URTEKO 10. IGANDEA (B) 2015-06-07
CORPUS

SARRERA

Gaur CORPUS eguna ospatzen dugu. Jesusen gorputz-odolen eguna. Jesus, mundura etorria; Jesus, munduan Jainkoaren ikusmoldea hitzez eta egintzez irakasten aritua; Jesus, bere bizia gure askatasunerako eman duena; Jesus, hilda gero gure artean jarraitzen duela adierazteko, bere bizitza osoaren seinaletzat, bere gorputz-odolen seinaletzat, ogia eta ardoa utzi dizkiguna.
Ogian eta ardoan, gurutzean hil zen hura aitortzen dugu; soldaduak saihetsa zulatu zionean, odola eta ura isuri zituen hura.
Aldi berean, seinale horien bidez, gu geu zer garen adierazten du Jesusek: Jesusen beraren anai-arreba garela, Jainkoaren seme-alaba garela; geure artean anai-arreba garela. Ondorioz, gure bizimoduak nolakoa izan behar duen adierazten digu: Jesus bizi izan zen bezala, besteei emanik bizi behar dugula adierazten diguna. Ogia ez da Jesusen seinalea; ogi puskatua, ogi zatitua, ogi banatua da Jesusen seinalea.
Gaur, hain juxtu, CARITAS eguna ospatzen dugu. Har ditzagun kontuan gure arteko pobreak, behartsuak. Baina gure egintza ez dadila izan, gure arteko problema handi hori axaletik konpontzeko modu bat. Jo dezagula problema handi horren hondo-hondora. Zergatik dago gaur gure artean jende pobrea? Zer egin dezaket problema hori konpontzeko?

LEHENENGO IRAKURGAIA Irteera liburutik (24,3-8)

Irteera liburuko gaurko pasarte honek Jainkoak israeldar herriarekin egin zuen adiskidetasun-ituna adierazten digu. Garai hartako ikuspegia ageri da hor, Jainkoaren eta gizadiaren arteko harremanez. Opari bat eskainiz, sakrifizio bat eginez, indartzen edo zigilatzen dute hitzarmen hori.
Aldareak Jainkoa adierazten du haien ustean. Hala, animaliak hiltzean odolaren erdia aldarera botatzen dute; horrenbestez Jainkoa herriarekin konprometitu egiten dela adierazten dute. Beste erdia herria zipriztintzeko erabiltzen dute; herria Jainkoarekin konprometitzen dela adierazten dute. Horra Itun Zaharrean, Jainkoaren eta Israel herriaren arteko adiskidetasuna adierazteko modua
Aldarearen gainera eta jendearen gainera isuritako odolak, lotura bat ezartzen du bien artean, herriaren eta Jainkoaren artean, konpromiso bat. Hitzarmen bat da. Bere izaera eskasa eta guzti, Jainkoa gizadiaz arduraturik bizi dela adierazten du horrek guztiak.
Kontuan izan dezagun, Sinai mendiko elkartasun-hitzarmen honetaz gain, beste hitzarmen asko ageri direla Biblian. Hasiera batean, Noerekin egina; beranduago, Abrahamekin egina; beranduago, gaurko irakurgaiko hau; geroago, agindutako lurraldean sartu ondoren, Sikemen egindakoa; beranduago Dabidekin; geroago, Esdrasen bitartez egindakoa.
Jainkoaren presentziaren eta arduraren seinale horiek guztiak Jesusek gaindituko ditu. Jainkoaren presentzia bete-betean eta bizi-bizi agertu digu Jesusek.
Antzinako horiek Jainkoaz duten ikuspegi erdi-faltsua galdu egingo da Jesusekin. Jesusek, animalien opariaren ordez, Eukaristia ezarriko du: animaliak ez, baizik bere burua eskainiko dio Jainkoari.

BIGARREN IRAKURGAIA Hebrearrei egindako idazkitik (9,11-15)

Hebrearrei egindako idazki honen autoreak esaten du, Kristo dela egiazko apaiza, Jainkoari benetako eskaintza egin diona. Itun Zaharreko kultuari kontrajartzen zaio Kristoren kultua.
Antzinakoek, bekatu egin zutelako, Jainkoari bekatuaren ordaina eman beharra sentitu ohi zuten. Eta zer ordain hoberik? Odola eskaintzen diote Jainkoari; animalien odola.
Kristok, aldiz, bere burua eskaini dio Aitari. Horixe da sakrifizioaren hondo-hondoko esanahia. Eta gaurko lehen irakurgaian ageri den oparian ez bezala, behin betiko ondasunen apaiza da Kristo. Kristok ez du ospatu oparia kanpadenda batean, israeldarrek basamortuan bezala, baizik eta bera da eskaintza egiten duena, apaiza alegia; bere burua da eskaintzen duen gaia ere; bere gorputza du eskaintzeko tokia ere. Jesus bera da, bai apaiza, bai opari-gaia, bai opari-lekua. Kristok bere oparian gure kanpoaldea ez ezik, gure barrua ere garbitzen du.
Kristoren araberako sakrifizioa, nork bere burua eskaintzea da munduaren onerako

EBANJELIOA San Markosen liburutik (14,12-16.22-26)

Itun Zaharreko adiskidetasunaren hitzarmen edo itunean animaliak ziren opari-gai. Animaliak eskaintzen ziren. Eukaristian besterik da: anai-arreba arteko otordua da; Jesusen bizitza osoaren oroitzapena da, ogi-ardoen irudipean gauzatua. Jesusen heriotza ez da berrerospen bat, ez da Jainkoari zerbait ordaintzea, guk egindako bekatuaren ordainetan. Hori, Itun Zaharreko ikuspegia da. Jainkoak ez digu eskatzen egin diogun gaitz bat ordaintzeko. Jesusek hau egin du gurutzeko heriotzan: zer garen agertu digu, zein balio dugun, berak bere burua eskaini baitu gu jatorrizko duintasunera itzultzeko. Azken batean, askapen-oparia da Jesusena.
Bestetik, kontuan har dezagun nola ospatu zuen Jesusek azken afaria. Juduen artean ohikoak ziren errituen bidez erakutsi zigun bere maitasuna. Otordukoan, mahaiburuak bedeinkatzen eta puskatzen zuen ogia eta puska bana ematen mahaikideei. Gauza bera egiten zuen ardoarekin. Guztiek jan-edateaz gain, gauza handi bat adierazten zuten: guztiek hartzen zutela bedeinkazioa. Bedeinkazio horrekin esan nahi zuten, batetik, guztiak lotzen zirela Jainkoarekin; bestetik, guztiak lotzen zirela bata bestearekin.
Eukaristian hartzen dugun bedeinkazioak konpromiso handia sortzen du guztiongan eta bakoitzarengan. Hala al da gure artean?

HERRIAREN OTOITZA

1.-Kristau guztien alde: Eukaristian, ager dezagula kristauen batzarra ospatzen dugula, geure fedea, batasuna eta konpromisoa ospatuz. Eska diezaiogun Jaunari.

2.-Kristau izeneko Eliza guztien alde: Eukaristian, ager dezagula gainerakoentzat ogi eta ardo izan nahi dugula. Eska diezaiogun Jaunari.

3.-Kristau guztien alde: Eukaristian, hitza entzuteak eta ogia zatitzeak eraman gaitzatela behartsuenei laguntzera. Eska diezaiogun Jaunari.

4.-Kristau guztien alde: Eukaristiak eraman gaitzala, benetan gogoan hartzera goseak hiltzen ari direnak. Eska diezaiogun Jaunari.