TRINITATE SAINDUAREN BESTA A

Lehen irakurgaia

( Bihozbera eta urrikalkorra den Jainkoak bere burua agertzen )

Jalgitza liburutik 34, 4-6 ; 8-9

4 Mois, goizean goiz jeikirik, Zinai mendirat igan zen,
Jaunak manatu zion bezala.
5 Jauna hedoian jautsi zen eta haren ondoan gelditu.
Moisek Jaunaren izenari dei egin zion.
6 Jaunak, haren aitzinetik iragaitean,oihu egin zuen:
“ Ni, Jahve, Jauna,
Jaungoiko urrikaltsu eta bihozbera,
hasarrerako nagia, urrikalmenduz aberatsa eta leiala.”
8 Mois berehala lurrerat ukurturik, ahuspez eman zen, erranez:
9 “ Jauna, atsegin banauzu,
ibil zaite, otoi, gure artean.
Herri hau buru gogorra da: barka gure gaixtakeriak eta bekatuak,
eta har gaitzazu zuretzat.

Harritzekoa da nola egungo irakurgaiak ez duen deusik erraiten Trinitate Sainduaz. Alta
testo hau gizarte osoaren ixtorioan baliosena ditake. Erran nezake: « Zoriontsuak, lerro hauek
entzun dituzten beharriak! » Jainkoak berak Moisi aitortzen du nor den. Testo hunen indarra da
Jainkoa agerraraztea alde batetik arras bertzelakoa eta bertzetik hain hurbila. Jainkoak aitortzen
duena, eta Harek bakarrik egiten ahal zuena : Jainko urrikaltsu eta bihozbera dela. Aitorpen hau
egin zen denboretan, ezin sinetsia zen.
Alabainan Jalgitza liburuko 34. kapituluan bakarrik agertzen da herriaren esperientzia luze
baten ondotik. 3. kapituluan, sasi baten erditik, gar bat ikusi zuen Moisek, ziola : « Bai badakit
Izraelen oinazeen berri… haren librazera etorriko naiz. » Eta Izrael libratu zuen, Egiptotik ateratu,
basamortuko atsegabe guzietan lagundu. Jainkoak libratu jendeak Jainkoaren errana entzuteko prest
ziren, ezin sinetsizko errana: Jaungoiko urrikaltsu eta bihozbera. Eta beha dezagun, nola hitz bera
aurkitzen dugun hemen « Jaunak, haren aitzinetik iragaitean… » eta Jalgitza liburuan, Egiptotik
ateratzean: « Egipto osoan barna iraganen naiz. » Jaungoikoa iragaitean, beti jendea libratzeko da.
Bigarren iragaite hau, lehena baino garrantzitsuagoa da.
Moisek bere baitan egin zuen: herri hau buru gogorra da, bainan Zu Jauna urrikaltsu eta
bihozbera bazira, beti barkatuko duzu eta guk egin ahalak eginen ditugu maitatzeko, gure ahalak
arras ahulak izanik ere. « Herri hau buru gogorra da: barka gure gaixtakeriak eta bekatuak eta har
gaitzazu zuretzat.» Geroztik, erran hau Izraelgo otoitz guzietan ikusten da, bereziki salmoetan, hala
nola 78. salmoan, « Jainkoak halere, urrikaldurik, hobena barkatzen zioten, eta ez hondatzen. Maiz
haserreari nagusitu, eta bere sumina ixilarazten zuen, oroitzen baitzen jende huts zirela, berriz
etortzerik ez duen haizea bezala.» Eta 86. salmoan: « Jainko bihozbera eta urrikalkorra, beranthaserre, onginahiz eta leialtasunez betea. » 103. salmoan: « Bihozbera eta urrikalkorra da Jauna,
berant-haserre eta maitasunez betea. Ez da beti erasiaka aritzen, ez du aihergorik betikotz
atxikitzen. Ez gaitu erabiltzen gure bekatuek merezi bezala, ez dauku ordaintzen gure hutsen
arabera. Zerua lurretik gora den bezain handia, Jainkoaren maitasuna haren errespetua
dutenentzat. Eguzkialdea mendebaldetik urrun, gutarik berdin urrun ezartzen ditu gure hobenak.
Aita bere seme-alabentzat urrikalkor, berdin urrikalkor Jauna. » Ez da beraz erraiten ahal
Testamendu Zaharrak ez zuela maitasunezko Jainkoa aurkitu.
Bihozbera hitza hainbestetan errana den hitza! Izraelgo ixtorio guzian, hitz hori erabilia da,
esperantzaren zutabe! Jainkoaren barkamendua Izraelek hainbertzetan gozatu du! Guk ere ez
dezagun ahantz Jainkoa urrikalkor eta bihozbera dela.

Kantika Dan. 3

Leloa: Zoin aipagarri, zoin goresgarri mendez mende!

On eta saindu zu gure aiten Jainko Jauna:
Zoin aipagarri, zoin goresgarri mendez mende!
On eta saindu, zuk bai ospea, bai izena:
Zoin aipagarri, zoin goresgarri, mendez mende!
On eta saindu, zu gain hartako tenplo hartan:
Zoin aipagarri, zoin goresgarri, mendez mende!
On eta saindu, zu sekulako erresuman:
Zoin aipagarri, zoin goresgarri mendez mende!
On eta saindu, zu zerutik so, leizez leize:
Zoin aipagarri, zoin goresgarri, mendez mende!
On eta saindu, zeru gain hartan Jaun baitzaude:
Zoin aipagarri, zoin goresgarri, mendez mende!

Danielen liburu hunek (J.K. aitzineko 2. mendekoa, grekoen menpean idatzia)
alegiazko Daniel baten ixtorioa aipu du. Fede haundiko gaztea, eta fedearen bitartez, eraso eta
herstura guziak menperatu zituena. Liburuaren axala, Babilonez mintzo da, 6. mendeko
Nabukodonosor erregearen zapalkuntzaz. Bainan Antiokus Epifanez dela mintzo denek ulertzen
zuten. Beraz Nabukodonosoren urrezko itxura bat ez adoratzeagatik, hiru gazte labe gorritu batera
botatuak izan ziren. Gazte horien fedea haundizki agertzen da: « Nabukodonosorek labea ohi zen
baino zazpitan gehiago berotzeko manatu zuen. Bere gudaririk indartsueneri manatu zioten
Xadrak, Mexak eta Abed-Nego estekatzeko eta labeko su bizirat botatzeko. Eta estekaturik, beren
jantzi eta guziekin, galtza, soingaineko eta burukoekin, labeko su bizirat bota zituzten. » (Dan 3,19-
23)
Lehen mirakuilua: labe berotura botatuak dira, eta ez dira heiek erretzen bainan bai heien
zapatzaileak: « Erregearen manu zorrotzaren arabera labea gorritua baitzuten, Xadrak, Mexak eta
Abed-Negoren botatzeko laberat hurbildu ziren gudariak berak suak hil zituen. »
Bigarren mirakuilua: osoki estekatuak izanik ere, suaren erdian badabiltza, Jainkoaren
laudorioa kantatuz. Bainan, oroz gainetik, egiazko beren barneko etsamina egiten dute, beren
herriaren izenean, urrikizko lekukotasun eder batean. Idazleak hortarat gomitatzen ditu irakurleak :
« Benedikatua eta goretsia zu, Jauna, gure arbasoen Jainkoa! Ospe zuri menderen mendetan!
Zuzena zira egin duzun guzian, zuzenak zure jokabide eta egintzak, bidezkoak zure jujamenduak.
Zuzenak izan dira zure erabakiak…Merezi ginuen gure bekatuen gatik, zeren bekatu egin baitugu
eta gaizki jokatu, zureganik urrunduz. Bai guziz bekatari gira, ez baitugu zure manamendueri
obeditu… Bainan zirena zirelakotz, ez gaitzazula betiko utz, ez hauts gurekin egina duzun elkargoa.
Abraham zeure adiskideagatik, Isaak zeure zerbitzariagatik, Jakob zeure herri sainduaren
aitarengatik. Ez urrunt gureganik zeure urrikalmendua … ahalgez gorri bite zure zerbitzari hauen
kaltetan ari direnak! … Jakin bezate zu zirela Jaun eta Jainko bakarra, zure ospea mundu osorat
zabaltzen dela. »
Segida ezaguna da: sua azkartuago eta zapatzaile gehiago hiltzen da! Eta gure hiru gazteak
hor dabiltza suan, iduri leku fresko batean! Eta hortik ateratzen da kantu ederrena, egun kantatzen
duguna: « On eta saindu zu gure aiten Jainko Jauna ». Urrikizko otoitzaren ondotik errana,
Jainkoaren elkargoa du aipatzen : « Abraham zeure adiskidea, Isaak zeure zerbitzaria, Jakob zeure
saindua, heiei hitzeman zinioten zeruko izarrak bezala ugarituko zinizkiotela ondokoak. »
Hitzemanak eta eguneroko Elkargoa dira oroitarazten: Abraham, Isaak eta Jakoben eske
luzea, Jalgitza luzea Moisekin, herriaren ikasaldi luzea munduaren erdian bere lekukotasuna
emaiteko.. Eta bidean zehar, ainitz izan dira bekatuak, eta Jainkoa beti eta beti urrikalkor izan da.
« On eta saindu zuk bai ospea, bai izena »: Jainkoaren izena, Jainkoa bera da. « On eta saindu zu
gain hartako tenplo hartan »: lerro hau bere ixtorioan ezarri behar da. Jerusalemen, Antiokus
Epifanoren erregetzan, bere burua Jainkotzat zaukanean, on eta garrantzitsua zen errepikatzea
Jainkoa Jainko dela, tenploa sagratua dela Jaunaren ospea han izaiteagatik.

Bigarren irakurgaia

( Trinitate Sainduaren maitasunean )

Jondoni Paulok Korintiarreri 2 Ko 13, 11-13

11 Haurrideak,
bozkaria zaitezte, on baino hobeak izaitera lehia, elkar susta.
Izan gogo bereko, bizi bakean,
eta maitasunaren eta bakearen Jainkoa zuekin izanen duzue.
12 Agur zazue elkar besarkada sainduaz.
Fededun guziek goraintziak zueri.
13 Jesu Kristo gure Jaunaren grazia,
Jainkoaren maitasuna
eta Izpiritu Sainduaren batasuna
izan bedi zuekin guziekin.

“Jesu Kristo gure Jaunaren grazia, Jainkoaren maitasuna eta Izpiritu Sainduaren batasuna
izan bedi zuekin guziekin.” Gure liturgiako ospakizunak hitz horiekin hasten ditugu. Hitz horiek
dena erraiten dute. Eta ez da mirakuilu, hor baita bildurik Jainkoak gizartearentzat daukan asmoa,
xedea : gutarik bakotxa sarraraztea Trinitate Sainduaren amodiozko suan!
“Grazia”, “Maitasuna”, “Batasuna” hiru hitz horiek gauza bera dira. Aita, Semea eta Izpiritu
Saindua: Trinitatea! Hiru presunetaz hoin garbiki mintzo den lehen testua da. Testamendu
Zaharrean nehon ez dira aipu eta Testamendu Berrian ere guti. Hor ikusten da Jesu Kristo baitan
dela Jainkoa bere betean agertzen.
“Bozkaria zaitezte.” Testamendu Zaharrean ” bozkarioa” aipatzen delarik beti librantza
baten ondotik sortu sendimendua da. “Poz bizia sortu diezu, alaitasun handia eman…hautsi baituzu
lepoan zeramaten uztarri pizua.” (Is 9, 13). Bainan librantza horiek deus guti dira gizarteari
hitzemana zitzaioten librantza handiaren aldean. ” Jaunak dio: Hara, zeru-lur berriak sortuko ditut.
Lehengoaz ez da nehor oroituko…Azkenik gabeko poza eta alaitasuna izanen duzue…” (Is 65,17-18)
Jesusek “bozkarioa” aipatzen duelarik bertze munduko bozkarioaz da mintzo :”Munduan
izanen duzue atsegabe;bainan gora bihotzak mundua garaitua dut.” (Jn 16,33) eta ere : “Hau guzia
erran dauzuet nere bozkarioa zuen baitan izan dezazuen, eta bozkario hori bete betea izan dadin.”
(Jn 15,11). “Zuek ere atsegabean zirezte orai, bainan berriz ikusiko zaituztet,eta bozkariatuko
zirezte, eta zuen bozkarioa nehork ez dauzue kenduko.” (Jn 16,22)
“Izan gogo bereko” diote ere galdatzen Paulok Korintiarreri. Jesusek bere Aitari egin
otoitzean ere ez zuena eskatzen: ” Bat izan ditela munduak sinets dezan…” Orai mezetan, askotan,
apezak gomitatzen ditu jendeak elgarri bakearen emaitera. Usaia ederra da, erranahi handiko jestua,
jendeak maite duena, eta erakusten duena garbiki, zenbat, gure miseria guzien gainetik, bertzekilako
lokarri hortaz egarri giren.

Ebanjelioa

Alleluia, alleluia

Ospe Aitari, Semeari, bai Izpiritu Sainduari!

Orai den eta betidanik zen Jainkoari,
Bai eta berriz etorri behar zaikunari!

Jesu Kristoren Ebanjelioa jondoni Joaniren liburutik 3,16-18

16 Jainkoak hain maite izan du mundua,
non bere Seme bakarra eman baitu,
haren baitan sinesten duenik ez dadin gal,
bainan betiereko bizia izan dezan.
17 Zeren Jainkoak ez baitu bere Semea mundurat igorri
munduaren kondenatzeko,
bainan bai, haren bitartez munduaren salbatzeko.
18 Haren baitan sinesten duena ez da kondenatua,
sinesten ez duena, berriz, jadanik kondenatua da,
Jainkoaren Seme bakarraren izenean ez baitu sinetsi.

Azken aste hauetan, Jesusek bere dizipulueri egin zieten joan aintzineko agurrak irakurri
ditugu. Haren testamendu bezala. Egun aldiz, Jondoni Joaniren ebanjelioaren hastapenean gira,
Nikodemorekin duen solasaldian. Salbamendua arras hurbil dugu, eta guk pentsatu baino
hurbilago, dio Jesusek. « Zeren Jainkoak ez baitu bere Semea mundurat igorri munduaren
kondenatzeko, bainan bai haren bitartez munduaren salbatzeko. » Eta ongi konpreniarazteko,
Testamendu Zaharreko bi testo hartzen ditu Jesusek : brontzezko sugearena eta Zakariasen profezia
bat.
Egungo irakurgaiaren aitzinean den zati bat oroitarazten du lehenik : Jalgitzak kondatzen du
Zinaiko basomortuan izan zen gertakaria brontzezko sugearekin. Suge pozointsuak, uholde baten
pare, etorri ziren; ohidura zen bezala ordu heietan, suge baten itxura haga baten puntan ezartzen
zen. Jainkoak manaturik, Moisek hola egin zuen (sorginkeria izanagatik fedezko ekintza bilakatzen
zuela). Zenbakien liburuak dio: « Harek erran zion: « Egizu brontzezko suge bat eta ezarrazu haga
baten muturrean. Suge batek ausiki edozein, brontzezkoari behatuz,( erran nahi baita, Jainkoa baitan
emanez bere fidantzia) sendatuko da. » (Zen 21,8)
Jesusek erraiten dio Nikodemori: « Eta Moisek basamortuan brontzezko sugea hagan
altxatu zuen bezala, Gizonaren Semeak ere altxatua izan behar du, haren baitan sinesten duten
guziek betiereko bizia ukan dezaten. » Horrek erran nahi baitu salbamendua (Jondoni Joanik
betiereko bizia deitzen duena) Kristoren baitan dugun fidantziaren araberakoa dela. Eta hemen
hasten da egungo irakurgaia: « Jainkoak hain maite izan du mundua, non bere Seme bakarra eman
baitu »: salbatua izaiteko, Hari diogu behatzen. Zakariasen profezia batek, salbamendua eta
Jerusalemen bihozberritzea agintzen duen batez, Jainkoak dio : “ Dabiden etxearen gainerat eta
Jerusalemgo bizilagunen gainerat bihotz-damua eta otoitz-izpiritua ixuriko ditut. Neri, zilatu
dutenari, behatuko dautate. Dolua eginen dute seme bakarrarentzat bezala, nigar samina lehensemearentzat egin ohi den bezala…Egun hartan iturri bat sortuko da Dabiden ondokoen eta
Jerusalemgo bizilagunen bekatua eta kutsadura garbitzeko.” (Zak 12,10) Jondoni Joanik ez du
Zakariasen profezia hau hemen aipatzen (gero eginen du, Pasioneko egun heietan, Jesus hil
ondoan), bainan egungo irakurgaia Zakariasen erranaz betea da.
Jondoni Joanirentzat, Zakariasen profezia argi bat da. Jesusek egin salbamenduari pentsatuz,
profezia hau du gogoan. Apokalipsa Liburuan dio: « Hara, hodei artean dator! Guziek ikusiko dute,
zilatu dutenek ere, eta lurreko arraza guziak doluan izanen dira harengatik .» (Ap 1,7) Zertako?
Kurutzefikatu dutenaren aurpegian, bere bizia nahitarat emaiten duenaren aurpegian, gizadiak
Jainkoaren aurpegi urrikalkor eta maitasunez betea du aurkitzen eta ez nagusi eta mendekioz beteko
Jainkoa, maizegi asmatzen duguna, « Ni ikusi nauenak Aita ikusten du » dio Jesusek Jondoni
Joaniren ebanjelio berean.
Galdetua zaukun gauza bakarra, Jainko salbatzailearen baitan fededun izaitea.
Konfiantxarekin Jesuseri behatzea aski zauku salbatua izaiteko. Hainbertzetan ez ote dugu ikusi
Jesus norbait salbatzen erranez: « Zeure fedeak zaitu salbatu. »
Fede horrek sinestea galdetzen du. Jondoni Paulok burua eta menbroen itxura erabiltzen du.
« Seme bakarra » errana dena hola dugu hobeki ulertzen: « Jainkoak hain maite izan du mundua,
non bere Seme bakarra eman baitu. » Bere ebanjelioaren hastapenean, Jondoni Joanik zion: « eta
Hitza gizon egin da, eta gure artean bizi izan da. Ikusi dugu haren Jainko-aintza, maitasun eta
egiaz betea den Seme bakar gisa Aitarenganik daukan aintza. » (Jn 1,14) . Bakarra da, maitasun eta
egiaren betea baita; bakarra da ere, Zakariasen arabera, betiko biziaren iturria baita; Harenganat
begiak altxatzea aski zauku salbatuak izaiteko; bakarra da gizadi berriaren buru baita. Jondoni
Paulok dion bezala, Jainkoaren xedea, gizadi osoa Jesusen baitan izaitea da eta Trinitate Sainduaren
amodiozko ospean sartzea. Salbatuak edo betiko bizia deitzen duena ez da bertze bizi bat, lur
huntako biziaren ondotik, bainan hemengo biziaren neurri berri bat. Jondoni Joanik dio: « eta
betiereko bizia huntan da: ezagut zaitzaten zu, egiazko Jainko bakarra, eta zuk igorri duzun Jesus
Mesias. »
« Ez da kondenatua » : horrek erran nahi du aski zaukula Jainkoa urrikalkorra dela sinestea.
Adibidez, eman dezagun norbait laidoztatu dutala; barkatzen ahal nauela sinesten badut, laster
joanen naiz haren ikusterat eta baketzerat; bainan barkamendua ez duela emanen uste badut,
urrikiaren pisuarekin egonen naiz, ene bekatua gogoan atxikiz beti. Bainan aski dut Jainkoaren
barkamenduan sinestea barkamendua ukaiteko.
Beraz, salbatuak izaiteko, aski dugu sinestea. Alabainan ez gira gogo kontra salbatuak
izanen. Libre gira ez sinestera; ondorioz, gure burua guhaurek kondenatzen dugu: « Sinesten ez
duena, berriz, jadanik kondenatua da, Jainkoaren Seme bakarraren izenean ez baitu sinetsi. »
Bainan, « Haren baitan sinesten duena ez da kondenatua. » Jesus kurutzefikatuaren ondoan zen
gaixtaginak ez zuen bertzerik egin: bere bizian ez zuen beharbada deus onik egin, bainan zauritu eta
kurutzefikatua zenari behatu zion, galdetuz : « Orroit zaite nitaz », eta denek igurikatzen dugun
erantzuna ukan zuen: « Gaur nerekin izanen zira parabisuan. »