URTEKO HAMARGARREN IGANDEA C

Lehen irakurgaia

(Elik otoitz egiten eta Jainkoak haurra pizten)

Erregeen lehen liburutik 17,17-24

17 Eli profeta egoiten zen etxeko anderearen semea eri zen;
gaitza hain bortitza izan zen, non haurra hil baitzen.
18 Emazteak erran zion Eliri :
“ Zer ari zira hemen, Jainkoaren gizon ?
Etxerat etorria ote zaitut
nere bekatuen orroitzapenaren berritzera,
eta nere semearen hiltzera ?”
19 Elik ihardetsi zion : “ Emadazu semea !”
Hartu zion haurra altzotik,
ereman zuen goiti, bera bizi zen gelarat,eta bere ohean etzan.
20 Gero hunela dei egin zion Jaunari :
“ Jauna, ene Jainkoa, bere etxean hartu nauen alargun hau
atsegabetu behar ote duzu, semea hilaraziz ?”
21 Hiru aldiz etzan zen haurraren gainean,
eta oihu egin zion Jaunari, erranez :
“Jauna, ene Jainkoa, otoi, itzul-ozu bizia haur huni ! ”
22 Entzun zuen Jaunak Eliren deia ;
itzuli zitzaion haurrari hatsa : eta bizi zen.
23 Elik, orduan, hartu zuen haurra,
goiko gelatik jautsi eta amari eman zion, erranez :
“ Huna, bizi da zure semea ! ”
24 Emazteak ihardetsi zion :
“ Orai badakit Jainkoaren gizona zirela,
eta, zure ahoan, Jaunaren hitza egia dela. ”

Hemen kondatua Izraeletik kanpo gertatzen da, paganoen artean. Izraelen idortea da
eta Sarepta herriko alarguntsa batek ongi etorri egiten dio Eli profetari. Han zagola
alarguntsaren seme bakarra eritu eta hiltzen da. Senarra ere galdua baitzuen, emazteak
hobendun zela uste zuen, orduan denek uste zuten bezala : hiltzen dena norbaitek hiltzen du,
norbait bada hobendun. Sareptako emazte gaixo harek uste du, gainera, semea ere haren faltaz
hil dela, eta Eli, Jainkoaren profeta, horren salatzera jina zaiola : “Etxerat etorria ote zaitut
nere bekatuen oroitzapenaren berritzera…?” Gaurregun anitzek uste dute Jainkoa dela gure
nahigabeen hobendun. Testo hunen ondoko lerroek erakusten daukute kontrakoa dela egia :
Jainkoa sendatzaile, bizi-emaile da. Elik alarguntsari begiak idekitzen diozka, semea piztuz :
heriotzea ez da norbaiten kontrako zigorra. Eta Jainkoa biziaren emailea eta begiralea da.
Jainkoak ez du nehoren hiltzerik nahi, bainan bihozberri gaitezen, bizitzeko.

Salmo 29

Leloa : Jaunari kantu, zerutik gaitu eskuz hartu.

Zure aldera, nere Jainko, nere Jauna,
Egin dut oihu eta zuk eman osasuna.
Atera duzu nere arima ifernutik,
Zaindu nauzu hil-ziloraino lerratzetik.
Jainko Jaunari haren gizonak has kantari :
Eman gogotik eskerrak haren izenari.
Haren hasarrek apur bat baizik ez diraute,
Bizi guzian gu maitez harek begitarte.
Gauerakoan soari nigar jauzten zaio,
Eta goizean zerurainoko bozkario.
Nuen dolua egin dautazu dantza jauzi,
Kapa kendurik, betiko bozez nauzu jauntzi.
Zor dautzu, Jauna, nere arimak soinu kantu,
Nahi zaitut zu beti ta beti goraipatu.

Salmo hau parabola bat iduria da. Gizon bat zilo baten zolarat erori da ; eta oihuka ari
da : hementik atera nezazue. Eta norbait heldu zaio bere zilotik ateratzera. « Norbait » hura
Jainkoa bera da. Orduan gure gizonaren bozkarioa ! kantatzen hasten da : « Atera duzu nere
arima ifernutik…Nuen dolua egin dautazu dantza jauzi…Nahi zaitut zu beti ta beti
goraipatu. »
Parabola hunek badu bere erroa historian : 6. mendean Izrael 50 urtez Babilonian
preso egon zen. Babilonia egiazko zilo beltza, esperantza galtzekoa. Bainan Jainkoak handik
atera zuen eta bere lurrerat erakarri. Gogora dezagun salmo hau idatzia izan zelarik,
Izraeldarrek ez zutela hilen piztean sinesten.
Bainan guk, Jesusen biziaren eta mezuaren jakinean, haren heriotze eta piztearen
argitan, zenbatez kartsukiago ez dugu erraiten ahal : “Nuen dolua egin dautazu dantza jauzi,
kapa kendurik, betiko bozez nauzu jantzi.”

Bigarren irakurgaia :

(Pauloren Ebanjelioa ez da gizonek asmatua)

Jondoni Paulok Galaziarreri 1,11-19

11 Haurrideak, jakin behar duzue,
nik iragartzen dutan Ebanjelioa ez dela gizakien asmakizuna.
12 Ez dut gizaki batenganik ukan edo ikasi :
Jesu Kristok daut agertu.
13 Entzun duzue, hain segur, zein zen nere jokabidea judaismoan :
zein gogorki pertsegitzen nuen Jainkoaren Eliza,
hura suntsitu nahiz.
14 Judaismoaren baitan,
nere adineko herritar anitz baino aitzinago nindoan,
arbasoen ohiduren alde nehor baino kartsuago.
15 Bainan Jainkoak, sortu baino lehen hautatua ninduen
eta bere graziaz dei egina zautan.
16 Gogoko izan zuen bere Semea neri agertzea,
nik hura iragar nezan pagano herrietan.
Ordu berean, nehori kontseilurik galdatu gabe,
17 eta ni baino lehen apostolu zirenengana Jerusalemerat igan gabe,
berehala Arabiarat joan nintzen, eta gero, berriz Damazerat itzuli.
18 Handik hiru urteren buruan,
Jerusalemerat igan nintzen Petriren ezagutza egitera,
eta hamabost egun egin nituen harekin.
19 Beste apostolurik ez nuen ikusi, Jakobe, Jaunaren anaia baizik.

Paulok lerro hauek idazten ditu bere buruaren defentsan. Zenbaitek zioten ez zela
apostolu, bere baitarik ari zela Jesus mezutzen. Paulok onartzen du ez dela Jesusek hautatu
hamabietarik, bainan halere Jesus piztuak berak Damaseko bidean bihozberritu zuenetik, berri
onaren mezutzera igorri zuela. Nork artamenda zezakeen Jesusek berak baino hobeki :
“Haurrideak, jakin behar duzue nik iragartzen dutan Ebanjelioa ez dela gizakien asmakizuna.
Ez dut gizaki batenganik ukan edo ikasi : Jesu Kristok daut agertu.” Paulok ez zuen beraz
apostoluen baimenaren beharrik Jesus mezutzeko. Zenbait urte geroago joan zen
Jerusalemerat Elizaren buru zen Petriren ikustera.
Paulo lehenik bere herritarreri, judueri, predikatzen hasi zen. Bainan gehienek arbuiatu
zuten. Orduan paganoeri buruz itzuli zen : “Jainkoak gogoko izan zuen bere Semea neri
agertzea, nik hura iragar nezan pagano herrietan.” (1,16) Hain segur Paulok gogoan zituen
Jeremi profetaren hitzak : Hunela mintzatu zitzautan Jauna : “Amaren sabelean moldatu
aitzin hautatu zintutan; sabeletik atera aitzin fagoratu zintutan eta profeta izendatu
nazioneentzat (paganoentzat).”(Jn 1,4-6)

Ebanjelioa

Alleluia, alleluia

Profeta handi bat agertu zaiku :
Jainkoa etorri da bere herriaren salbatzera.

Jesu Kristoren Ebanjelioa san Luken liburutik 7,11-17

11 Jesus bazoan Naim deitu herrirat.
Harekin zoatzin dizipuluak eta jendeketa handia.
12 Herriko aterat hurbildu zenean, hil bat zeramaten ehorztera.
Ama alargun baten seme bakarra zen,
eta jendeketa handia amarekin zoan.
13 Ikusi zuenean, Jauna urrikaldu zitzaion, eta erran zion :
“ Ez egin nigarrik ! ”
14 Hurbildurik, kutxa hunkitu zuen ;
Hilketariak gelditu ziren, eta Jesusek erran zuen :
“ Mutiko gaztea, nik diozut : jeiki ! ”
15 Orduan hila jeiki zen, jarri eta solasean hasi.
Eta Jesusek amari eman zion.
16 Beldurrak hartu zituen denak
Eta Jainkoa goresten zuten, erranez :
“Profeta handi bat atera da gure artean,
Jainkoa etorri da bere herrian salbatzera. ”
17 Eta solas hori zabaldu zen
Judea osoan eta inguruko herrialde guzietan.

Naim galileako herri ttipi bat da, Nazarethetik hurbil. Naimeko mirakulua kondatuz,
Lukek gogoan duke Elik Sareptako alarguntsarentzat egin zuena (ikus lehen irakurgaia) :
Sareptan bezala hila alarguntsa baten seme bakarra da, mirakulua hiriko atean gertatzen da,
Jesusek haur piztua amari emaiten dio, mirakuluaren egilea profeta bezala goretsia da.
Lukek Eli maiz aipatzen du bere Ebanjelioan. Eli eta Jesus parean ezartzen ditu.
Bainan Eliren denbora (Testamendu Zaharra) gainditua da. Jesus Eli baino askoz gehiago da.
Joanes Bataiatzaileak bere dizipulu batzu Jesusi igortzen diozkalarik galdatzera : « Zu ote
zira « Etortzekoa » (Mesias), ala beste baten beha egon behar dugu ? » (Lk 7,19) Jesusek
ihardesten diote : « Zoazte Joanesi erraitera zer ikusi eta entzun duzuen : itsuek ikusten dute
eta mainguak badabiltza, legendunak garbi gelditzen dira eta elkorrek entzuten dute, hilak
pizten dira eta behartsueri berri ona mezutua zaiote. » (Lk 7,22) Denek hola ikusten zuten
Mesiasek eginen zuena. Naimeko alarguntsaren semearen pizteak erakusten du beraz
Mesiasen denbora jina dela eta Jesus dela « Etortzekoa » zen hura. Gainera, Lukek hemen
(12. bertsetean) « Jauna » deitzen du Jesus, lehen girixtinoek Jesus piztuari emaiten zioten
titulua.
Gertakari hunek erakusten du Jainkoa zein den ahaltsua eta samurra. Jauna biziaren
jabea da, eta guziz urrikalkorra. Alarguntsa eta haren seme hila ikustearekin Jesus zein
hunkitua izan zen erraiteko, Lukek idazten du « erraietaraino inarrosia » izan zela. Eta han zen
jendea harritua eta xoratua zagon : « Jainkoa etorri da bere herriaren salbatzera. »