JAUNAREN AFARIA (Corpus Christi)
Urteko 10. igandea B (2015-06-07)

Ikerketa soziologikoek ezin ukatuzko datuz nabarmentzen dute: mendebaldeko gure elizetako kristauak alde batera uzten ari dira igandeko meza. Ospakizun hori, mendetan barna moldatuz joan den eran, ez da gai haien fedea elikatzeko, ezta Jesusen elkartearekin lotura egiteko ere.

Hau da, ordea, gauzarik harrigarriena: meza «galtzen» uzten ari garela eta gertaera horrek ez duela sorrarazten gure artean inolako erreakziorik. Halere, ez ote da eukaristia kristau-bizitzaren bihotza? Nolatan geldi gintezke planto eginik, ezeri ekiteko kemenik gabe? Nolatan dago hierarkia hain isil, hain geldi? Nolatan ez dugu fededunok geure kezka agertzen indar eta samin handiagoz?

Mezarekiko berotasun-falta handituz doa, baita hartan erantzukizunez eta duda-mudarik gabe parte hartzen jarraitzen dutenen artean ere. Gutxiengo hauen ereduzko leialtasuna da kristau-elkarteei eusten diena; baina mezak bizirik jarraitu ote lezake, gaur egungo erritua betetzea segurtatzen duten neurri babesle batzuk direla medio?

Saihestu ezinekoak dira galderak: ez ote du behar Elizak bere bihotzean, egungo liturgiak eskaintzen diona baino Jaunaren afariaren esperientzia biziago eta haragituago bat? Hain seguru ote gara ondo egiten ari garela Jesusek bere oroigarri guk egitea nahi zuen hura?

Hainbat mendetarik hona errepikatzen ari garen liturgia hori ote da gaur egungo fededunei hobekien lagundu diezaiekeena afari gogoangarri hartan Jesusek egin zuen hura egiten? Hartan mamitzen, laburbiltzen eta agertzen baita nola eta zertako bizi eta hil zen Jesus. Meza hori ote da gehienik erakar gaitzakeena Jesusen ikasle bezala bizitzera, Aitaren erreinuarekiko Jesusek izan zuen egitasmoaren zerbitzari izatera?

Badirudi, dena dagoela gaur meza eraberritzearen kontra. Halaz guztiz, gero eta premiazkoagoa izango da eraberritze hori, Elizak Jesusekin bizi-harremanak izanez bizi nahi badu. Luzea izango da bidea. Eraldatzea daitekeen gauza izango da, Elizak indar handiagoz sentituko duenean hau: Jesusez oroitu beharra eta haren Espirituaren arabera bizi beharra. Horregatik, gaur ere erantzukizun handiagoz jokatzea izango da: ez, meza alde batera uztea, baizik Jesu Kristogan bihotz-berritzera eraginez bizitzea.

Jose Antonio Pagola