emakumeekin duen erlazioa du ardatz, eta Jesusen jarraitzaileen artean emakumeek izan duten garrantzi handia. Markosek, lehen ebanjelariak, argi utzi du hori ebanjelioaren bukaeran, nekaldiaren kontakizunean. Lukasek, aldiz, hasieratik beretik jakinarazi nahi die hori irakurleei. Asko ziren Jesusi eskerron handia agertzen ziotenak, lagun egiten ziotenak eta beren ondasunak taldearen esku ipintzen zituztenak.

Barkazioa Jesusen bidez (2. irakurgaia)

San Pauloren irakurgaia ez dute aukeratzen ebanjelioarekin erlaziorik duelako; halere, gaurkoan erraza da biak erlazionatzea. Bekatua hor delarik, zerk salbatzen gaitu? Fariseuak erantzun hau emango zukeen: neuk salbatzen dut neure burua Moisesen legea betez. Eta judu-jatorriko kristau askok ere gauza bera pentsatzen zuten. Baina Paulok, fariseua izan zenak eta ahaleginak eta bost egin zituenak arauak betetzeko, Kristo ezagutu zuenean ohartu zen hori ez zela egia. Bera salbatu zuena Jesus izan zen, beraren alde hilez.

Bi etsenplu onbidezko

Hasieran esan dut, Biblia ez dela onbidezko historia batzuen multzoa. Baina adulterio-, hilketa-, prostituzio-sail eskandalagarri bat dela medio, bihotz-berritzera gonbidatzen gaitu, konbentziturik denok errepikatzen ahal dugula, Paulorekin: Jesusek maite ninduen eta nigatik eskaini zuen bere burua.

Jose Luis Sicre