Hiru forma oso desberdin hildako bat pizteko
Urteko 10. igandea C (2016-06-05)

Igande honetan entzun dugun ebanjelioaren kontakizunak, Naingo emakume alargunaren semearen piztuerak, antzeko beste mirari batzuk dakarzkigu gogora: Jairoren alabaren piztuera eta Lazarorena. Azken honekin, Joan ebanjelariak erakutsi digu piztuera eta bizia dela Jesus, eta Lazaro eta gutako nornahi, hilik ere, biziko dela Jesusi esker.
Lukasek, beraren ebanjelioan bakarrik datorren kontakizun honetan, ez du fokatu gaia modu berean. Erakutsi nahi duena, Jesusen egundoko ahalmena eta ontasuna da; eta Itun Zaharreko bi mirari-egileekin, Elias eta Eliseorekin, konparatu du. Horrela argi utzi du guztiz zuzena dela Jesusengan sinetsi eta bera salbatzailetzat hartzea.

Lehenengo forma: otoitzaren bidez eta ahaleginduz: Elias (1 Erregeak 17,17-24)

Elias profetak lehorte-aldi luzea iragarri zuen, eta berak ere jasan behar izan zituen haren ondorioak, eta Feniziako kostaldera, Sidona, lekualdatu behar izan zuen. Seme bakarra zuen emakume alargun bat onartu zuen han. Denboraldi baten buruan, zergatia esaten, haurra hil egin zen, eta amak profetagana jo zuen.
Kontakizunak Eliasen ahalmena azpimarratu nahi du, gai izan baita Jainkoak haurra piztu dezan lortzeko. Historia honek hartarainoko arrakasta izan zuen, non oso antzeko zerbait kontatu baitzen Eliseoz, Eliasen ikasleaz. Bigarren mirari hau ez zen gertatu atzerrian, Fenizian, baizik Israelgo lurraldean, Sunen-en, Naindik bi kilometrora. Hobe izango zen bigarren testu hau aukeratzea ebanjelioarekin konparatzeko, baina ez du merezi liturgialarien bizkar kexatzea.

Bigarren forma: otoitzik gabe, bai gupidaz: Jesus (Lukas 7,11-17)

Lukasen kontakizuna lehen irakurgaiarekin konparatuz, alde handiak nabari dira.

Amaren jarrera

Eliasen kasuan, kexuka eta protestaka ageri da.
Jesusen kasuan, ez dio ezer; gauza normala, ez baitu Jesus ezagutzen, ez da harekin bizi izan.

Protagonisten ekintzak

Eliasek haurra hartu, goiko gelara eraman eta ohean etzan du, Jaunari dei egin dio, hiru aldiz jarri da haurraren gainean, amari eman dio haurra.
Jesusek gupida sentitu du, hilkutxa geldiarazi du, mutikoari jaikitzeko agindu dio.
Deigarriena da Jesusek ez duela otoitz egin, ez du Jainkoari eskatu beharrik haurra pizteko, ahalmena du hura pizteko. Gupidari dagokionez, guztiz garrantzizkoa da, Eliseoren jarrerarekin konparatzen bada (pasadizo hau ez dugu irakurriko).

Mirariaren lekua

Eliasena goiko gelan gauzatu da; gauza bera gertatu da Eliseoren kasuan. Sekretu bat dago jokoan, Jainkoa eta profeta bakarrik dira lekukoak.
Lukasek jendaurrean aurkeztu du Jesusen miraria, jende asko izan da lekuko. Ikasleak eta jende asko lagun dituela iritsi da Jesus Naina. Kontrako bidean beste talde handi bat: ama bat auzokoen talde ugari bat lagun duela.
Jesusen ahalmenak lekuko asko izan du.

Jendearen erreakzioa

Eliseoren alargunak aitorpen hau egin du azkenean: Orain jabetzen naiz profeta bat zarela eta zuk jaulkitzen duzun Jaunaren hitza bete egiten dela!
Antzeko eran, Jesusen miraria ikusi duen jendetzak, oihu egin du: Profeta handi bar sortu da gure artean; Jainkoa arduratu da bere herriaz.

Hirugarren forma: bere Semea ikustera eman: Jainko Aita (Galaziarrei 1,11-19)

Bigarren irakurgaiak ez du loturarik lehenengoarekin eta ebanjelioarekin. Ez da mintzo hildako batez, baizik energiaz blai de pertsona batez, Pauloz, zeinak bere indar guztia Eliza bortizki pertsegitzen eman baitu. Alde honetatik esan genezake Paulo ere hilda dagoela. Eta piztu duena Jainko Aita izan da, bere Semea, Jesus, ikustera emanez. Ohituak gaude, «piztuera» hau zalditik erortze sonatuarekin erlazionatzen, Paulok Apostoluen Eginak liburuan dakarrenez. Paulok berak, Galaziarrei gutunean, ez dakar horrelako xehetasunik. Funtsezkora mugatu da: Jesus benetan zein den aurkitu izanaren bere esperientzia.

Konklusioa

Hiru irakurgaiek Jesus sakonkiago ezagutzen laguntzen digute eta hartara animatzen. Elias bezalako profeta handi bat baino askoz handiagoa da Jesus. Hereje bat ez bezalakoa da guztiz, Paulok konbertitu aurretik pentsatzen zuenaren kontra. Baina ezagutza hau ez da lortzen testuak irakurtzearekin eta konparatzearekin bakarrik. Jainkoak ematen duen grazia da, Paulori bezala. Eskatu beharreko grazia, Loiolako Ignaziok errepikatzen duen bezala, bere Gogo Jardunetan: «Jaunaren barneko ezagutza, hura gehiago maitatzeko eta hari jarraitzeko».

José Luis Sicre